Erditze garaia (eta II): Traizioa
Erditze garaia (eta II): Traizioa
Erditze garaia (I): Ilusioa
.
Horixe traizioa! Nola deitu, bestela, zuregan konfiantza duen animalia bati kumea kentzeari –arkumearen esnea jasotzeko asmoz–, hiltegira eramateari eta horren truke dirua –gutxi izan arren– jasotzeari?
Gaur goizean traizioa sentitu dut barnean; egia esateko, atzo arratsaldean hasi nintzen sentitzen, gaur hiltegira joango ziren arkumeak markatzen ari ginela. Traizioaren harrak ez nau bakean uzten gau osoan; ondo ari ez naizela sentitzen dut, doilor ari naizela jokatzen jakin badakit. Doilorkeriaren azken pausua gaur goizeko zortziak aldera eman dut: arkumeak hartu –12, zehazki; denak amari deika– eta atoian sartu. Hainbatetan, ama-kumea etzanda daude, goxo, gosaldu ondorengo hausnarrean. Ama ez da asaldatzen nik arkumea hartu egin diodalako, konfiantza du niregan, badaki ez zaiola ezer txarrik gertatuko bere kumeari. Kaka-zaharra, begiratu egin dit! Eta nik, lotsa-lotsa eginda, burua makurtu egin dut. Ezin diot begiratu, ezin eutsi begirada lasai horri. Gaur, halere, trago zailenetik libratu naiz: Naparrari ez diot neuk urruxa hartu; bai, ordea, besteekin batera atoi barruan ikusi, galduta.
Joan egin dira hiltegira, ni etxean geratu naiz, gazta egiten. Autoaren hotsa desagertu denean, beste bat gailendu da: 10 ardiren marrua. Ez da gose-marrua, ez da egarri-marrua ere. Beren arkumeen bila ari dira, batetik bestera. Gainontzekoak usnatzen dituzte eurena topatzeko esperantzan. Halaxe emango dituzte bizpahiru egun, etsi arte.
Astebete pasatuko da eszena bera errepikatzeko. Berriz ere neure alde ilun hori aterako da, harra gizenduko zait barruan, eta lokartuko da ardien marru desesperatuak isiltzen direnean. Horrela, aste batzuetan zehar. Eta, halako batean, zikloa itxi egingo da, hurrengo ilusio garaia heldu arte, 2018an.
Gordinkerian ez dut erori nahi, baina errealitate gordina horixe da, ezin neure burua engainatu, eta zuek ere ez. Izan ere, artzainon gainean bada irudi bukoliko bat, non traizioa desagerrarazi egiten den. Erditze garaitik zuzenean gazta garaia pasatzen da, arkumea existituko izan ez balitz –familiatan pasadizo lotsagarriak ezkutatzen diren bezalaxe–.
Horretarako kontsolamenduak, akaso, auto-engainutik asko izango du, baina zer edo zeri heldu behar diot aurrera jarraitzeko; izan ere, nik ardiak maite egiten ditut, eta jarraitu nahiko nuke artzain. Bada, nire doilorkeriarentzako ukendu bakarrenetarikoa da ardiak ahalik eta hobekien tratatzea, goxo hartzea. Horrek laguntzen dit, zenbaitetan, ardiekin ez haserretzen jezten uzten ez didatenean, adibidez. Arkumea lapurtu diodala pentsatzen dudan unean, ardiari beste modu batean begiratzen baitiot, eta goxotasunez jokatzen dut. Doilorkeriarentzako lasaigarria izango dira bizitarako utzitako 35 bat urruxa eta beste baserri batzuetara joango diren beste lau urruxa eta bi ahariko. Haiek bizirik, pozik eta osasuntsu ikusteak arinduko dit ezinegona. Zorionez badira urtean zehar une asko poz izugarria ematen didatenak eta ofizioari zentzua ematen diotenak.
Ikerlan asko daude animalien memoriari buruzkoa, filma irlandar batek izenbururako erabili zuen arrainen memoria –“Arrainen memoria” (2003)–. Bada, nik ardien memoriari buruzkoa ikerlanaren bila nabil, zeinek esango didan zenbateko memoria duten, zeinek esango didan ardiek ez dutela nire traizioa gogoan.Hala balitz, haiek sufritu ez, eta nire traizioaren ondorioa nire barruko hartxo horretara mugatuko litzateke.
Memoria onekoa balira eta gogoan balute, orduan eta arrazoi gehiago ardiak maitatzeko; izan ere, gai izan dira nire traizio hori barkatzeko eta nirekin fidatzeko, berriz ere.
Gutxitan entzuten diren bezalakoak dira zure hitzak, Josebe. Egia esan, bigarren aldiko entzuten ditut.
Zaharra, halere, gaia: Lukreziok idatzia zuen nolakoak ziren behi amaren marrumak eta penak, belar goxoari kasurik egin gabe nola ibiltzen zen bere umearen bila, aratxea sakrifizioa-aldarean zurruzta odolusten ari zen bitartean.
Edozein abeltzainek ondo dakiena, bestalde, eta gutxitan esaten.
Arazoa da ez dugula asko aurreratu, alderantziz. Orain modu industrialez sofritzen dute ama-kume gehienek, miloika, eta ez dute belar goxoari jaramonik ez egiteko aukerarik ere.
Ez da zure ardien kasua, eta hobe.
Eskerrik asko!!!
Osso esquercecoac dirade çure hitzac, Josebe. Ausarta çara eta bihotz oneco.
Eutsi çure lanari, othoi, bihotzean sentitzen duçuna osso handia den arren.
Ederra zure kontakizuna, beti bezala.
Damuari dagokionez nik beste modu batean ikusten dut. Zu izan beharrean, ardiari bere umea kentzen diona azeria edo otsoa (zoritxarrez zailagoa Euskal Herrian) balitz, zuk gorroto sentituko zenuke? Edo ulertuko zenuke bizitzaren legea dela nahiz eta zuri kalte egin? Naturan heriotza eta bizitza beti presente daude. Biak onartu behar ditugu eta zuk erakusten duzun errespetuaz jokatzen denean ez dut ikusten damutzeko beharrik.
Gordina bezain hunkigarria. Eskerrik asko bizipen horiek gainontzekoekin konpartitzeagatik.
Animaliak ustiatzen edo ustiatzen dituztenen konplize (itsuago ala gehiago) garenok, sentsibilitate eta etika horren hamarren bat bagenu, ez genituzke urtero milioika animalia krudelkeri ajolagabez tratatuko.