Zentsura salatzeko kontzentrazioa egin dugu EITBren Bilboko egoitzan, Administrazio Kontseiluaren bilera dela eta

Zentsura salatzeko kontzentrazioa EITBren Bilboko egoitzan – 

EITB, publikoa eta anitza. Zentsurarik ez.

Informazio publikoa gobernuaren edo erakunde baten irizpide politiko, ideologiko edo moralen arabera aldaraztearen edo ezabatzearen ekintzari esaten zaio zentsura. Eta hori da, hain zuzen ere, EITBn aplikatzen dena: zentsura.

Azkeneko adibidea joan den urriaren 16an ikusi genuen. Maddalen Arzallus ETBko ‘Biba zuek!’ saioko aurkezleak Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ programan egindako bertso musikatua eitb.eus ataritik eta EITBko sare sozialetatik kentzeko agindua eman zuen zuzendaritzak, sektore ultraeskuindarrek Twitterren abiatutako kanpainari men eginez.

Preso batek kartzelan igaro duen denborari buruzko hausnarketa egiten du Arzallusek bere kantuan. Zein da “arazoa”? Ion Kepa Paroten kasua -71 urte ditu, eta urriaren 13an utzi zuten aske, kartzelan 32 urte egin ostean- hartzen duela abiapuntutzat, eta zuzendaritzari ez zaiola hori gustatzen. Izan ere, inork pentsatzen al du bideo hori webgunetik kenduaraziko zutela gogoeta hori Ameriketako Estatu Batuetako heriotza korridorean dagoen preso baten harira egin izan balitz? Bistan da, ezetz.

Nabarmena da bideoa irizpide politikoen eta ideologikoen arabera ezabatu zutela, eta erabaki horren arduraduna EITBko zuzendaritza nagusia da.

Gertakari honek sare sozialetan eragin duen zalapartari esker, argitara atera da EITBn zentsura aplikatzen dela. Alabaina, zentsura ezartzeko moduak hainbat dira, eta sarritan ez dira kanpotik erraz antzematen. EITBko medioetan ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia kaltetu dezaketen albisteak ez ematea edota horiei ahalik eta denborarik gutxien eskaintzea; besteak beste, ‘De Miguel’ auziarekin,  Alonsotegiko EAJko hiru alkate ohi ustelkeriagatik inputatu izanarekin edo AHTaren inguruko azken informazioekin gertatu bezala.

Horrez gain, ezin dugu ahaztu ETBko hainbat saiotan parte hartu duten elkarrizketatu, gonbidatu edo lehiakideei “Altsasukoak aske!” edo “Independentzia” lelodun kamisetak kentzera behartu dituztela; “Blue lives matter” mezu arrazista eraman dutenei, berriz, ez.

Honek guztiak erakusten du EITBn erabaki asko irizpide politikoen eta ideologikoen arabera hartzen direla, eta hori onartezina da komunikabide publiko batean.

EITBko komunikabideetan audientziak ez dira onak. Badakigu gainbehera horren jatorrian hainbat faktore daudela, baina aipatu zentsura kasuen harira, EITBk ez du irudi onik, ezta sinesgarritasunik ere, euskal gizartearen zati handi batentzat. Eta agerikoa da sinesgarritasuna galtzeak ez duela ikus-entzuleen eta erabiltzaileen hazkundea ekarriko. Hausnarketa hori egitea eta EITBren noranzkoa aldatzea EITBko zuzendaritzari dagokio. Edonola ere, orain arte jaso ditugun erantzunak kontuan hartuta, ez dugu jarrera aldaketarik espero, eta, tamalez, ziur gaude EITBko zuzendaritzan erabakiak irizpide politikoen eta interes partidisten arabera hartuko direla aurrerantzean ere.

Gauzak horrela, astelehen honetan, hilaren 24an, arratsaldeko 16:00etan elkarretaratzea egingo dugu Bilboko egoitzako atarian, Administrazio Kontseiluak bilera duela baliatuta; eta langile guztiei bertan parte hartzeko deia egiten diegu, Maddalen Arzallusi babesa adierazteko, zentsura salatzeko eta EITBk publikoa eta anitza izan behar duela aldarrikatzeko.

….

EITB Mediako Enpresa Batzordeak (Telebista, Irratia eta Digitala)

EITB, publikoa eta anitza. Zentsurarik ez!

Zer duzu buruan “Zentsura salatzeko kontzentrazioa egin dugu EITBren Bilboko egoitzan, Administrazio Kontseiluaren bilera dela eta”-ri buruz

  • errota mendi 2022-10-26 14:52

    Bai noski eta Berria zein Argian ez dago zentsurarik edo manipulaziorik.