Donostia Zinemalditik zinema aretoetara!

Donostia Zinemalditik zinema aretoetara! –

Estreinaldiak: Abenduak 15

Donostia Zinemalditik zinema aretoetara!

Egilea: Maialen Goñi

.

Alanis

Anahí Berneri zinegile argentinarraren bosgarren film luzea Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten, eta zuzendari onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Sofía Gala) Zilarrezko Maskorrak irabazi zituen. Galak Alanis izeneko prostitutaren papera antzeztu du filmean. Buenos Airesko kaleetan egiten du lan, eta urte eta erdiko seme txiki bat dauka. Giselarekin partekatzen duen pisuan bizi dira biak, baina egun batean, ikuskatzaileak etorriko dira eta Gisela atxilo eramango dute, salerosketa egotzita. Alanisek bere izeberen etxera joan beharko du, bizimodu berri baten bila. Ez da horren erraza izango.

.

The Wound (La herida)

John Trengove zinegilearen opera primak arrakasta ederra izan du, besteak beste, Berlinale eta Sundance zinema jaialdietan. Hegoafrikako Xhosa tribuan girotutako istorioa kontatuko du. Kwanda gazteak hainbat froga gainditu beharko ditu nerabezarotik heldutasunera igarotzeko, baina familia oneko semea da, eta taldekideek burla egingo diote. Xolani izeneko tutoreak jarraitu beharko du bere bilakaera, tributik aldenduta bizi den eta fabrika batean lan egiten duen gizon bakartiak. Kwandak jakingo du Xolani tribuko kide batekin maiteminduta dagoela, eta harreman homosexuala ezkutuan daramatela, ingurukoen jazarpena saihesteko. Malusi Bengu, Thando Mgqolozana eta Niza Jay Nconyini dira filmeko aktore nagusiak.

.

Muchos hijos, un mono y un castillo

Donostia Zinemaldian ikusleen barre algarak eragin zituen Gustavo Salmerónen proposamen bereziak. Bere ama Julitari buruzko dokumentala da Muchos hijos, un mono y un castillo, eta emakumearen ametsei egiten die erreferentzia izenburuak. Krisi ekonomikoa tarteko, baina, ez da erraza izango familia aurrera ateratzea. Egun batean, gainera, amak birramonaren ornoa galdu zuela jakingo du Gustavok, eta familia osoa orno horren bila hasiko da, Julitak urte luzez gorde dituen objektu berezi guztiei hautsa kentzeko. Dokumental onenaren Goya saria irabazteko hautagaia da.

.

Una especie de familia

Diego Lermanen drama ere Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean, ordea. Malenak 38 urte ditu, eta Buenos Airesen egiten du lan, sendagile moduan. Arratsalde batean, Costas medikuaren deia jasoko du, herrialdearen iparraldera berehala joan behar duela esanez, espero duen haurra jaiotzear delako. Ustekabeko bidaia abiatuko du orduan andrazkoak, eta oztopo legal eta moral ugari gainditu beharko ditu, bere muga non dagoen ezagutzeko. Bárbara Lennie, Daniel Aráoz eta Claudio Tolcachir aktoreek hartu dute parte Argentina, Brasil, Polonia, Frantzia eta Alemaniako ekoiztetxeen artean osatutako koprodukzioan.

.

Star Wars: The Last Jedi

Star Wars sagako film berriena ere aste honetan helduko da gurera. 2015ean J.J. Abrams zinegilearen gidaritzapean osatu zuten zazpigarren kapituluaren jarraipena da, zortzigarrena, baina Rian Johnson zinegile estatubatuarrak zuzendu du proiektua kasu honetan. Aktore taldean, aldiz, aurreko laneko kide berberak topatuko ditugu: Daisy Ridley, John Boyega, Adam Driver, Óscar Isaac, Mark Hamill, Benicio del Toro eta iragan abenduan zendu zen Carrie Fisher. Haiekin batera, dena den, aspaldiko pertsonaiak eta berriagoak direnak ere ikusteko aukera izango dugu, Rey gaztearen etorkizuna argituko digun filmean.

.

Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atalean!

Donostia Zinemalditik zinema aretoetara  Donostia Zinemalditik zinema aretoetara  Donostia Zinemalditik zinema aretoetara

Euskal pantailaren gunea