Instituzio integratzaileak helburu

Instituzio integratzaileak helburu –

Foro Soziala bizikidetzarako konpromiso sozial bat lantzen ari da irailetik hona. Prozesu horretan gure herriko pertsona garrantzitsuek ekarpenak egin dituzte. Nire ustez, eztabaidan pisu handia hartu dute bortizkerien iraganak eta “errelatoaren lehia” delakoak. Normala da neurri handi batean.
Instituzio integratzaileak helburu

Iraganari buruz zer esan handirik ez daukat. Nago ia guztia esanda dagoela, egiteke asko dagoen arren. Aitzitik, azken asteetako bi gertakarik gure bizikidetzari buruz gogoeta egitera eraman naute. Batetik, Madrilgo erkidegoko hauteskundeek; nire buruari galdera egiten nion, ea gurean bizikidetza estatuko beste leku batzuetan baino okerragoa den. Bestetik, bakegile handi baten heriotzak, hain zuzen Mixel Berhocoirigoinenak; honek pentsarazi egin zidan gizarte antolatuaren eta erakundeen arteko elkar-eraginaz. Bi kontuotatik abiatuta hausnarketa batzuk partekatu nahiko nituzke.

Lehenengoa: nire iritziz ez daukagu bitarteko partekaturik, gutxieneko zorurik eta erregelarik, gatazkak polarizazio aldietan kudeatzeko. Gatazkarik ez denean elkarrekin bizitzeko gauza gara, baina benetako polarizazioa gertatuz gero, esaterako Madrilen gertatu den bezala, zenbaitek biztanleriaren erdia paretik kenduko luketela ematen du. Lehen konfinamenduaren aurretik Euskal Herrian borroka handiak ari ziren garatzen: pentsionistena, borroka feminista, lan gatazkak, etab. Pandemiaren testuinguruan gauzak aldatu dira, baina arazoek hor diraute. Hala ere, ez dugu bizi polarizaziorik gatazka politikoaren moduko gaietan, nahiz eta beste garai batzutan giroa gori-gori jarri zuten. Gatazka horiek azaleratzen direnean -azaleratuko baitira- agerian geratuko da berriz joko-araurik ez daukagula.

Horrek narama bigarren hausnarketara: ez daukagu instituzio benetan integratzailerik. Jakina, sistema batek herritarrak bizitzan dituzten gorabeheretan babesa eman behar die; baina gainera sistema politikoak gizarte antolatuaren eskariak integratu behar ditu. Biztanleriak, alde batetik, herri den aldetik eta bere botoaz, hautetsiei eta instituzioei zilegitasuna ematen die. Baina bestetik, herritar horietxek, elkartzeko askatasuna eta gainerako eskubide konstituzionalak medio, legitimaziorako beste ildo bat urratzen dute, gizarte zibil antolatuarena: elkarteak, sindikatuak, patronalak, elizak, mugimenduak, GKEak… Hauek osatzen dira helburu sozial, etiko, erlijioso eta politikoen inguruan… eta instituzioen erabakietan eragina izaten saiatzen dira; hau da, beste legitimazio ildoan jarduten dira.

Nire aburuz, EAEko sistema politikoak ez die jaramon handirik egiten gizarte antolatuaren eskariei, batik bat hauek proposamen alternatiboak badira, beraiekin harreman normalizaturik eduki gabe. Aipa ditzaket sindikalismoari lotutako adibide batzuk, horixe baita hobekien ezagutzen dudan eremua: grebalariekin edota sindikatuaren ordezkari gorenekin biltzeko etengabeko ezezkoa; gehiengo sindikala legez kanpo jartzeko saioen aurrean izan zen isiltasuna; abusuzko dekretu bidez greba eskubidea hustea, auzitegiek behin eta berriz dekretu horiek zuzenbidearen kontrakotzat jo dituzten arren… Honelako jokabideek gogora dakarte egungo erakundeen elitismoa gainditu beharreko keria bat dela.

Zenbait teorikok, esaterako Acemogluk, aztertu dute herrialde batzuen arrakasta zertan datzan. Bi faktore nagusi aipatzen dituzte: gizarte mobilizatua eta instituzio integratzaileak. Ondorio hau harrigarria da, izan ere, gutako edonork esango bailuke funtsezkoak beste kontu batzuk direla, aberastasuna edo geopolitika, adibidez.

Joan den maiatzaren 12an Gamarten (Baxenafarroa) Mixel Berhocoirigoinen hileta ospatu zen. Han izan ziren herrikide, senitarteko eta lagunekin batera Euskal Herriko eta frantses Estatuko hainbat erakundetako buruak ere. Halaber, estatuko eta Iparraldeko hautetsi eta ordezkari instituzional asko. Haatik, Hegoaldeko erakundeetako ordezkaririk ez zen agertu buruzagi abertzale, sindikalista, nekazari eta bakezale honen hiletara.

Han zen, niregandik hurbil, Jean-René Etchegaray lehendakaria. Bizi zela, Mixel eta bera hainbat auzitan aurrez aurre izan ziren, baina horrek ez zien eragotzi elkar aitortzea eta adiskide izatera iristea. Etchegaray izan zen Berhocoren abokatua frantses Estatuak Laborantza Ganbararen aurka ekin zion auzibidean. Bada, defentsa juridikoa ez ezik militantea ere egin zuen, baita garaipen handia lortu ere, gizartean iritsitako garaipenaz gainera. Mixelen alde agertu zen ere, beste hautetsi ugarirekin batera, Luhuson atxilotu zutenean. Heriotzaren biharamonean, Mixelen etxean Etchegarayk bere pena adierazi zuen presoen eskubideen alde osatutako euskal delegazio politiko eta sozialean ez delako Mixel aurrerantzean izango, ez eta Frantziako gobernuarekin eduki beharko dituzten harremanetan ere.

Niretzat hau da konfrontazio eta bizikidetza demokratikoaren adibide paregabea. Mixelen bizitzak erakusten digu agenda batzuk aurrera egiten dutela –oso azkar egin ere– instituzioek eta gizarte zibilak, hautetsiek eta militante sozialek elkar hartuta lan egiten dutenean, nahiz eta zenbait eremutan desadostasuna eta gatazka nagusitu.

Herri hobea izan gaitezke, eta eredutzat har ditzakegun adibideak eta pertsonak berton ditugu. Hori oso albiste ona da.

Instituzio integratzaileak helburu Instituzio integratzaileak helburu

ELAko formazio arduraduna