Haizea Belza: “10 egunetan 40.000 euro biltzea izugarria da”

(Egilea, Ander Barinaga-Rementeria. Jatorrizko artikulua, Izan ala ez izan blogean)

Haizea Belza mahatsorria, GITE-IPES elkarteko koordinatzailea da. Egun lan hori Barrura begiratzeko leihoak filmeko ekoizpen lanarekin uztartzen du, nahiz eta ikasketaz psikologoa izan.

Duela gutxi egin da ezagun Zinez elkartea, baina noiz eta zein helbururekin sortu zen?

Bai, orain egin da ezagun, baina Zinez iazko maiatzean sortu zen. Aurreko bi lanak, Itsasoaren alaba eta Sagarraren denbora GITE-IPES elkartetik sortu ziren. Bi pelikulak egin genituenean trilogia bat izango zela argi geneukan, guk “errepresioaren trilogia” deitzen diegu filme hauei eta orain presoei buruzko film bat egin dugu.

Aurreko lan bi hauetatik ateratako balorazio eta ondorioetan hirugarren filmak salto kualitatibo bat eman behar zuela ikusi genuen, pelikula hauen helburua ahalik eta jende gehienarengana iristea baita. Ordura arte egiten genuena apur bat profesionalizatzeko beharra ikusi genuen.

Presoen inguruko pelikula egiterakoan gaiak berebiziko garrantzia izango zuela ikus genuen Euskal Herrian abian den prozesuagatik eta ez genuen nahi pelikularen hedapena kalitate faltagatik mugatzerik.

Hirugarren film honen aurrekontua, lehen filmeetakoa baino askoz altuagoa izan da. Aurreko lanak oso aurrekontu mugatuarekin egin ziren, auzolanean sortuta zeuden.

Mundu ezberdinetatik zetorren jendea bildu eta  talde berri bat sortu genuen: Zinez.

Ekoizle laguntzaile lanean ari zara Barrura begiratzeko leihoakfilmean. Zein da zure lana filmean?

Nik GITE-IPESeko kide moduan parte hartzen dut Zinezen. Pelikula aurrera ateratzeko beharrak, finantziazioa nondik lortu, banaketa, komunikazioa, oro har, estrategiak finkatu eta bakoitzak berari dagokiona egiten du. Beharren arabera egokitu gara. Bost zuzendariez gain, hamar bat pertsonak hartu dugu parte ekoizpenean.

Ni GITE-IPESen lanean hasi nintzenean, Sagarrearen denboradokumentalean ekoizpen lanetan hasi nintzen. Hori izan zen zinema munduan nire lehenengo lana. Bidean, ikasiz joan naiz: aurreko lanetako hutsuneetatik ikasi dut eta jendeari galdetzen ere asko ikasten da.

Haizea Belza: "10 egunetan 40.000 euro biltzea izugarria da"

Lau hilabetean 40 proposamen baino gehiago jaso ondoren, Barrura begiratzeko leihoak izenburua jartzea erabaki zenuten.

Zinezen bi talde gaude, alde batetik, talde teknikoa, ekoizpen taldearena, eta bestetik talde artistikoa, bost zuzendariek osatzen dutena. Hainbat proposamen jaso ziren eta zuzendariek erabaki zuten izenburua. Nahiko prozesu luzea izan zen.

Nola bizi izan zenuten Donostiako Udalaren diru-laguntzaren harira gertatutakoa?

Donostiako udaletxeko PSOEko zinegotzi batek, guk diru-laguntzak eskatzeko prestatu genuen txostena eta memoria filtratu zituen. Dokumentu hauetan presoen izenak eta beraien istorien laburpenak azaltzen ziren. Bilduren aurka egiteko aitzakiatzat erabili nahi gintuztela konturatu ginen. Barne Ministeritzaren deklarazioen aurretik guk Donostiako diru-laguntzari uko egitea erabaki genuen. Ostiralean Donostiako udaletxeak diru-laguntza emateko erabakia hartu zuen eta hainbat alderdik batzordea utzi zuten. Asteburu horretan diru laguntzei uko egitea erabaki genuen. Astelehenean bertan, Espainiako Barne Ministroak Bilduren ilegalizazioaren kontua aipatu zuen komunikabideen aurrean.

