Erabaki bakarrarekin bi mamu uxatu ditu Gasteizko alkateak

PPkoa izango da hurrengo lau urteetan Gasteizko alkatea, Javier Maroto. Hartu berri duen erabakia honakoa: BAI Center auditorium polemikoa baztertu egin du eta esparru horretan geltoki intermodala eraikiko du. Hala, batetik, inbertsio erraldoia gelditu du, eta, bestetik, Arriaga parkea ez du ukituko geltokia eraikitzeko. 

Hilabete luzetako gatazka izan dira Javier Marotok erabaki bakarrean bideratu dituen bi gaiak.

Bai Center

Aurreko alkate Patxi Lazkozen proiektu izarra eta estrategikoa. Punta-puntako musika, kongresuak eta erakusketak antolatzeko sortu nahi ziren eraikin erraldoiak, Lakuan. Bizilagunen elkarteetatik kritika zorrotzak jaso zituen proiektu horrek.

Batetik, milioietako inbertsioa udalak egin behar lukeelako kanpoko laguntzak jaso bitartean. Horrek udalean zulo ekonomikoa sortuko luke eta inbertsio sozialak atzeratu. Udaleko alderdiek ere, PSEk salbu, aurkako jarrera hartu zuten inbertsioen tamaina agerian gelditu zenean.

Bestetik, BAI Center alkatearen handinahien erakusle gisa ulertu dute gasteiztar askok. Aurretik zezen plaza erabilanitzarekin gertatu bezala, beharrezkoa ez den proiektua aurrera eramateak ekar lezakeen enegarren porrotaren beldurra zabaldu du.

 

 

Geltoki intermodala

Autobusak eta AHT batuko dituen geltokia Gasteizko Arriaga parkean eraikitzeko asmoa zuen aurreko alkateak. Kontua da, parkearen zati bat desegin behar zela hori egiteko.

Horren aurka (eta baita hein handi batean AHTren aurka ere) Lakuako bizilagunek protestaldi luzeak eta manifestazioak antolatu dituzte azken urtean SOS Arriaga Parkea elkartetik. Ez hori bakarrik, joan zen otsailean herri-galdeketa antolatu zuten, %97ak parkea mantendu eta geltokia ez eraikitzearen alde egin zuen.

 

Hemendik aurrera…

Alkateak proposatutakoaren arabera, BAI Center proiektua bertan behera geldituko da. Ekonomikoki sortzeko eta mantentzeko garestiegia dela argudiatu du. Baina, zer egin orain arte Eusko Jaurlaritzaren aurreko esparruan egin den zulo handiarekin? Marotok lan horiek aprobetxatu nahi ditu bertan geltoki intermodala eraikitzeko. Ondorioz, Arriaga parkeak bere egungo itxura mantenduko du.