Errezil errekan behera
Errezil errekan behera –
.
Azpeitiako Corrugados afera puri purian dela, azpiko txioa irakurri diogu Xabier Gantzarain idazleari, eta bertako estekan ageri den olerkia dakargu, Elkar-Ekinek “Makina zoriontsuak fabrika huts batean”egitasmoan emana (2015) eta Armiarma ataritik jasoa.
.
Aspaldian ez dut ezer idatzi hemen. Nagia. Baina Azpeitian bizi naiz, eta gauza bat esan nahi dut Corrugados aferari buruz: Errezil errekan behera. https://t.co/cNsylJvPcq
— xabier gantzarain (@gantzarain) May 25, 2021
Neu ez naiz akordatzen,
baina lagunek diote aurpegia aldatu zitzaidala,
han, iraganak beretzat hartutako lurraldearen bihotzean,
uda beteko zorionean, hondartzatik bueltan,
afaria prestatzen ari ginela,
telefonoak jo zuenean.
Ez dakit biharamunean izan zen,
edo kapitalak errukiz hartu gintuen,
eta pare bat eguneko tartea eman,
infernuko ateak ireki aurretik.
Uztaila zen orduan ere,
nekerik gabe bizi ginen,
gurasoen lepotik alegia,
erraza zen ondo bizitzea,
nahigaberen bat gorabehera.
Lana gogorregia zela,
aspertu egin zirela,
utzi egin zutela,
zerrendan gure aurretik izena eman zutenek,
esan zigun goizeko zortzietan, hortxe,
iraganak beretzat hartutako fabrikan,
laminazioko plantaren sarreran,
infernuko atea jo genuenean.
Uztaila zen, eta geldirik zegoen fabrika,
mantentze lanak behar ditu infernuak ere,
garbitzea, makinak doitzea,
langileei oporrak ematea,
indarberrituta itzul daitezen, batez ere.
Laminazio plantaren erdi-erditik,
porlanezko laukizuzen astunen azpian,
erreka pasatzen zen,
Estigia edo Errezil, berdin da,
eta makina zoriontsuek
hara husten zituzten isuriak eta hondarrak,
ura, olioa, burni hautsa, txirbila,
eta urtean zehar erdoka bihurtutako zikina,
urtebetean infernuak sortu dezakeen guztia,
garbitzea tokatu zitzaigun 10 egunean,
mundua sortzeko behar dena baino
hiruzpalau gehiago,
besterik ez.
Burni hautsa jaten ari ginela sentitu genuen,
lehen egunean, eguerdian etxera itzulita, bazkaritan.
Buruan torloju erraldoiak nituela sartuta,
amets egin nuen gau hartan.
Ez zituzten oporrak hartu langile guztiek,
haiekin batzen ginen aldageletan,
bati begira egoten nintzen ni beti,
guztietan zaharrena zen, zakarrena ere bai,
bizi guztia hemen eramango ote du honek,
nolakoa izango ote du bizitza hemendik kanpora,
zer uste ote du langile klaseaz, harrotasunaz, elkartasunaz,
ez nion sekula galdetu.
Grua baten kateari helduta jaisten gintuzten errekara,
izterretarainoko botak jantzita, mailu neumatikoarekin,
erdoka hura hautsi genezan eta uretara bota,
urak urruti eraman zezan,
dena eraman zezan urak:
lanegun luzeen nekea,
gaixotasun latzak,
istripu larriak,
heriotzak.
Baina urak zikin gehiago besterik ez zekarren goragotik,
elkarri egiten genion oihu:
kontuz, olioa bota ditek!
Botetan itsatsita geratzen zitzaigun,
buruan iltzatuta geratu zitzaigun,
makinak probatzen hasi zirenean,
nola ihes egin zuen burni goriak bere bidetik,
eta, bihurrituta, nola egin zuen goraka,
gero burrunban lurrera erortzeko,
ez zitzaion ezer gertatu inori, zorionez,
baina guri, buruan iltzatuta geratu zitzaigun,
burni hautsarekin, torloju erraldoiekin,
denboraldi hura infernuan.
Gerora beste infernu batzuk etorri dira.
Ondo ordaindu ziguten,
ehun mila pezeta hamar egunengatik,
toxikotasuna eta arriskugarritasuna tartean,
merezi genuen infernua garbitzegatik.
Finikitoaren paperetan ikusi genuen, gure lanarekin,
ETT bat eta beste bi enpresa atera zirela irabazten,
gu bai langileak, nagusiekin ere elkartasuna!
egin genuen barre edanera joan aurretik,
liburuetako plusbalia zer zen ondo ulertuta,
infernua atzean uzten genuen bitartean.
Uztail hartaz geroztik, dena izan da diferentea,
eta beste uztail batzuk etorri dira.
Errezil errekan behera