Erlijioaren izua

Erlijioaren izua

Erlijioaren izua

Lehen begiratuan ematen du Saizarbitoriak jakin duela gainetik kentzen iraganetik amildu zaion zametako bat, bederen: Jainkoaren zama, Jainkoak ez baitu garrantzirik haren protagonisten barne bizitzan, ez dago pertsonaien barne-gatazka erlijiosorik, Jainkoa ez zaie arazo. Kristau-zapalketa pairatu arren ateismo lasai batean bizi den horietakoa dirudi Saizarbitoriak.

Ageri bai, bere nobeletan ageri da Jainkoa, baina protagonisten gogotik at, gizartean. Eta etsaia da, gizarteko alderik makurrenak erabiltzen baitu, zapaltzea helburu: bere izenean eragozten diote Gisèleri abortua, frankismoko fraideen Jainko zapaltzailea da Ehun metro-koa, Hamaika Pauso-n Daniel Zabalegik uko egiten dio hil baino lehen Jainko frankista aintzat hartzeari, Martuteneko Abaitua “menostua, mehatxatua, umiliatua, zigortua, ikaratua, abusu sexual eta tratu txarren biktima izan da fraideen aldetik”…

Erlijio katolikoak luzaro eduki zuen zeharo izututa Saizarbitoria. Gorka Bereziartuak Argia-n egin dion elkarrizketa erabakigarri batean kontatu du: “Sexuaren aurreko jarrera, infernuaren beldurra… Ze eszenfikazioak… Garizumak zer ziren, sentsibilitate pixka bat zuen mutiko edo neskato batentzat Kristo haiek zapi ubel haiekin estaliak…”.

Ez sinesteko moduko jipoiak eman zizkioten fraideek. Esaterako, ez zen ezohikoa arrazoi argirik gabe Saizarbitoria zartako batez lurrera botatzea eta, belauniko eta dandarrez, fraideen ostikoek eta garrasiek korridore luze oso bat zeharkaraztea. Susmoa du bere izaerak berak amorrarazten ote zituen. “14 urte nituenerako boxeolari profesional batek jasotzen ez dituenak jasoak nituen.”

Uste du zoriontsuagoa litzatekeela heziketa eta giro katoliko hura pairatu izan ez balu, eta hori ez dio barkatzen. Deigarria zaio gaur egungo jende askori ez iruditzea hain kontu larria. Bitxia, orain aurrerakoiarena jotzen duten fraide ohiek zeinen arin ahaztu dituzten eraso fisiko beldurgarri haiek  Gazteek ez omen dute merezi bezala estimatzen zertaz libratu diren, eta Saizarbitoriaren ustez jakinarazi beharko litzaieke. Hala ere, ez dio oroitzapen mingarri horri liburu oso bat eskaini.

Zergatik? Gorka Bereziartuari aitortu dionez, “beharbada traumarengatik.” Ordea, ez al dio Saizarbitoriak berak bere literaturako bultzatzaile garrantzitsuenetako bat dela iraganetik sendatu gabe heldu zaizkion zaurietan ozpina bota, hatza sartu eta bueltak ematea? Martutenen dio trauma erakustea behar duela literaturak helburu; Argiako elkarrizketan, berriz, traumatikoak zaizkiolako ez diela libururik eskaini fraideei lotutako oroitzapen mingarriei. Maiz adierazten ditu Saizarbitoriak ikuspuntu bat eta bere kontrakoa, biak onarturik. Aise egiten ditu bere kontraesanezko esaldi bi, eszeptikoa baita egia osoaren ertz ugariak koherentziaz adierazteko hizkuntzaren ahalmenari dagokionez. Ez du koherentzia kosta ahala kosta bilatzen; koherentziaren gainetik ikusten du egia. Halatan, badira Saizarbitoriarenean egia inkoherente eder askoak.

Erlijioaren izua