The Clash Euskal Herrian

The Clash Euskal Herrian-

Maiatzak ihes egin baino lehen, The Clashek Euskal Herrian jo zuenekoa ekarri digu gogora Entzun musika aldizkariak, “1981ko maiatzean emandako kontzertua gogoratzen”.

The Clash Euskal Herrian Hamaika Telebistako Musika Zuzenean saioak ekarri du gogora. Eta youtuben entzungai dago orduko kontzertua. Guk garaiko bi elkarrizketa irakurri eta sareratzea pentsatu dugu. Muskaria musika aldizkariak [Pedro Elias Igartuak, 8. zenbakian} eta ARGIA astekariak elkarrizketatu egin zituzten The Clash taldeko musikariak, Anoetako belodromoan bertan.

.

The Clash: Iraultzaren Rocka

Susmo txarren konpasetan zetozkigun Bartzelonatik, Madrilen eta Lisboan jo ondoren, The Clash taldekoak. Guztion belarritan zeuden oraindik Bruce Springsteenek Bartzelonan izandako arrakastaren hotsak eta The Clashekoek jasandako porrotaren oihartzunak.

Ez genekien Donostian zer gerta litekeen bainan “kritikoek”, oso gaizki jo zutela zioten, ez omen zuten lortu disketako sonoritatea. Honako honi Clashekoek, ez dutela kritikoentzat jotzen batekin erantzungo liokete.

Hala ere, jendea asko haserretu zitzaien. Kontu hauei sarrerak balio zituen 600-700 pezetak eta egiten zuen eguraldia (euria eta hotza) erantsiz gero ez genuke esperoko belodromoaren betetzea, jendartean The Clash hain ezaguna ez balitz eta egiten duten musika hain herrikoia (bai, herrikoia) ez balitz.

1977. urtean iraultza handia gertatu zen rokanrollaren barnean: Punka sortu zen. Garai hartan Pink Floyd, Yes, Genesis eta abarrek rokanrrola menderatzen ari ziren. Supertaldeak, Sinfonikeria, tresna garestiak, sasoiko zama nagusiak ziren. Guzti hura deuseztearren zenbait talde berri, zarpotsu eta trakets agertu zen. Tresna (jogailu, instrumentu) merke batzuren bidez aire berri eta freskoak ekarri zizkioten rokanrrolari, han zegoen The Clash eta haien artean kokatu behar ditugu; nahiz eta gero (azken diskan, Sandinistan) reggae eta dub deritzen musika motatara hurbildu.

Hala ere, beti egin izan dutena; polizia, soldaduzka, estatua eta arrazismoaren aurka jardutea izan da. Krisisaren soinua.

Iraultzaren rocka Pear Harbour eta The Explosions bere taldeak ireki zuen kontzertua. Praka gorri eta zurizko tipa hura agertu zenean lehen rokanrorlaren doinutan bihurrituz bere gorputza bortizki dantzatzen eta kantatzen jende guztia zutitu zen (aurrean behintzat) dantzan hasteko. Giroa piztu zen. Oso ondo. Deputamadre.

Hamaikak eta laurdenak, martxosa horren ondoren mugimendua, zerbezak, kanuto gehiago, ezagunak, e.a. Orduerdi barru listo zegoen guztia, gurekin The Clash!!

Kontzertua Marinaledan gosegrebaz hildako nekazariari eta gosegrebalari guztiei eskeini zieten. Txistuarekin Agurra jo zuen batek, betaurreko beltzdun batek. Jendea lehen baino estutuago eta martxosoago. Argi ekipo sinplea eta ondo erabilia. Diapositibak zeinetan agertzen baitziren pistolak jendea apuntatuz, poliziak, hormak, e.a. Jendea dantzan, jendea kantan, jendea, jendea. «Kalean ejerzitoa duzue zai» zioten, jendea oihuka ari zelarik eta gelditu gabeko dantzan. Ez zuten ia atsedenik ematen kanten artean, gelditu gabe jo eta kean aritu ziren ordu eta erdian. Guztiak gustora, guk behintzat liluraturik bukatu genuen (nekaturik ere bai), zorabiaturik joan ginen kamerinoetarantz, kontzertuaren oihartzunak gogoan genituela (eta oraindik ditugu). Gure ustetan Donostian ikusiriko kontzerturik ederrenetakoa genuen (keba, tio, hoberena, onena).

