San Ortodoxoa

zaldieroa[OHARRA: Igandeko Ni naiz zure aita-n saindu bat kanpo gelditu zitzaidan, publikatu ez publikatu ibili ondoan. Azkenean, eta merezi ez ditugun zartakoak ere jasotzea gogaikarria delako, testua hona ekarri dut. Euskara normalizatuan idatzia dago, aldez aurretik barkamena eskatzen dut. Irudia nire kabuz hartu dut, Zaldi Eroari baimenik eskatu gabe: erran nahi baita beheitiko iritzia nirea dela, eta ez nahitaez Patxi Huarterena -badaezpada diot-]

Behin, Cambridge-n nintzela, super-heroiei buruzko liburu bat erosi nuen (Deconstructing the hero ote?); egileak, Derrida, Barthes eta Foucault aipatu ondoren, ondorioztatzen zuen haurrek hobe dutela betiko ipuinak irakurri, film bortitzak –Rambo, Terminator– ikusi baino. Tira, igual gaizki ari naiz laburbiltzen liburu haren funtsa, baina bere garaian iduritu zitzaidan Iruñetik Gasteiza Vladivostoken barna joatea bezala zela: idazleak gehiegizko aparatu kritikoa erabilia zuela ondorio pobre samarrera ailegatzeko. I could have told you that myself, pentsatu nuen, eta te bat eskatu nuen nire britishness-a ospatzeko.

Joana Arkokoaren armada sainduaren begirada zorrotzaren pean zinurriak bezala mugitzen diren baskoen artean anabasa handia omen da, eta San Ortodoxoa etorri da azaltzera guzi-guziak gaizki ari direla. Basko gizajoek uste dute kritikoak, heterodoxoak eta independenteak direla, baina, ez: endogenoak, nartzisistak eta mono-kulturalak dira. Eta, lore-sorta hori justifikatzeko, Edward Said-en eta Gayatri Spivak-en eta teoria post-kolonialaren aipuak. Cambridgeko liburu hura gogoan, orain egin beharreko ibilbiderako energia gehiegi gastatzen duen trena (Castejondik Iruñera, AHTn) hartu izanaren irudipena izan dut, zeren xenofoboa eta petty-nazionalista [sic] naizela jakiteko aski bainuen Fernando Savaterren artikuluak El País-en irakurtzea.

Eta pena da, San Ortodoxoak bere artikuluan dioen gauza anitzekin ados bainago, baina, zer nahi duzue erratea, nekagarria da nork eta bere burua bide zuzenaren popetzat duenak bertzeei leporatzea narrazio bakarra inposatu nahi dutela. Baina horiek, segur aski, ortodoxiaren aporiak dira.

San Ortodoxoa

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.