Erresistentzia eta erresonantzia kutxak: karpeta arrosaren istorioa
Erresistentzia eta erresonantzia kutxak: karpeta arrosaren istorioa –
Asteartean, abenduaren 12a, ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak “ZULOAN: bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena” liburua aurkeztu genuen Donostiako Kaxilda liburu dendan. Urko Apaolaza liburuaren egileak egin zuen aurkezpena, baina niri egokitu zitzaidan sarrerako hitzak esatea. Karpeta arrosaren istorioa kontatzeko aprobetxatu nuen momentua.
Karpeta arrosa liburuan aipatzen du Urkok, eta garrantzitsua da, karpeta horren istorioa gure egiteko moduaren argigarri eta gure hobekuntzarako lagungarri izan baitaiteke.
Sindikatuan (ELAn behintzat) badugu arazo bat, beste askoren artean: Euskal Herriko txoko askotako lan zentroetan jo eta su gabiltza lanean, han eta hemen lan munduan gertatzen ari denaren lehen lerroko lekuko zuzenak gara, baina egiten duguna eta bertatik bertara ikusten dugun errealitate gordina ez da batere ezagutzen Euskal Herrian. Karpeta arrosari gertatzen zitzaion gauza berbera.
Karpeta honen istorioa kazetari bat Donostiako egoitzara etorri zenean hasten da. Kazetariak Igor San Josegatik galdetu zuen (Igor eraikuntzako arduraduna da ELAn). Zioen AHTko liburu bat idazten ari zela eta esan ziotela Igorrek AHTren eraikuntzari buruzko informazioa izan zezakeela. Zutitu zen Igor, joan zen bere armairura, ireki zuen atea, hartu zuen karpeta arrosa eta “danba!” mahai gainera mota zion kazetariari.
Karpeta arrosa horretan zegoen gordeta, txukun txukun, ELAk, kasu honetan Igorrek eta eraikuntzako ekipoak, urteetan zehar AHTn egin duen lan guztia.
Kazetariak arretaz arakatu zuen karpetako edukia eta, amaitu zuenean, Igorri esan zion liluratuta: “honekin liburu oso bat idatzi daiteke eta!”.
Pentsa! Igorrek eta eraikuntzako ekipoak AHTn urteetan zehar egindako lan eskerga eta bertan ezagututako errealitate guztia han zegoen, Donostiako egoitzako bulego bateko armairu batean, karpeta arrosan gordeta, ezkutatuta ia.
Nik ere ez nuen karpeta horren berri, harik eta Igor bera etorri zitzaidan arte, karpeta eskuan zuela, esanez: “kazetari batek esan dit karpeta honekin liburu bat egin daitekeela”. Baina guk, Fundazioan, ezin genuen liburu hori egin. Dena den, ikusten duzuenez, aurkitu genuen liburua egingo zuen hedabide eta pertsona aproposa.
Karpeta arrosa plaza publikora atera da ZULOAN liburuari esker. Gertatzen dena da, Euskal Herriko beste hainbat egoitzetako bulego desberdinetako armairu desberdinetan, beste hainbat lan eskerga eta errealitate gordin daudela gordeta kolore desberdineko karpeta desberdinetan. Bernardo Atxagak poetikoki deskribatu zigun, ohi duen moduan, sindikatuan dugun arazo hau: “zuek baduzue erresistentzia kutxa, baina erresonantzia kutxa falta zaizue”.
Iruditzen zait asmatu dugula AHTren inguruan egin dugun lanarentzako, karpeta arrosarentzako, aukeratu dugun erresonantzia kutxarekin.