Ekainaren 9ko mobilizazioa: Askatasunaren alde herri duin bat!

Ekainak 9ko mobilizazioa: Askatasunaren alde herri duin bat! –

Mauletik abiatu dugun gaurko mobilizazio honekin, zatiketa administratiboen gainetik herri bakar bat garela nabarmendu eta duintasun beharra azaleratu nahi izan dugu. Duintasun eredu horretan sinbolikoki esanguratsuak diren hainbat herri lotu ditugu ibilbidean eta Gernika hautatu dugu ekimena bukatzeko tokitzat.

Gernika ikur berezi bat da euskaldunontzat, bai antzinako zuhaitzagatik eta bai 1937an jasandako bonbardaketagatik. Eta Gernikatik egin nahi dugu Moncloan egosi eta gure aberria zatitu eta salduz, inposatu zen estatuto baskongadoaren salaketa ozena. Batzuek “Gernikako estatuto” izendatu baitzuten espainiar konstituziotik eratorritako amarrua. Eta hein berean berau erreformatzearen iruzur berriaren salaketa ere egin nahi dugu: Euskal Herriak ez du ziklo estatutista berririk behar. Euskal Herriak askatasuna behar du!

Duela hamarkada batzuk, nazio askapen borrokari esker, gure herriak pairatzen duen marko juridiko-politikoa krisialdira eramatea lortu zen eta autonomismotik burujabetzara igarotzeko prozesu baten beharra hedatu zen sektore zabaletan. Gaur aldiz, nazio askapena eta herri euskalduna bera dira krisialdian murgilduak daudenak eta atzo burujabetza aldarrikatzen zuten batzuk autonomismora lerratu dira politikoki.

Gaur, PNV historikoki bezala, EH Bildu ere Moncloako estatutoaren defentsan eta marko baskongadoaren erreforman murgilduta dabil. Orain, ustezko pragmatismoaren izenean “autogobernu” deitzen diote Bildutik ere espainiar menperakuntza autonomikoa besterik ez denari.

Gure herriak atzerritar okupaziopeko erregimena pairatzen du. Nortasun propioko nazioa den Euskal Herriari ez zaizkio bere naziotasuna eta nazio eskubideak onartzen. Alderantziz, frantziar eta espainiar naziotasunak inposatu eta gure lurraldetasuna eta gure autodeterminazioa ukatzen zaizkigu biolentzia estrukturalaren bidez.

Hori da hain zuzen Altsasuko gazteen kasuak era gordinean mahaigaineratu duen errealitatea. Hemen ez gaude “demokraziaren” eta “justiziaren” kalitate afera baten aurrean. Hemen, frantziar eta espainiar estatu inperialistek militarki okupaturik bizi gara eta okupatzaileek, beraien interesen arabera, euskaldunok jazarri eta bahitzen gaituzte.

Hamarkadetan zehar euskal langileriaren eta sektore herrikoien borrokak ahalbidetu du estatu zapaltzaileen asimilazio saioari aurre egin eta nazio askapena bultzatzea. Ez nazioarteko inperialismotik, ez Madrileko eta Pariseko kolore desberdinetako gobernuengandik ez dugu etsaitasuna besterik espero behar. Zapaldurik gauden bitartean ez dago bake eta elkarbizitza demokratikoaz hitz egiterik eta ilusio faltsuetan galdurik ibili ordez, ukaziozko errealitatea aldatzeko nazio askapen borroka indartu behar dugu. Gure esku dago ikuspegi estrategikoarekin eta ausardiaz jokatuz, testuinguru zail eta erabakigarri honetan herria eta herri borroka indartzea eta behar dugun indar-harreman aldaketa gauzatzeko pausuak eragitea. Eman dezagun guztiok dugun onena. Euskal Herriaren askatasunak merezi du!

Ekainak 9ko mobilizazioa: Askatasunaren alde herri duin bat!

2018ko ekainaren 9a, Gernika

Ekainak 9ko mobilizazioa: Askatasunaren alde herri duin bat!