Eskaera abian da: Euskal Herriko Joeren zerrenda (TT) nahi dugu

Euskal-Herriko-TT-

Twitterren euskaratzeak animatuta, abuztuan argitaratu nuen ideia: Euskal Herri mailako Joeren zerrenda (TT) nahi dugu geure Twitterrean (Jatorrizkoa: Euskal Herriko Trending Topic zerrenda). Ideia hori gauzatzeko tresna gisa, Act.ly bitartez sinadura bilketa jarri da abian. Eskaera Dickc Costolo Twitterreko CEOari dago zuzendua, aurrez Lander Arbelaitzek Twitter euskaratzerako orduan egin bezala.

Laburbilduz, zertarako behar dugu Euskal Herriko Trending Topic zerrenda?

  • Euskal Herriko hizketagaiek presentzia nabarmenagoa izateko hemengo erabiltzaileen artean, beste zerrendetan disolbatu gabe.
  • Hedabide tradizionalek Trending Topic zerrendak aintzat hartzen dituzte, gero eta gehiago. Guk komunikabideen esparruan ere eragina izan nahi dugu.
  • Euskarazko komunitatearen prestigioa areagotzeko eta esparru teknologikoan erderen artean ikusgarri izateko.

Ideiarekin ados bazaude, hemen klik eginda gehitu dezakezu zure izena eskaeran: “We would like to have Basque Country’s Trending Topic”.

Lehenbizi gehiago jakin nahi baduzu hemen duzu artikulu mamitsuagoa.

Tokian-tokikoa, munduan

Inoiz ezagutuko ez genukeen jendearen berri izateko balio du Twitterrek, baina baita herrikoen artean komunikatzeko ere. Horregatik, Joeren zerrenda hurbilagoa ez da geuretik aterako den proposamen isolatua. Oraindik ez dute erabat martxan jarri tokian-tokiko beharrei erantzuteko tresneria, baina unea heltzear da.  Think globally, act locally ikuspegian modu eraginkorrean txertatu daitekeen tresna da Twitter. 140 karakteretan idatzia pantailatik haratago doa. Komunitateak lotzeko balio du. Zein da zugandik hurbilen sentitzen duzuna?

Zalantzarik ez dut bideari helduko diotela, tokian-tokikoa bultzatzeari. Berandu baino lehen, Euskal Herriko hiri handienak, Bilbok, izango du bere Joeren zerrenda, Madrilek edo Glasgow-ek duten bezala. Hiri guztiek izango dute berea, nazioek, erkidegoek, auzoek ere bai. Oro har, interes komunak dituzten komunitateek mereziko dute esparru propio bat. Ez da erraza izango estaturik gabeko herri batek bere Joeren zerrenda (TT) izatea. Gure aurretik ilaran daude oraindik, adibidez, Belgika edo Suitza. Txanda eskatu beharko dugu ba guk ere!

Twitter euskaratzen erakutsi dugu bagarela, euskararen herria existitzen dela. Bagaude Wikipedian, bagaude Googlen, bagaude Microsoft Officen, bagaude Mozilla Firefoxen, bagaude Facebooken… Umapen arabera, 15.000 gara Twitterren. 2013 urterako “.eus” domeinua izango dugu. Sinistu dezagun geuk eta sinestarazi diezaiegun; BAGARA. Interneten ez dugu muga zurrunik, izan nahi duguna izango gara. Zergatik egin behar diote uko Euskal Herriko Joeren zerrendari?

Gure iritziak, informazioak, eztabaidak, esperientziak, eta, zergatik ez, lelokeriak, ikusgarri egin nahi ditugu. Horretarako, lehenbiziko urrats txiki gisa, zuk ere eskaini diezaiokezu babesa Euskal Herriko Joeren zerrendari.

Euskal Herria, euskara, trending topic, Twitter
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude