Mediku gazte euskaldunak, duintasunaz dira mintzo

Mediku gazte euskaldunak, duintasunaz dira mintzo –

Ikasketak bukatu berri dituzten euskal mediku gazteek, beste behin, duintasuna agertu eta beraietaz harro egon daitezkeela erakutsi diote euskal komunitateari.

2015eko graduazio ekitaldian Xabier Iturraspe mendexarrak egindako salaketak oihartzun handia izan zuen, eta geroztik segida izan du urtero-urtero; azkenengoz hemen eta orain, Ane Negueruela Lazkaotarraren ahotsean. Orain gutxira arte medikuntza ikasle izanak, hizkuntzaren arloan pairatu dituzten zailtasunez gain, ikasketa prozesuan mespretxuak jasan izana eta emakume izanagatik gutxietsi dituztela ere salatu du.

Mintzaldiaren bideoa Iker Agirrek eskegi du bere Facebook orrialdean.

Ane Negueruela Lazkaotar ikasle ohia.

Posted by Iker Agirre on Tuesday, June 12, 2018

.

«Mila esker graduazio honetan ikasleei hitz egiteko eskainitako 120 segundoengatik.

Eskerrak zinez euskal medikuntza irakatsi diguten horiei, EHUk gor egin baitie so gure euskaltzale oihuei. Eskerrak lainopetik euskarazko medikuntza argiztatzen diardutenei, euskal medikuen faktoria honen barnean zubiak eraikiz. Eskerrak eman banakoei, ikasleak pertsona moduan tratatu eta zuen esfortsu pertsonalarekin mediku izatera gerturatzen gaituzuenoi. Eskerrak familiarteko eta lagunei, izan direnei eta direnei, gau amaigabe bat baino latzagoa izan denean, hor egoteagatik.

Tamalez, ospitalean altzari moduan tratatu gaituzuenok ere aipatuak behar duzue izan. Jakin, ikasteko gogoa, beharra eta eskubidea genuela; jakin, askotan mingarria izan dela, eta zuek ere ikasleak izan zinetela.

Ikasi eta bizi, mugak eta oztopoak gaindituz, horretara goaz. Isilduko ez diren ahotsak behar dugu izan, harkaitz batean kate motzean lotutako hanka askatuz. izan ere, zein da orain euskararen diagnostikoa fakultatean? Vitoriak ez du zer ospatu, Bizkaian dagoenean on eta ez dagoenean hor konpon, Donostian ereiten jarraitu behar uzta jasotzeko. Gaur, hemen gaude sei urteren ondoren, mitoak hautsiz. Urtez-urte indar handiagoz oihukatuz, ahoz-aho, belaunaldiz-belaunaldi: mediku on eta euskaldunak gara!

Baina ez dira hizkuntzaren ingurukoak soilik bata zuri batek ezkutatzen dituen zauriak eta gabeziak; osasungintzan emakumezkoa gehiengoa izan arren, gutxiengo sentiarazi gaituzte. “… ¿y dónde está el medico?”, “… ¿y tú qué dices, ojitos bonitos?”, “… ¿y tú de dónde vas a sacar el tiempo para cuidar a tus hijos?”. Eta zu, zenbatgarren galderan nazkatu zinen?

Batzuetan hitzez, begiradez eraso, beste batzuetan makilkadak jaso. Urrutira joan gabe, gure artean dago arazoaren erroa, begiratu beharrean ikusi ezazu, eta saia gaitezen, asko ikasi dugun arren, arazoa mahai gainera irteten denean, desikasten ikasten. Ez diezazkizula departamentu buru batek, lankide batek, edo ikaskide batek hegoak moztu, ez zaitzala erortzeak beldurtu, amildegitik erori eta besoak astintzeak. Izan dadila azkena, txotxongilo garena!».

Mediku gazte euskaldunak, duintasunaz dira mintzo

Mediku gazte euskaldunak, duintasunaz dira mintzo
duintasuna, EHU, euskaraz, medikuak, salaketa

Zer duzu buruan “Mediku gazte euskaldunak, duintasunaz dira mintzo”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude