Osakidetzako langileok Korrikarekin bat

Osakidetzako langileok Korrikarekin bat. Osakidetzan euskaraz bizi nahi dugu!

Osakidetzako langileok Korrikarekin batKorrikaren edizio berri bat hastekoa den honetan Osakidetzako langile multzo bat elkartu gara Korrikari gure sustengua adierazteaz gain orohar Osakidetzan euskarak bizi duen egoeraren inguruan zenbait hausnarketa egiteko. Ekimen batetarako gonbidapena ere zabaltzen dugu: Korrika abiatzen den egunean, martxoaren 30ean, Gasteizen, Santiago ospitalaren aurrean, argazki masibo batean parte hartzeko deia luzatzen diegu Osakidetzako langileei eta Gasteizko osasun zerbitzuetako erabiltzaileei.

Osakidetzan euskarak bizi duen egoeraren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:

– Kalitatezko osasun arreta eskaini ahal izateko funtsezkoa da pazientea konfidantzaz eta naturaltasunez komunikatzen den hizkuntzan arreta bermatzea, beraz, herritar guztiei Osakidetzan euskarazko arreta bermatu behar zaiela aldarrikatzen dugu.

– Euskaraz bizi nahi dugu, gure lanordu eta lantokian ere. Osakidetzako langileok lana euskaraz egiteko eskubidea dugu, euskaraz komunikatu, euskaraz aritu gure lan jardunean, normaltasunez, naturaltasunez, euskaraz, gure hizkuntzan.

– Osakidetzako zuzendaritzari eskatzen diogu ezarri daitezela beharrezkoak diren laguntza, bitarteko eta neurriak Osakidetzan zerbitzua euskaraz jaso eta euskaraz lan egin ahal izatea posible izan dadin, zerbitzu eta unitate bakoitzean bitartekoak ezarriz.

– Hizkuntz Eskakizunetatik haratago, euskararen erabileran jarri behar dela helburua uste dugu. Horretarako beharrezkoa da, besteak beste, euskararen behar adineko ezagutza bermatuko duen euskalduntzea eta lana euskaraz egin ahal izateko trebakuntza eskaintzea.

Korrikari babesa adierazi eta Osakidetza euskaldun baten aldarria egin asmoz, 20. Korrika abiatzen den egunean, Martxoaren 30ean, Osakidetzako langileok argazki masibo bat egiteko deia luzatzen dugu, Korrikaren alde, euskararen alde, kalitatezko osasungintza euskaldun baten alde. Gure eguneroko lanean euskaraz aritzeko aukeraren alde. Guzti hau posible izan dadin neurriak eta laguntzak abiatzearen alde.

Hona hemen hitzordua: Argazki masiboa Korrika eta euskararen alde, Gasteizen, Santiago ospitalaren aurrean, Martxoaren 30ean, osteguna, eguerdiko 12tan.

Langileon ekimen hau babesteko gonbidapena zabaldu nahi dugu. Gasteiztik haratago batetik, langilegoaz haratago, bestetik. Hortaz, Martxoaren 30ean Gasteizen izatea ezinezkoa duten langileei mezua luzatzen diegu beraien atxekimendu mezua edota argazkia osakikorrika@gmail helbidera bidali diezaguten. Bestetik, Gasteizko herritarrei, auzo eta guraso elkarteei, euskararen aldeko taldeei, Osakidetzako sindikatuei, guztiei gonbidapena luzatzen diegu argazkian parte hartu dezaten edota aipaturiko posta helbidera atxekimendua bidali dezaten.

Martxoaren 30ean elkar ikusiko gara.

Osakidetzako langileok Korrikarekin bat