Pasiloetan itxaron ostean kamerinoan sartu ginen matoi, bizkartzain handien artean. Han zeuden zerbeza, kokakola lata, frutazuku, txanpain… artean. Nahi genuena hartzera gonbidatu gintuzten. Leher eginda zeudela nabarmenki ikusi genuen lehenbizi. Hozki hasieran, alaiago eta builosoago geroago honela joan zen elkarrizketa.

ARGIA: Zer moduz kontzertua?

THE CLASH: Ez dakigu ezer sainuaren kalitateaz, baina ez gaude oso pozik jo dugunarekin, %50rekin bakarrik. Giroa oso beterik zegoen energiaz baina gu ez gara gauza izan energia hori kontrolatzeko eta horregatik ez gaude konforme gure saioarekin.

ARGIA :Zer geratzen da zuen lehen etapatik, zer geratzen da punketik?

THE CLASH: Punk-a oraindik bizi da.

ARGIA: Zergatik ari zarete aldatzen, orduan?

THE CLASH: Aldatzen ez baduzu zureak egin du, eta horregatik… aurrerantzean jarraitzeko aldatu behar.

ARGIA: Orduan, zer pentsatzen duzue Dead Kennedys eta Plasmatics-i buruz eta oraindik punk egiten jarraitzen duten taldeetaz?

THE CLASH: Asquerrosso!! Zabarra.

ARGIA: Nora doa zuen musika Sandinistaren ostean?

THE CLASH: Badago esaera zahar bat: «Musikaren ereduak aldatzen direnean, hiriko paretak behera doaz». Hor dago gakoa. ARGIA: Zergatik ipintzen duzue hainbeste gauza espainolez zuen abestietan, zergatik zaudete hain interesatuak Hego Amerika eta Espainiaz? THE CLASH: Sei urte nituenean gazteleraz egiten zen eskola batetan ikasi nuen. Eta oso ondo hitzegiten nuen baina orain dena ahaztu zait eta gainera sinpatia diegu Hego Amerikako herriei.

ARGIA: Troskistak al zarete?

THE CLASH: Ez gara troskistak, ez gara ezer. Interesatzen zaizkigunak norbanakoen eskubideak dira, edezein lekutan, Espainian, Inglaterran… ez du ezertarako balio troskista izateak horrek libertate gutxiago suposatzen badizu. Ez litzaidake gustatuko Errusian bizitzea, ez dago askatasunik, Amerikan bezala. Eta ez du ezertarako balio dagoela esatea, ez dagoenean. Ez dago ezberdintasunik Errusia eta Amerikaren artean, biek hiltzen dute jendea, biek zigortzen, torturatzen, e.a. Ez dakit zuek OTANen sarturik zaudeten, Ingalaterra bai eta ez dugu Amerika eta Errusiaren artean zanpatuak izan nahi.

ARGIA: Hala ere, zuen abestietan gehiago kritikatzen duzue Amerika, Errusia baino…

THE CLASH: Bai, egia da, baina galde egin iezaiezu Afganistango matxinoei ea zer pentsatzen duten Errusiaz.

ARGIA: Ez al duzue pentsatzen zuen hasierako punk-zaleen artean ez dela ondo erori gaur egun egiten ari zareten musika?

THE CLASH: Berdin zaigu. Duela hiru urte Alemanian izan ginenean jende guztiak galdetzen zion bere buruari ea zer arraio egiten ari ote ginen eta aurten itzuli garenean sasipunk-zale guztiek Oh, ohohohoh!!! egiten zuten. Horiek paja hutsa dira.

ARGIA: Hemen jo baino lehen bazenekiten zerbait hemengo egoeraz?

THE CLASH: Noski! Hemengo berriek egunero agertzen dira Ingalaterrako egunkarietan, irratian, telebistan… Bai, bai, ezaguna zaigu.

ARGIA: Eta ingeles aldizkarietan irakurri duguna, hots, taldean tirabirak izan dituzuela egia al da?

