Administrazioetan Euskararen Eguneko Kalejira

kalejiraKorrika Iruñera iritsi dela eta, Administrazioetan Euskararen Eguna antolatu dute Marmari Nafarroko Gobernuko langile euskaltzaleen taldeak, Iruñeko Udaleko Korrika Batzordeak eta Espainiako Estatuko Administrazioko Korrika Batzordeak.

Kalejira antolatuta zegoen arratsaldeko ordu bata eta erdietarako. Ehun langile inguru batu dira, batzuk Korrikaren bonoen eta itsasgarriekin apainduta.

Iruñeko Udal Plazan hasi zen eta antolatzaileek lehenengo kritikak Iruñeko Udalari zuzendu zizkioten:

“Eguerdi on, guztioi!

Administrazioetan Euskararen Eguna ospatzen dugu gaur Marmarik, Iruñeko Udaleko Korrika Batzordeak eta Estatuko Administrazioko Korrika Batzordeak. Horrexegatik, kalejira hau antolatu dugu. Iruñeko Udaletxean hasiko da eta Nafarroako Parlamentuan amaitu. Hor talde parlamentarioei gure eskaerak helaraziko dizkiegu.

Iruñeko Udalak ez du euskarazko arreta zerbitzua behar bezala antolatzen eta bere Euskararen Ordenantza aspalditik edukiz ia hustu zuen hainbat aldaketen bidez, oposizioak iaz zertxobait hobetzea lortu bazuen ere (kartelak bi hizkuntzetan jarri behar dira, tamaina eta kontraste berberean). Horrexegatik, aukeratu dugu Iruñeko Udaletxea abiapuntu modura.

Besterik gabe, aurrera!”

Merindadeen Plazan dago Espainiako Gobernuaren ordezkaritza. Kalejira hara iritsi zenean, Estatuko Administrazioak jaso zuen kritika:

“Hemen gaude, Espainiako Estatuko Administrazioa zuzentzen duen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean.

Espainiako Estatuko Administrazioa jarrera kolonialaren eredu garbia da, bere eredua hedatzearen eraginez jokaera isolatua ez bada ere.

Bi itzultzaile jarrita, euskarazko arreta zerbitzua ongi bete duela uste du. Lotsagarria da! Lan egiteko euskara jakitea eskatu gabe, meritu moduan puntuatzeko ere bere burua ezkutatzen du. Bere arauak urratuta, jendearen arretarako eta euskara meritu gisa duten lanpostuak adierazi gabe segitzen du Lanpostuen Zerrendan, 22 urteren ondoren.

Guk argi utzi nahi dugu eredu hau ez dugula onartzen.

Besterik gabe, aurrera!”

Karlos III. etorbidean Nafarroako Gobernuaren Erregistroa dago. Hor Nafarroako Gobernuarentzat izan ziren kritikak.

“Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean gaude. Nafarroak eskumena du euskararen ofizialtasuna arautu eta hau gauzatzeko modua praktikan jartzeko.

Nafarroako Gobernuak eskumen hau oso gaizki erabiltzen duela salatu nahi dugu. Bere hizkuntz politika, euskararen bazterketan oinarritzeaz gain, ahalegin itzela egiten du ingelesa ere euskararen aurretik jartzeko.

Guk Nafarroako Gobernuko Lehendakariari, Yolanda Barcinari, euskara ikasteko gonbitea egin nahi diogu. Erregistroaren bidez eginen dugu”.

Gonbitea Erregistroan sartu ondoren, kalejira Sarasate Pasealekura joan zen, Nafarroako Parlamenturaino: Horrela amaitu zen ekitaldia:

“Kalejiraren amaierara iritsi gara. Nafarroako Parlamentua da nafarron ordezkaritza duena eta Nafarroako Gobernuaren ardura kontrolatzen duena, legeak egiteaz gain.

Aurten, Nafarroako Parlamentuari zuzenduko dizkiogu gure eskaerak, Nafarroako Gobernuari zerbait eskatzea guztiz alferrikakoa dela erakutsi baitigu behin baino gehiagotan.

Talde parlamentarioei sei eskaera eginen dizkiegu, honako akordio hauek har ditzaten:

1.- Nafarroako Gobernuak erabiltzen dituen eredu guztiak elebidun jartzea euskarri bakarrean.

2.- Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko bertsioa osorik euskaraz izatea.

3.- Nafarroako Gobernuaren webgunearen euskarazko bertsioak gaztelaniazko bertsioaren eduki guztiak izatea.

4.- Nafarroako Parlamentuaren webgunearen euskarazko bertsioak gaztelaniazko bertsioaren eduki guztiak izatea.

5.- Nafarroako Gobernuko Plantilla Organikoan aldaketak egitea, herritarren hizkuntz eskubideak bete ahal izateko, modu zabalean euskararen ezagutza ezarrita. Aldaketa horiek gutxienez Arartekoak 2010ean emandako gomendioak bete behar lituzkete.

6.- Hizkuntz politika aldatzea, gutxienez Arartekoak 2010ean emandako gomendioak betetzeko moduan”.

Eskaerak Nafarroako Parlamentuko Erregistroan utzi ziren, talde parlamentarioei bidera diezaizkieten.

Eskaera hauen segimendua agindu ondoren, Korrikan parte hartzera deia eginda amaitu zen kalejira.

Yolanda Barcina eta talde parlamentarioen erantzunen zain geratu gara.

2013-03-15.

Administrazioan Euskaraz Taldea