Gizarte parekidearen alde

 

Berdintasuna

Duela bortz urtetik honat, matxismoaren aurkako lan ideologikoa egiten dugu, bertzeak bertze, Iruñeko San Nikolas kaleko 62.ean, bigarren solairuan, dagoen “Garelako naiz” elkartearen egoitza xumean. Gure sorrerako helburuen artean honakoa dugu: “Matxismoaren aurreiritzi okerrean murgildurik dabilen jendeari erakustea generoen arteko berdintasunean eta parekidetzan oinarritutako gizarte baten onurak”. Xede horri begira hitzaldiak ematen ditugu. Aldarazi nahi dugun jendea erakartzeko, gizonei lehentasuna ematen diegu aretoan. Emakumeak alboko atetik sartu behar dira eta ez sarrera nagusitik, eta atzeko bi ilaretan eseri behar dira. Bertzenaz zutik gelditu ahal dira, baina atzean beti ere. Hori dugu araua. Iduri luke jokabide horrek bazterkeria eragiten duela. Baina horrela matxista piloa erakarri dugu. Entzuleen artean figura galantak izaten ditugu: maltratadoreak, ultrak, opusianoak… Eta atzeko ilaretako banketetan emakumeren bat edo bertze.

 

Badakigu zer pentsatzen ari zaren. Guk ere, hasieran, ez genuen konfiantza handirik metodologian. Denborarekin, ordea, sinistuta gaude zuzen jokatzen ari garela. Ziur gaude nolabaiteko eragina dugula emakumeen diskriminaziorik gabeko gizartea lortzeko lanean. Hamarnaka zenbatu behar ditugun hitzaldi sortaren ondoren, gizon batzuek emakumeei etxetik ateratzeko eskubidea aitortzen diete. Are gehiago, matxista itxurako askok hagintzen digute tabernan emakumeekin batera poteatuko dutela. Zoritxarrez, gure begiekin gizon bakarren bat baizik ez dugu ikusi aulkitik altxatu eta atzeko banketetara joaten. Baina jarrera da garrantzitsuena. Entzule gehienek ikuspegia aldatu dute (aitortu beharra dago beti aurpegi berak ikusten ditugula, salbuespen batzuk kenduta).

 

Urrezko arauak zutik dirau eta iraunen du: emakumeak alboko atetik sartu beharko dira eta atzeko banketetan eseri edo zutik egon. Zeren eta gure helburua matxistak konbentzitzea da.

 

Kritika anitz jaso ditugu sarreraren eta aulkien bereizketa hori egiten dugulakotz. Baina adierazgarria da emakume batzuk ere bereizketa egitearen alde daudela, berdintasunaren izenean. Badakigu kritiken helburu bakarra gure aldeko elkartea eta lana zapuztea dela. Horregatik guk gureari eutsiko diogu, erranak erran.

 

3 pentsamendu “Gizarte parekidearen alde”-ri buruz

  • Barkatuko didazue, baina ez dut ezer ulertu. Esan nahi duzue matxista bat bere borondatez joan dela izenburu hori duen hitzaldi batera? Harritzen nau.
    Eta, bestalde, pentsatzen duzue ateen kontu horrekin matxistak erakartzen direla? Ateen mobida horren helburua ez dut ondo ulertzen. Ez da hori serio hartuko duen inor. Jakinda txarla zertaz den, pentsatuko dute ariketa bat dela edo ez dakit..
    Benetan diotsuet ez dudala ondo ulertu kontu hau.

  • Amonamantangorri 2013-03-18 15:01

    Noncapisco, ezta nik ere, niente.
    Kontuan hartuta mintzaldi, solasaldi, mahainguru, txapa eta analogoetara ia beti “mobidan pixkat sartuta dabilen” jendea doala -eta goazela-, eta maiz alimaleko ahalegin militantea eginez entzun behar izaten ditugula ixil-ixilik, izan ere hizlariak ez dira-eta beti izaten txaloka hartzeko modukoak,… Ez dakit nola bete daitekeen areto bat, ttikia izanagatik ere, maltratadore, ultra, opusiano eta klase guztietako misgoino inpresentablez, eta gainera, haiei jarrera aldarazteko moduko txapa magistral bat ematea…
    Pentsatzen dut ez ote den eginen Iruñeko kartzelako irakaskuntza programen bitartez, ikastetxeetako gazteak “beren borondatez” hara eramanez, juez batek sententzian aginduta,…

  • Nik ere ez dut ulertzen, eta absurdua iruditzen zait. Batzun batzuek euskararekin duten jokamoldea gogorarazten dit, nahiz erabat berdina ez izan.