Guk diru-laguntza eskatu genuenean Donostiako udal talde guztiekin biltzeko eskaera egin genuen, proiektua guk azaldu ahal izateko, baina ez dugu inongo erantzunik jaso. Proiektua hainbat udaletxetan eta Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu genuen eta Donostiako udalarena izan zen lehenengo baiezkoa. Eskaera guztiak bertan behera uztea erabaki genuen.

Espero zenuen horrelako polemikarik? Zelan harrapatu zintuen?

Euskal Herrian erabakigarria den gai polemiko bat landuko genuela bagenekien, baina, pelikula estreinatu aurretik ez genuen horrelako errakziorik espero. Filma estreinatu ondoren, batzuk sutan jartzea espero genuen, baina ez artean inork ikusi ez duenean.

Gure zalantza nagusia jendeak zein erantzun izango duen da. Pelikula sektore zabalagoetara heltzea nahi dugu.  Ez dugu ideologia eta posizionamendu politikoa filma ikusteko muga izaterik nahi. Jendeak pelikula, hutsean ikustea nahi dugu, inongo aurreiritzirik gabe eta behin ikusita, atera ditzala norberak bere ondorioak.

Polemikaren harira oihartzun gehiago lortu du eta orain jende gehiagok ezagutzen du proiektua. Jakinmin bat sortu du. Honek baina, jendeak filma posizionamendu politiko batetatik ikustea eragin dezake eta ez dakit hori ona edo txarra izango den.

Zelan hartu zenuten kulturzaleen babesa eskatzeko erabakia?

Ez geunden psikologikoki prestatuta, baina aurretik hainbat bide pentsatuta genituen. Crowfunding estrategia aktibatuta geneukan, diru-laguntzei uko egin orduko. Hasiera hartan, Zinez txartelak saldu genituen, 20 euroko bono-laguntzak. Emandako diruaren trukean aurre-estreinaldirako gonbidapena eta DVD-aren kopia bana emango dizkiegu dirua eman digutenei. Diru-laguntzei uko egin ondoren jendearen laguntza hutsera mugatu gara. Hasiera batean ez genion horrenbesteko garrantzia emancrowfunding-ari baina azkenean ezinbesteko bihurtu da laguntzei uko egiterakoan geratu den zuloa estaltzeko.

Telebista kateekin harremanetan jarri ginen, beraien partaidetza lortzeko, baina ez digute jaramonik egin.

5 zuzendari ditu filmak eta horietako 2 mahatsorriak dira, Txaber Larreategi eta Josu Martinez. Laguntza eskaerak zein ondorio izan du Mahatserrian?

Oso zaila izan da diru-bilketa kontrolatzea eta ez dakit zehazki zenbat diru bildu den Mahatserrian. Zinez-txartel asko saldu genituen hemen.

4 eurotik 500 eurorainoko aportazioak egin ditu jendeak. Lau euroko laguntzek balio berezia dute niretzat. Horrek esan nahi du, askorik eduki ez arren ere, bere dirutxo apurra eman nahi duela jendeak proiektuaren alde. Instituzioek konpromiso sendoa izan behar dute, euskal zinemak ez du jendearen ekarpenekin bakarrik egin behar aurrera, denen inplikazioa beharrezkoa da.

Erraza izan da filma egiteko 40.000 euroak biltzea?

Ez genuen horrenbesteko beharrik eta erantzunik espero. 10 egunetan 40.000 euro biltzea izugarria da. Hori Euskal Herrian baino ez da gertatzen. Guretzat baina, oso nekagarria izan da. Ekoizpen taldekook, Zinezeko lana beste lan batzuekin uztartzen dugu eta desgaste handia izan da. Espainia bezalako aparatu handi bati lau lagunen artean aurre egin behar zaionean presioa handia da.

