Elikadura jasangarri baterantz
Elikadura jasangarri batetaruntz, landa eremuko elikagaien kontsumoa eta eskaera –
EHUko Udako Ikastaroak eta Landaola federazioak, “Elikadura jasangarri batetaruntz, landa eremuko elikagaien kontsumoa eta eskaera” ikastaroa antolatu dute ekainaren 15erako. Azpeitiko Soreasu antzokian egingo den saioaren inguruan hitz egin du Ainhoa Zabalak, Landaola Federazioko azoken koordinatzaileak.
.
Ekainaren 15ean Azpeitiko Soreasu antzokian “Elikadura jasangarri batetaruntz, landa eremuko elikagaien kontsumoa eta eskaera” udako ikastaroa antolatu duzue, EHUrekin batera. Zer eskainiko du ikastaroak?
Alde batetik, elikadurari dagozkion ikerketa, plangintza eta administrazio planen inguruan jardungo gara nekazal elikagaien joera, kontsumo eta praktika osasuntsuak mahai gainean jarriaz. Hauek guztiak, zentzua hartzen dute elikadura politika eta gobernantza eredu berriak indarrean jarri eta eraldaketarako proiektuak gauzatzen direnean. Horretarako, esperientzia ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. Proiektu eta esperientzia hauek, testuinguru errealetan kokatzeko modua izango dugu. Era berean, ezagutza partekatu eta hausnarketarako gune izatea nahiko genuke bertaratzen direnen artean.
Esperientzia desberdinak ere agertuko dira bertan, Azpeitikoa, Lea-Artibaikoa edota Nafarroakoa, besteak beste. Benetako esperientziak gertutik ezagutzeak garrantzia du honelako gaitaz ari garenean, ezta?
Hala da bai. Aurkeztuko diren ikerketa eta administrazio planak ezagutzeaz gain, Euskal Herriko eta Kataluniako esperientziak eta tokiko elikadura politikak izango ditugu gure artean. Kasu erreal hauek, eraldaketarako giltzarri izaten ari diren egitasmo hauek alegia, nazioarte mailan gertatzen ari den eraldaketaren islada dira gure ingurune hurbilean.
«Nekazal elikagaien joera, kontsumo eta praktika osasuntsuak mahai gainean jarriko dira ikastaroan, eta esperientzia ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera izango da»
Izen-ematea abian da. Zer moduz doa?
Izen ematea poliki-poliki aurrera doa. Sektoreko profesional ezberdinei zuzendutako jardunaldia dugu hau. Izan ere, Elikadura, lurraldearen garapen jasangarriaren oinarri nagusienetako bat dugu, eta eragile ugari eta ezberdinen elkarlan eta kolaborazioa ezinbestekoa izango da jadanik abian dugun etorkizun hurbilean.