Zergatik erabiltzen dira bi zapi Gasteizko jaietan?


Koadro urdindunak eta gorriak dira Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietan gehien erabiltzen diren zapiak. Horretan ere ez baikara ados jartzen. Gurean bi zapi.

Gatazka sinbolikoa. Motzean: koadro urdina abertzaleena, gorria kontserbadore-espainiarzaleena. Zapi gorri askok Andra Maria Zuriaren irudia dute gainean. Koadrodun urdinek, aldiz, laburuak eta Euskal Herriko armarriak. Hori horrela da.

Jaiei “kutsu politikoa kentzeko” politikariek diote berdin duela zein eraman. Bi zapi daude eta bakoitzak nahi duena darama, esan ohi da politikoki zuzena izanda. Zapiak gaur gaurkoz ez dira norbait etiketatzeko nahikoa, baina bai zantzu bat. Dena den, badago jendea egun batean bat eta hurrengoan bestea jazten duena, edo biak batera eskumuturrean eta lepoan. Biak eramatea hauteskunde kanpainetan alderdi politiko guztien puxikak dituzten haurren gurasoak izatea bezalakoa da.

Eduardo Auzmendik 1998 urtean idatzitako kronikak dio koadrodun zapi urdina gazteen artean gehiago erabiltzen dela eta gorria gutxiengo bihurtu dela. Asmatu zuen, gaur egun nagusi da zapi ez-tradizionala. Zapien historia pixka bat argitzeko. Motzean: zapi gorria da “betikoa”, Zeledonek daramana. Diktaduraren amaierarekin, gorria frankistekin lotzen zenez arrantzaleen zapi koadrodun urdina erabiltzen hasi ziren herritar asko.

Sinboloen atzean dauden istorioak beti izan ohi dira nahasiak. Esanahiak izaten dira benetan trinkoak eta mugigaitzak.

Blusa kuadrillak

Zapiak ez ezik, blusa kuadrilla bakoitzak ere badu bere kutsu politikoa. Kuadrillak familia eta lagunarte zehatzetatik datoz, bakoitza bere ezaugarri kultural eta politikoekin. Bakoitza bere larrera hurbildu ohia da belar bila. Motzean: blusa kuadrillen pankartak eta batez ere abestiak bakoitzaren nondik norakoen adierazle dira.

Arrazoi politikoak medio blusa kuadrillak banatu egin dira. Arrazoi politikoa esanda, hizkuntzak ere indar handia du. Ez da berdin Gora esan ala Viva. Andra Maria Zuria euskaraz ala erdaraz omendu. Ikurrina eraman ala ez. Korrikarako kilometro bat alokatu ala ez. Ezberdintasun hauek sumatu egiten dira elkarrizketetan: “Halako edo holako blusa talde horretan dago. Nolatan? Ez al dira ba…?” edo “Eta beste hura igarriko duzu non dabilen, ezta?”.

Ene, gure herria. Atzerritar gazte batzuek galdetu zidaten zer dela eta  genituen bi zapi ezberdin. Ez da erraza erantzuten.

 

 

6 pentsamendu “Zergatik erabiltzen dira bi zapi Gasteizko jaietan?”-ri buruz

  • Iker Tubia

    Polita artikulua, Iruñean ere horrelako bitxikeriak gertatzen dira peñetan.
    A! Lasai asko erabili zapi gorria, Iruñean eta Baionan horrela egiten dugu eta.

  • Kaixo,

    Diozun bezala, mota askotariko arrazoiak entzun dira bi zapiren arteko kontua azaltzeko, zuk esan dituzunaz gain nik entzun ditut behintzat beste bi:

    – Hiritarrak (gasteiztarrak) gorria vs. herritarrak (arabarrak) koadroduna
    – Jai eguneko zapia gorria (abuztuak 5ean ateratzekoa) vs. lanerako zapia (beste egunetan ateratzekoa).

    Guztien artean koadroduna abertzaleena vs. gorria espainarzaleena da nik gutxien entzun dudana; gainera, azalpen hori ez dator bat Gasteizko indar politikoen korrelazioarekin, koadroduna baita %75 batean erabiltzen dena (nik boteprontoan egindako estimazioaren arabera).

    Edozein kasutan, nire etxean koadroduna izan da betidanik erabili izan duguna. 🙂

    • Bingen Iturrieta 2012-08-10 18:49

      Zapien jatorriari buruz bertsio desberdinak daude. Jai eguneko zapia eta lanerako zapien artekoa entzuna nuen. Egia da, aldiz, koadroduna erabiltzen hasi zenean konnotazio politikoa, klasista edo kulturala (nahi bezala deitu) bazuela. Oraindik ere gelditzen da arrastoa. Esperientzia pertsonalaz gain, artikuluan aipatu dudan kronika erakusgarri. Ez da gauza erabat zurruna, baina badago. Indar korrelazioari buruz diozuna egia da. Hala ere, zenbat ikurrina ikusten dira paseilloan eta zenbat Espainiako? Sinboloen kontuan, oro har, euskaltzaleak ondo ikusiak daude, espainiarzaleak ez bezala. Horrekin izan dezake zerikusirik, baina ziur ezin jakin. Moda estetikoa ere izan daiteke, kar, kar 😉

  • Nik zapi gorrian jazten dut Gasteizko jaietan, eta azken urteotan behin baino gehiagotan esan izan didate zapi hori PPkoena dela. #daflipat

  • Obanoseko infanzoia 2012-12-03 19:27

    Nabar Estatuaren hiria delako, normala da zapi gorria erabiltzea. Biba Mattin ttipia!

  • […] Gasteizko udaletxea dagoen plaza Iberiar penintsulako karratuena da. 61 metro luze eta zabal. Justo Antonio Olagibel arkitektoak diseinatu eta 1791 urtean amaitu zuten eraikin neoklasikoa. Horiek dira turistei eskaintzen zaizkien datuak. Eta nola du plazak izena? Nori galdetzen diozun arabera… beste behin Vitoria kontserbadorearen eta Gasteiz abertzalearen arteko talka azaleratzen da hitzek uzten duten esanahien zirrikituetatik. (Zergatik erabiltzen dira bi zapi Gasteizko jaietan?). […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude