Errezeta: Allioli saltsa tradizionala
Egin dezagun Mediterraneo aldera saltsa ezagun bat prestatzeko: Alliolia. Baratxuriak eta olioa dira osagai nagusiak, hortik izena: all i oli (baratxuria eta olioa, valentzieraz). Patata frijituak zein hainbat motatako arrain eta itsaskiak laguntzeko egin ohi da; baina, egia esan, norberak nahi duen bezala hartzen du, era askotara erabil baitaiteke.
Tradizioak dioen bezalako errezeta da honakoa, gure lagun katalanak haserretu edo erretxindu ez daitezen gurekin allioli express dela-eta. Primerakoa ateratzen da expressa, baina ez da “taliban-popular-cuisine”. Zer egin behar diogu!
Osagaiak
- 8 baratxuri ale, zurituak
- 2 arrautza gorringo
- Oliba olio birjina, estra, 300 g
- Gatz pixka bat
- Limoi erdiaren zukua
- Motrailu edo almaiz bat
Egiteko era
Motrailuan baratxuria zanpatuz xehatu, denbora-tarte luzean, ahiaren moduko orea bihurtzen den arte. Gero arrautza gorringoak eta gatza gehitu oreari. Ondoren, isuri olioa, tantaz tanta, oreari eragin bitartean motrailuaren mazoarekin. Saltsak krematsu egon behar du beti, eta noizean behin limoi zukua eta ur epela gehitu, tanta batzuk.
Egia esanda, honela egitea ez da lan makala, Errealaren partida baten ondoren Anoeta garbitzea baino neketsuagoa. Gainera, esku ona izan beharra dago saltsa ez mozteko eta, zukua, olioa eta ura gehituz, une bakoitzean zer behar den, emultsioa orekatzeko.
Eta orain, saltsan bustitzekoak bilatzea da hurrengo pausoa. Hemen dituzue lau proposamen:
Eta on egin!
Eskerrikasko!! saiatuko naiz egiten, ea ze mouz!!
Bi aholku gehituko nituzke.
1- errezeta hau saltsa asko lortzeko da. Kopuruak erdira eramanda ere, aski saltsa dukezu. Gainera, arrautza duenez eta bero handia dabilenez, ezin da behar bezala gorde. Ez da komeni hainbeste egitea, beraz, eta hobe duzu gutxinaka aritzea.
2- Berakatzak goitik behera erdibitu eta ernamuin berdekarak kenduta, ez duzu gero egun guztian urdailetik sabelerako baratxuriaren surik izanen eztarrian eta ahoan gora. Zatitxo horiek kenduta, allioliak min apur bat galdu ohi du, baina merezi du hala ere.
Dena dela, eta oso purista ez bazara, badira sukaldean.com-en beste bi errezeta askoz errazagoak direnak:
Allioli saltsa expres eta Alliolia irabiagailuan egina
Denak ere egokiak dituzu. Zeuk hautatu.
Beste kontu bat ere bai: egun askotan gorde nahi baduzu saltsa, hobe duzu arrautzen ordez esne zorrotada bat jartzea.
Barkatuko al didazu talibanismoa, baina “all i oli”-a ez al zen arrautza gorringorik gabe egiten? Noskixeago, arrautzarik gabe saltsa trinkoa ateratzeko, eskumuturrean sekulako teknika behar da…