Erabakiak eta ondorioak

 http://alteretaego.wordpress.com

 

41_sentimendu erosoa

Argazkia: Sentimendu erosoa
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840 px (3:2)
Sortze data: 2013/06/07
Latitudea: 43º 16,740´ N
Longitudea: 2º 00,944´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f/2.8L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100mm
Irekidura: f2,8
Esposizio denbora: 1/30?
Sentikortasun eskala: 800 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Erabaki bat hartzen den unean, beti, zerbait galtzen dela esan ohi da. Egia da, alta. Eta baita erabaki bakoitzak bere ondorioak dituela ere.

Erdi Aroko familia baten larruan jartzea baino ez daukagu hortaz jabetzeko. Bere ondasun guztiak mando baten gainean jarri eta bizimoduaren bila mundura abiatzen zen familia bat. Bidegurutze bakoitza buruko min bat zen, eta norantz jo erabakitzea apustu bat. Horregatik jartzen ziren erlijio-sinboloak bidegurutzeetan, goragokoen bitartekaritzaz erabaki desegokiak uxatzeko. Gaur egunean, ostera, goragokoek hartzen dituzten erabakiak dira orbanik handiena. Alua mundua.

Garai batean erabakiak hartu beharragatik ere gehiago ordaintzen ziguten lanean, norbaitek bazekielako ondorioak hartutako erabakiaren araberakoak zirela. Baina auskalo zein bulego hantusteetan oraintsu asmatutako krisian murgilduta gauden honetan, garai bateko plus hori ere minus bihurtu dute.

Bidegurutzeak egunero aurkezten zaizkigu begien parean. Are gehiago etxetik ehun eta koska kilometrora lan egiteko zortea dugunoi. Baina, horretan bai, goragokoei eskerrak eman beharrean gaude. Bidegurutzeak errotondengatik aldatu dituzte leku asko eta askotan. Horrela, erabakia hartzea errazago egiten zaigu. Kotxeak daraman inertziak berak erabakia ia-ia inkontzienteki hartzen laguntzen digu eta, konturatzerako, beste errotonda batera eramango gaituen bideari ekin diogu, automaten moduan.

Baina benetan garrantzitsuak diren erabakiak, zorionez edo zoritxarrez, bidegurutzeak izaten jarraitzen dute. Eta erabakia, hortaz, ondo hausnartu beharrekoa.

Aspaldi darabilgu gogoan Erdi Aroko hura bezalakoa ez den, baina haren antz handia duen gure familia handitu beharko litzatekeen edo ez. Orain oso modernoak garenez eta erlijioan sinesten ez dugunez, gainera, ez dugu goragokoen laguntzarik erabaki egokiena aurkitzeko orduan. Opusekoak edo bagina, orduan bai, argi legoke hautua, baina bataiotik ere ez pasatu izanak ondorio hauek ditu. Erabakiak eta ondorioak, hemen ere.

Hau guztia nahiko ez eta, kolpez, aldagai berri bat sartu zen joan den astean ekuaziora: alabak, inguruari beti so dagoen hiru urteko iratxo horrek, argi utzi digu bera bezalako beste bat nahi duela. Eta nahikoa ez eta, gainera, baldintza bi jarri dizkigu: txikia eta neska izatea. Lehenengo baldintza betetzeko modukoa dela deritzot; bigarrena, aldiz fifty-fifty bat.

Egoera are nahasgarriago bihurtzeko, handik egun bira, pisukideak katu bat hartzea ondo legokela bota dit. Greziako poeta hark esan bezala: ¡Cuánta puta, y yo que viejo! Bidegurutzeen errenkada via crucis bihurtzen denean, nahitaez, erabakiak hartu beharra dago. Katuak asko gustatzen zaizkit, eta baita umeak ere, baina bataren eta bestearen ondorioak arras desberdinak dira, noski.

Holakoetan burko bat ondoan izatea da onena eta, zuzenean, galderak hari luzatzea. Katuarenak ez dit lorik kentzen; umearenak, ordea, bai. Eta gehiago kenduko dit gerora. Burkoak erantzunik bueltatzen ez badit, bertan burua jartzen duen besteari eskatuko diot erantzuna.

Ego dixi.