Euskaraz bizi ahal izateko nahitaezkoa da hizkuntza-politikak iraultzea

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati Europako Kontseiluko aditu-batzordeko kideekin bildu dira gaur Madrilen, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren hirugarren ebaluazioaren karira. Bi txostenetan jaso dute egindako azterketa: EUROPAKO ITUNAREN BETETZE MAILAREN 3. EBALUAZIOA.EAE eta EUROPAKO ITUNAREN BETETZE MAILAREN 3. EBALUAZIOA. NAFARROA

Bilbaok gogora ekarri du “Espainiako Estatuak Euroituna orain dela hamar urte berretsi bazuen ere, oso urrun dago bertan jasotzen dena betetzetik, eta onartezina iruditzen zaigu Estatuan indarrean dagoen corpus juridikoa baino apalagoa den Euroituna bete ez izana. Horrek agerian uzten du geure hizkuntzaren normalizaziotik eta euskaraz bizitzeko dugun eskubidetik urrun gauzkatela.”

Izan ere, Espainiako Estatuan Euroituna 2001ean indarrean jarri bazen ere, ordutik hona aurrerapauso eskasak eman direla azaldu du Bilbaok, eta Nafarroako kasua agerian jarri nahi izan du. Izan ere, Ituna berrestean, Nafarroako eremu zabalenean euskara ofiziala ez denez, konpromiso sendoenak bertan aplikatzerik ez zegoela argudiatu zuen Estatuak. “Hirugarren ebaluazioan konpromiso apalak betetzen direnentz ez du zehaztu Espainiako Estatuak. Hortaz, Nafarroako eremu zabalena de facto Euroitunetik at jarri du. Ondorioz, gure hizkuntzak pairatzen duen babes-eza agerian utzi dute” gaineratu du Bilbaok.

Oso kritiko agertu da Espainiako Estatuak egin duen txostenarekin eta halaxe jakinarazi zaie Adituei: “Mila orrialdetik gorako txostena egin dute eta inkongruentziak besterik ez dituzte jaso. Zergatik ez dute azaldu egun Espainiak 500 arau baino gehiagok inposatzen dutela gaztelaniaren erabilera? “ galdegin du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Petriatik agerian utzi nahi izan du aurreko bi ebaluazioetan adituek jaso zituzten beltzuneei aurre egiteko politika eraginkorrik abian jarri ez dituztela: “Behatokiko urteko txostenetan bezalaxe, osasungintza, justizia, barne-saila eta Espainiako Estatuko administrazio periferikoaren inguruko kezkak agertu izan dituzte orain arte, eta Estatuak ez du zuzenean jaso zein neurri hartu duten hori konpontzeko.”

Euroituna duela hamar urte berretsita ere, egun ez dago epaiketa bat euskara hutsean egiterik, osasun zerbitzuak euskaraz jasotzerik ez dago, Espainiako Estatuko Administrazioak sistematikoki urratzen ditu hizkuntza-eskubideak… Hori guztia horrela izanik “bada garaia hizkuntza-politikak iraultzeko eta Euroitunaren espirituari benetan jarraitzeko” azaldu du Petriatik.

Adituekin egindako bileretan hartutako oharrak kontuan hartuz, hurrengo asteotan Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariek herritarrek pairatutako eskubide-urraketekin osatuko duten txostena helaraziko zaie adituei Strasbourgera: “Egun euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarrek jasan behar duten bereizkeriaren berri helaraziko diegu bizipen errealen bidez; milaka orri bete dezakete, eta egiazta dezatela euskaraz bizitzea dagoenik” gaineratu du Petriatik.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.