Salgai Kursaalaren 10. urteurreneko kontzerturako sarrerak

Kursaal

Ekainaren 3tik aurrera, asteazkena, salgai egongo dira Kursaalaren 10. urteurreneko kontzerturako sarrerak. Kontzertua datorren ekainaren 25ean izango da Auditorioan eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak parte hartuko dute, Enrique Ugarte eta Miguel Ángel Gómez Martínez maisuen zuzendaritzapean, eta Ainhoa Arteta eta Benito Lertxundi bakarlari gisa hartuta.

Iñaki Salvador Trío jazz taldeak osatuko du gala. Hau oro har berezia eta musikalki oso anitza izango da, aria eta operez gain, Iparragirre, Ugarte eta Lertxundiren obrak edo jazz piezak joko baitira.

10. urteurrena ospatzeko, ekitaldiz jositako asteburua ere antolatu da, Kursaaldia, ekainaren 25etik 28ra, biztanle guztiak barne hartzeko asmoarekin.

Kursaaldiak familiarteko aisia, gazteak eta adin guztietako pertsonak ditu helburu. Horren baitan, hainbat jarduera programatu dira, bai musikazkoak bai kirolezkoak, nola Kursaaletik kanpo hala bertako terrazetan. Bereziki haurrentzat, pailazo-ikuskizuna izango da Pirritx, Porrotx eta Marimototxen eskutik ekainaren 27an, larunbata, 11:00etan Auditorioan.

Sarrerak, bai ekainaren 25eko kontzertukoak bai ekainaren 27an, larunbata, izango den pailazo-ikuskizunekoak, Kursaal Fundazioak erabili ohi dituen bideetatik eskura daitezke, hots, Internet bidez (www.kutxa.net), Servikutxa kutxazainetan, Telekutxa bidez (943 001 200) eta Kursaaleko leihatilan ekainaren 3an bertan, ondorengo ordutegian: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Kontzerturako sarreren prezioa 10 eta 45 euro artekoa izango da eta pailazoen ikuskizunak 1 euroko prezio sinbolikoa izango du.

Nork ez du oraindik Kursaala ezagutzen?

Bisita gidatu bereziak eta doakoak interesa duten guztientzat

Zabaldu zenetik, eta urteotan zehar, kongresu-jauregiak eraikina ikusteko interesa duten gipuzkoar eta turistei zuzendutako doako bisita gidatuen programa garatu du, eta, oraindik ere, horretan dihardu.

Guztira, 4.554.139 pertsonak ezagutu du eraikina zabaldu zenez geroztik, eta 1999ko urrian hasita kongresu-ordezkariei, bilera, aurkezpen, hitzaldi, mintegi eta batzarretako parte-hartzaileei edo kultur ekitaldietako ikusleei eskaini zaizkien bisita gidatuak ere kontuan hartuta.

Hala ere, eta oraindik ezagutzen ez duen inor baldin badago, 10. urteurrena dela-eta, bisita gidatu berezietara etortzeko dei egiten diegu nahi duten guztiei. Bisita horiek ordubetekoak izango dira eta ekainaren 27tik 28rako asteburuan egingo dira.

Bisitak:

*        Ekainaren 27an eta 28an

Ekainak 27, larunbata: 17.00etan, 18:00etan eta 19:00etan
Ekainak 28, igandea: 12:00etan eta 13:00etan

(Kursaal Fundazioa)

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.