Euskaraz Bizi Eguna: apirilak 5, Gasteiz

EBE2014_nagusiA4web

Herri euskaldunaren hiriburu zein euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho bilakatu nahi dugu Gasteiz heldu den apirilaren 5ean. Aurten bosgarrenez antolatu dugun Euskaraz Bizi Egunak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea. Gernikatik, Donostiatik eta Agoitzetik pasa ostean, Gasteizera iritsi da ‘Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!’ lelopean jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoa.

Hirinet-ek egindako aurkezpenaren bideoa hemen

 

Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpeneko testua:

“Iaz Agoitzen egin zen Euskaraz Bizi Egunaren leloari jarraiki (‘Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!’), euskaltzale eta norbanakoengan bultzatu nahi ditugun aldaketak geure egin eta ‘Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!’  leloarekin jantziko dugu heldu den apirilaren 5eko hitzordua. Aldi berean, aipatu kontzeptua jendartera zabaltzea xede, lelo berarekin jantziko ditugu Euskal Herriko kale eta txokoak.

Zergatik jarri diogu lelo bitxi hau? Nondik atera dugu? Bada,  Etxarri-Aranazko EHEk bertako udaleko Euskara Batzordearekin abiatu zuen “Ez zaitez sekula espaloitik jaitsi” egitasmotik, hain zuzen ere. TELP (Taller d’Espai Lingüístic Personal edo norbanakoaren hizkuntza espazioarentzako tailerra) saioen sortzaile Ferran Suayk idatzitako “Bahamarren edukazio ona” deituriko testua hartu zuten aipatu egitasmoaren oinarri bezala. Testu horretan Apartheid garaian Bahamar uharteetan gertatzen zena kontatzen da. Laburbilduz, finean, bertako herritar beltzak, espaloitik jaisten ziren zuriak zirenekin gurutzatzean (euren artean gurutzatzean ez ordea). Suayk katalanen hizkuntza jokabideekin lotzen du Bahametan gertatzen zena. Istorioa Euskal Herrira ekarriz, esan dezakegu hemen ere berdin jokatzen dugula euskaldun gehientsuenok. Erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera egiten dugula salto, alegia.

Aurtengo Euskaraz Bizi Egunaren bitartez, ideia honetan egin nahi dugu indarra eta herri euskaldunari zuzentzen gatzaizkio euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi, eta espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun euskaldunok.

Dena den, hau guzti hau, “bizikidetza” ardatz duen testuinguru politiko berezi baten baitan kokatzen dugu. Eta zergatik diogu hau? Bada, euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugulako euskaldunok bizi dugun errealitate gordina iraultzeko. Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu garaiotan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan bultza eginez,  iraultzarako garaia da orain datorkiguna. Gure etorkizunerako erabakigarriak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude. Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da, norbere jarrerei erreparatu eta espaloitik ez jaistearen hautua eginez. Bestela, bizikidetza posible bakarra erdaretan emango dena da. Bestela, espaloitik jaistean eta erdaretara pasatzean euskaldunok erakusten dugun ustezko errespetu hori euskaldunok euskaraz bizitzeari uko egitean baino ez da oinarrituko.

Euskara eta politika ez direla batu behar diotenen aurrean, euskarak politikak behar dituela aldarrikatzen dugu guk. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu. Euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

Kontseiluak  berak esanda dauka urrats sendoak emateko garaia dela, eta badauka horretarako proposamena, esan du non jarri behar diren marra gorriak: lehentasunezkoa, berezkoa eta ezagutu beharrekoa  dira euskararen ofizialtasunak jaso behar dituen elementu nagusiak. Eta epeak jarri behar dira urratsak emateko, helburu argiekin: Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea.

Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula  erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik  harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna.

Bukatzeko, datozen egunotan egitarau osoa eta beste zenbait kontu jendarteratzeko agerraldiak egingo baditugu ere, egunaren karakterizazioari buruz datorren apirilaren 5eko Euskaraz Bizi Egunaren egitaraua urtero lez hainbat eragile eta elkarterekin auzolanean antolatzen ari garela aurreratu nahi dizuegu. Horri lotuta, kale animazio, azoka, herri bazkari, haurrentzako txoko zein ekitaldi, kontzertu eta abarretara hurbiltzera deitzearekin batera, ‘Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!’ lelopean egingo dugun mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu euskaldun eta euskaltzaleei.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Gasteizen, 2014ko otsailaren 15ean.”

Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude