Errua eta maitasuna

http://alteretaego.wordpress.com

 

Musika eta ahotsa: Jenri Mendex.

(Kantua entzuteko sakatu hemen: Errua eta maitasuna)

72_erretratua

Argazkia: Erretratua
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840px (3:2)
Sortze data: 2012/12/27
Latitudea: 43º 25,661´ N
Longitudea: 2º 48,569´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 105mm
Irekidura: f4,0
Esposizio denbora: 1/250?
Sentikortasun eskala: 640 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Neguaren arratsean
akabuaren atzean,
argiak ere alde egin du koldarren antzean.
Lorak ustel baratzean,
izarak huts ohantzean…
oroitzapenak baino ez ditut nahi aurrerantzean.

Maitasuna ta errua,
letoia eta larrua,
maleta zaharra dut bidelagun ta ez amorrua.
Hutsik du bere barrua,
isila bere orrua:
argazki batzuk, koadernoren bat
eta deabrua.

Iraganaren amua
hazten doan aramua,
bere sarean harrapaturik lotu da mamua.
Lagun ditu kardamua
eta nire hiltamua:
inoiz bidali gabeko gutun batzuen damua.

Idazkera bai ederra,
hausnarketaren maizterra,
ez bidaltzeko erabakia izan zen okerra.
Urtu zaigu iceberga,
izotza bihurtuz herra:
esan ez nizun hark piztu zuen gure arteko gerra.

Hitzek esan ez zutena,
bihotzek galdu dutena…
erruan itzal luze, meheak estali du dena.
Barruko mina ta pena,
hil arterako kondena,
zeuri begira arindu nahi dut  lardastu nuena.

Hain zaude eder, laztana,
perla eta portzelana:
adindu arren ez duzu galdu begien otzana.
Zure ezpainen lubana,
ekaitzaldian olana…
Bere sasoian eman bagenu biok apur bana!

Ez dut beste ezer behar
-igual, hiruzpalau negar-
erretratuak zure izana neuregana dakar.
Soka tenkatu dugu lar,
ia-ia apurtzear,
behintzat honela iraganean biziko naiz bihar.

Esan ez denan itzala,
inoiz jaurti ez den bala:
hilgarriena hori omen da herdoiltzen den ahala.
Jakizu, ohi ez bezala,
ozen kanta nahi dudala
barruan dudan samin guztiaz maite zaitudala.

Ego dixi.