Ez genuen diru guztia biltzerik espero eta txarrenean jarrita geunden, hainbat pertsonari ordaindu ezinda geratuko ginela uste genuen.

Nola jokatu dute hedabideek egoera honen aurrean?

Komunikabide handiek normalean agentziekin funtzionatzen dute eta berri agentzia hauek iturri ofizialetatik edaten dute gehienbat. Barne Misisterioaren, Urkijoren zein PSOEren deklarazioak hartzen dituzte, beraien diskurtso eta hizkuntza berarekin. Komunikabideetan ez dago objektibotasunik. Hedabide batzuetan “terroristen pelikula”  dela esan dute. Aipagarria da, komunikabide gehienek inork ikusi ez duen film bat dela ez esatea. Albistea kokatzeko oso datu garrantzitsua dela uste dut. Ematen du denek ikusi dutela filma eta ez du inork ikusi.

Hedabide asko jarri dira gurekin harremanetan, baina Euskal Herriko hedabideen eta kanpokoen arteko diferentzia oso handia da. Beste komunikabide askok, gehienek, agentzieta esandakoa berridatzi dute, informazioa kontrastatu gabe. Guk dena den, prentsa oharrak eta deialdiak komunikabide denei bidali dizkiegu.

Haizea Belza: "10 egunetan 40.000 euro biltzea izugarria da"

Non ikusi ahalko dugu Barrura begiratzeko leihoak?

Zaila da euskal film bat areto komertzialetan banatzea. Are gehiago gure dokumentalaren kasuan, jorratzen duen gaia dela eta. Sortu den polemika honen ondorioz jendearen babes handia jaso dugun arren, ez da pelikularentzako batere mesedegarria izan. Etiketatu egin nahi gaituzte, pelikularen zabalkundea oztopatzeko. Muga horiek nola gainditu da gure kezka nagusia orain.

Guk dugun bitartekoa, pelikula bera da. Produktu ona dela uste dugu, kalitate altuko produktua. Guk pelikula bera nahikoa izatea nahi dugu, banatzaileek eta jaialdietako antolatzaileek aukeratu dezaten.

Donostiako zinemaldian filma aurrestreinatzeko asmoak indarrean jarraitzen du? Posiblea izango dela uste duzu?

Donostiako Zinemaldira aurkeztu dugu filma, euren erantzunaren zain gaude. Beste jaialdi batzuekin ere harremantan gaude. Ikusiko dugu hartzen duten ala ez. Gurean, banatzaileekin harremanetan gaude areto komertzialetan proiektatu ahal izateko. Horretaz gain, herrietako emanaldiak ere lotu nahi ditugu.

Ez da jazarpen politikoa pairatzen duen lehenengo filma. AurretikAma Lur (1968), Ikuska dokumenalek, Burgosko prozesua (1979), Lazkao Txiki telesailak, Yoyes (2000), Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra (2003) eta beste batzuek zailtasunak izan zituzten. Jazarpen honek euskal zinemagintza baldintzatu duela uste duzu?

Ni ez naiz gai honetan aditua, baina Euskal Herria, herri moduan lantzeak, zineman ez ezik, beste arlo batzuetan gertatzen den moduan, jazarpena dakar berarekin. Herri bat garela aitortzen ez duten bi estatu ditugu aurrez aurre, Euskal Herriarekiko errespeturik ez dutenak. Euren eskemetan ez da aukera hori aurreikusten eta ez dute nahi egoera hori onartzerik. Hori dela eta etengabe topatzen ditugu oztopoak bidean.

Filma sentsibilizatzeko tresna izan liteke. Sufrimendua alde guztietan dagoela erakutsi nahi dugu, kontua ez dela arrazoia izatea ala ez izatea. Bestea aitortzea, elkar ulertzeko lehenengo pausoa da. Alde horretatik, nazioartean zabaltzea oso garrantzitsua dela uste dugu.

Espainia eta Frantzia ez diren beste herrialde batzuetan harrera hobea izango duela uste dugu, han ez baita politizatuta egongo filma. Dokumentala bera da epaituko dutena.

Zer nabarmenduko zenuke filmetik?

Gure ikuspegia. Aurreko filmeetan bezala, filmetako protagonistak diren bezala aurkeztu ditugu: pertsona bezala. Gatazkaren alde batean daudenei, pertsona izatea bera ukatzen zaie. Borrokan ibili diren denak fanatiko eta soziopatak direla uste dute. Azken finean, masa uniformetzat dituzte. Eguneroko gauza humanoak ukatzen dizkiete sarri. Hiru filmeen ikuspegia humanoa izan da. Ez dugu errelato heroiko ez sataniko bat egin nahi izan, pertsonen errelato humano bat baino.

Ordu eta erdiko filma  da. Gehiena euskaraz da, baina elkarrizketa batzuk frantsesez eta espainieraz dira.


Haizea Belza: "10 egunetan 40.000 euro biltzea izugarria da"

Zein egoeran dago euskal zinemagintza?

Euskal zinemagintzak, euskal kulturak eta euskarak instituzioen laguntza behar dute, ahulak diren aldetik. Dirua bide horretatik lortzea zilegia dela uste dut. Herritarren parte hartzea funtsezkoa da horrelako kasuetan, baina ez dut uste herriari gehiago eskatu ahal zaionik. Krisian gaude eta jendeak ahal duenarekin erantzuten du.

Krisi ekonomikoak erabat zailtzen ditu gauzak: diru laguntzak lortzea gero eta zailagoa da, leku guztietan daude murrizketak eta zoritxarrez, kultura diru-laguntzen mende dago. Murrizketa hori oso nabaria da urtez urte. Jendeak produktu kulturalak kontsumitzea ere gero eta zailagoa da. Guk, gure pelikula, areto komertzialetan ikusi ahal izatea nahi dugu, baina BEZ zergaren igoerarekin zinemako sarrera baten prezioa 10 euro ingurukoa izango da.

Eibarren ibili zara euskal emakumeen historia modernori buruzko UEUren kurtsoetan. Zelako esperientzia izan da?

Oso ona. Euskal Herriaren historia eta emakumeen historiaren artean lotura handia dago. Historia arakatu beharra dago emakumeen askapenerako. Historiografia ofizialean historia bat inposatzen da, jendarteko sektore bat desagerraraziz. Hau emakumeekin zein euskaldunekin gertatzen da. Institutuetan ikasten den historian ez dira ez Euskal Herria ez emakumeak existitzen. Historian arakatu ezean ez goaz inora. Emakumeen lana Euskal Herriaren biziraupenerako ezinbestekoa izan dela erakutsi behar da. Presoen historiarekin gertatzen den bezala. Euskal Herrian gatazka politiko bat dago eta gatazka horren historia kontatzeko modua, Euskal Herriaren biziraupenerako erabakigarria da.

GITE-IPESen (Gizarte Ikerterarako Talde Eragilea) lan egiten duzu. Zer egiten duzue?

GITE-IPESen hainbat proiektu koordinatzen ditugu. Euskara ikasteko gau-eskolak ditugu Uribarrin eta San Frantziskon, helduentzako euskara klaseak ematen ditugu doan. Bi lan ildo nagusi ditugu: Euskal Herriaren historia (emakumeen historian sakonduz) eta Euskal Herriko sozialismoa. Jendarte eredu berriak aztertzen ditugu Euskal Herri justuago bat lortzeko asmoarekin. Hemen ere gutxi gara, baina kolaboratzaile sare indartsu bat daukagu. Ekialde Hurbilarekin proiektuak ere antolatzen ditugu urtero.

(Egilea, Ander Barinaga-Rementeria. Jatorrizko artikulua, Izan ala ez izan blogean)

Haizea Belza: “10 egunetan 40.000 euro biltzea izugarria da”

barrura begiratzeko leihoak, dokumentala, filma, presoak, zinea
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Haizea Belza: “10 egunetan 40.000 euro biltzea izugarria da””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude