Ertzaintza eta polizien labelaz

cc-by:ukberri_net
cc-by:ukberri_net

Asko dute hitz egiteko. Aresek aurreratutakoaren arabera,  Ertzaintzaren lehentasuna da ETAren aurkako borroka agintaldi honetan. Talde berezi baten sorrera ere aipatu du, eta horretarako behar den Espainiako gainerako poliziekiko koordinazioa. Baina eta Frantziakoekin?

Bi gizonen agendan ez dago Ertzaintza Schenguengo akordioen barnean sartzeari buruz hitz egiterik. Horixe da elkarrizketatik kanpo utzi duten gaia. Baina ez da konprenitzeko modukoa, baldin eta sakonerako bilera dela gaurkoa erakutsi nahi badute. Nola egingo dute antiterrorismoaz serio hitz egiteko gai hori ukitu gabe?

Ertzaintza bada ala ez da polizia integrala? Ala emaitzak eta ondorioak eskatzen zaizkionean, deskontu bat onartu beharko zaio ezin duelako Europolekin batera ibili?

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, ohikoa da gendarmeak eta Espainiako poliziak eskutik ikustea. Lortu zuten hori ere. Baina ematen du Ertzaintzarekin ez dela egon horretarako moduko konfiantzarik.

Ikuspegi batetik, Ares harrapatuta dago bilera honekin. Ertzaintzaren europartu beharraz ez bada mintzatzen, emango du onartu egiten duela berak zuzentzen duen polizia ez dela osoa. Sozialistek behin eta berriz esan dute Ertzaintzak azkeneraino pertsekatu behar duela ETA. Zergatik ez, orduan, azken muturreraino eraman eskakizuna eta Ertzaintza beste polizien alturan jarri?

Aldiz, gaia ateratzen badute mahai gainera, bi gauza gerta daitezke: Ertzaintzaren osotasuna onartzea edo ez onartzea.

Onartzen ez badute emango du logikarik ez dagoela sozialisten artean. Bi gobernuetakoak kolore berekoak izanik, ez dirudi logikoa denik batzuk Ertzaintza polizia integrala izatearen alde egotea eta besteak ez. Auskalo nola arrazoitzen duten erabaki hori.

Eta Ertzaintza polizia integrala dela onartzen badute, edo hori lortzea dela egin beharreko bidea, adieraziko du sozialistek ez badute Madrildik orain arte horrelakorik bultzatu, Ertzaintza jeltzaleen eskuetan egon delako izan dela. Soilik eurek agintzen dutenean aitzinatu ahal direla halako kontuak.

Batera, zein bestera, nahiz hirugarrenera, ematen du Ertzaintzak berak eta berez ez duela polizia osoaren labelik merezi. Hori, unean uneko agintarien esku baizik ez dagoela. Kapritxo hutsera, alegia.

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.