THE CLASH: Zein taldek ez du problemarik? Hori hasteko. Badakizuenez gure izena Clash (txokea) da, beraz Clash-a izan behar dugu. Gu ez gara Nick Lowe edo Joe Jackson bezalakoak, gu lau gara, talde bat gara eta lauron artean iritzi ezberdinak sortzen ditugu, hamar hilabete igaro ditugu eztabaidatzen baina oraindik hemen gaude.

ARGIA: Zer pentsatzen duzue Rollingen azken diskoari buruz? (Denetako komentarioak entzuten dira, batek oso txarra dela dio eta besteak, berriz, putamadrekoa)

ARGIA: Nolakoa da zuen egoera CBS multinazionalaren barnean?

THE CLASH: CBS putetxe bat da eta gu putak gaituzue.

ARGIA: Zer pentsatzen duzue ETAz?

THE CLASH: ETAk nahi duena bere herriaren buruaren jabetza da, Euskal Herria euskaldunentzat, IRAk Irlandan bezala. Herri batek hainbat indar ipintzen badu borrokan, horrek azpian zerbait dagoela adierazten du, ez dakit gehiago zuen egoerari buruz baina Ipar Irlandari dagokionari buruz… Bobby Sands hiltzear dago, badakizue, eta hori da gerta daitekeen gauzarik okerrena.

ARGIA: Zer pentsatzen duzue Margaret Tatcher andereari buruz?

THE CLASH: Txoro alu bat besterik ez da. Margaret Tatcherrekin dena hankaz gora doa, langabezia zeruratzen, errepresioa hedatzen… badakizue? Ingalaterran beltza bazara edo beltza ez izanik gaztea eta gauez kaletik bazoaz eta polizia agertzen bazaizu eta magnetofoi edo edozer gauza badaramazu gainean, non lapurtu duzun galdetuko dizute, beltza bazara egurtuko zaituzte eta bestela ere zuk magnetofoia lapurtu duzula sinatu arte. Hori Inglaterrako polizia. Inglaterra herri arrazista da.

ARGIA: Zein talde gustatzen zaizkizue gaur egun?

THE CLASH: PIL, oso onak dira eta gero ere badago beste bat ere, STRAY CATS. ARGIA: Eta Bruce Sringsteen? THE CLASH: Ona baino habeagoa, oso ona, oso ona… Hori da Rock and roll, the real thing.

ARGIA: Police?

THE CLASH: Police, Polizia bera da. Jendeak ez dezala pentsa nahi dute, ez dezala inguruko kaka eta giro beltza ikusi, ez dezala langabezia edo errepresioaren aurrean erantzunik eman eta une batetan jendea pozik edukitzea bilatzen dute. Putaseme batzuk dira. Ez dugu haietaz ezer jakin nahi.

ARGIA: Spanish bombs delako kantan Federico Garci­a Lorca aipatzen duzue; irakurri al duzue?

THE CLASH: Bai, irakurri dut, baina berriro irakurtzeko asmoa dut, baina gaztelaniaz hurrengoan zeren eta ez zaizkit itzulpenak gustatzen. Itzulpenek ez dute inoiz balio, poetaren gainetik beti ipintzen baita itzultzaile bat, akademiakeria unibertsal irakaslekeria guztiak isurtzen dizkiolarik poemari. Rimbaud irakurri nuenean bost bertsiotan irakurri nuen, denak ezberdinak ziren, zeharo ezberdinak eta hiztegia erabiliz konturatzen zara guztiak desegokiak direla eta horregatik nahiago dut bere hizkuntzan irakurtzea.

.

Jendea kamerinoan sar zedin utzi zuten, eta une batez jendez gainezka egon zen. A ze beroa! Autografoak, ingeles batzuk beren pelikula komentatzen, argazkiak, e.a. Azkenean Groutxo Marxi buruzko galdera bat egitean altxa ziren biak Groutxo imitatuz, bata mahai gainetik bizkarra makurturik eta zigarroa balitz, besteak gure magnetofonoaren mikrofonoa hartu hortzen artean eta clash! hantxe bertan hautsi zen. Eta ez zen gurea magnetofonoa…

Xabier Montoia. Iñaki Uria

The Clash Euskal Herrian The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian  The Clash Euskal Herrian 
Entzun!, musika, punk, The Clash
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude