EITB eta auzolana

EITB eta auzolana

EITB eta auzolana
Photo by fgoni

Gogoan dut txikitan araiztarrak “Funtzioa”ra publiko gisa joan zirenekoa. Akontezimentu handia izan zen hura herrian. Beste garai batzuk ziren. Beste telebista bat zen hura. Bazen herritarren eta txoritxoaren arteko halako lotura berezi bat. Auzokoa bihur zitekeen bapatean saio bateko protagonista, eta besteak, adi-adi hari so. Eta hurrengo egunean, guztiok ahotan, bezperan ETBn ikusitakoa. Eta ez da ba hainbeste denbora… Azkenaldian berriz, tertulisto asko, eta herritar gutxitxo. Egiari zor, berriz ere herrietara gerturatu den saio sorta bat jarri da abian azkenaldian. Bakoitzari berea, okerrak bai, baina zuzenak ere badirelako tartean. Horregatik idatzi dut hau denboraldi berria hastear dela, ez nukeelako hau saio edo izen zehatzen gaineko eztabaida bihurtzerik nahi. Arazoaren mamira jotzeko, hori bai, saio bakarra aipatuko dut: “Auzolan”, aste honetan bertan abiatuko dena. Ez besteak baino hobea izango delako, hori ikusteke bait da, baina bai sinbolikoa izan daitekeelako.

Gogoan dut ere txikitan, batzuetan afal orduan aita ez zela etxean izaten. ETB herrian ikusi ahal izateko taldetxo bat antolatu, eta bilera luzeak izaten zituzten. Gordeak ditu oraindik dirua lortzeko ateratarako pegatinatxoak. Hainbat kontzertuak eta jaialdi egin, eta azkenean Elosta puntan errepikagailu bat jartzeko adina diru lortu zuten herritarrek eurek. Auzolana izan zen hura ere.

Urteak joan, urteak etorri, berriz ere ETB Nafarroan ikusteko arazoak. Teknikoak omen, baina politikoak izan, bistan denez. Lana eta borondatea beharko da horretarako ere! Bietatik beharko dugu, guztiok. Etxe barrutik hasita. Azken aldian, etsipena nagusitu ote den txoritxoaren kaiolan… Norbera berean, eta kitto. Eta hori ez da ez batere ona. Gurean ezinbesteko ziren bi lankide fin galdu berri ditugu. Alde ona? Legebiltzarrean izango direla bertako errealitatea primeran ezaguten duten bi parlamentari. Lehendik ere badira, beste alderdietan ere, etxe honetako lankide izandakoak. Ezezagutza beraz ezin izango da aitzaki. Kanpaina hasi berri den honetan, EITBkoak ez luke xextrarako aitzaki bihurtu behar. Portzentai eta zenbaki hutsetatik haratago, filosofiaz, egituraz eta helburuetaz aritu beharko genukeelako. Eta ahal dela, berandutu baino lehen, dagoeneko berandutxo ere ba bait da.

Atzera begiratuta, “Bilin bolonka” ikusiz hazitako haurtxo harek lortu du txoritxoarenean lan egitea. Soldata irabazteko modua baino zerbait gehiago ere badelako harentzat bertan aritzea. Sinistuta dagoelako, enpresa soil bat baino gehiago dela euskal komunikazio talde publikoa. Lankide bati irakurri nion aurrekoan, gero eta zailagoa egiten zaiola hau bere etxetzat hartzea. Lastima. Benetako iraultzak barru-barrutik abiarazi behar direla sinistu nahi dut oraindik orain, nahiz eta batzuetan kosta. Hori gogorarazten diot neure buruari. Egia da hainbat erabaki zail direla ulertzen, eta are gehiago babesten, baina argi dut beti, batzuk eta besteak, denak ezagutzen ditudalako, fede txarrik ez duela inork, eta egiten dutena hoberako delakoan egiten dutela guztiek. Baina akatsak onartzeko erreparorik ez du behar, eta laguntza eskatzeko beldurrik ere ez. Nazionalaren eta tokikoon arteko elkarlana ezinbestekoa da. Sektoreko gainerako eragileekin ere behar du zubia. Bestela, burbuila batean biziko bait gara, mundutik at… eta gure iragarkiko extralurtarraren gisa jokatuko dugu. Aurreskua dantzatuta gertura da lurrera iragarkian. Eta halaxe gerturatu beharko luke txoriak berak ere. Keinu bat baino ez da izango, keinu xinpatikoa… baina halakoen beharrean ere bagaude, bestela ez bait dugu inor seduzituko, eta horren premian ere bagara. “Zeu zara EITB” sariekin esango nuke bide hori urratu nahi dela, egokiena ote den edo, hori ere eztabaidagarria, baina tira, urratsez urrats egin beharko da bidea beti ere.

Proiektu berri bat abian jartzea egokitu zaidan honetan, hortxe eman ditut azken egunak kolaboratzaile bila. Euskal munduan ezagunak zaizkigun hainbat lagunengana jo dut, eta tartetxo bat egingo ote diguten. Ez da lan erreza izan.. Nabarmena da erdal eta euskal munduaren arteko distantzia, bi hizkuntzen arteko egoeraren arteko aldea bezain handia dela. Biak gerturatzearekin tematu, eta erronka zail horretan nire aletxoa jarri nahiko nuke. Eta eginahal horretan bidelagun izan nahiko nituzkeenak erakartzerako orduan, neure barruko kontraesanak ere azaleratu dira. Hizkuntz batean edo bestean aritzeko muga eta marra gorria jarria duenari, kosta egiten zait ezer leporatzea. Koherentzia beti da txalogarri, eta printzipioak, norberarenak ez ezik, ezinbestekoak. Hortxe beraz, akaso, gure buruari jarri beharreko lehenengo etxeko lana: Batak besteari bizkar emanda bizi diren bi mundo horiek nola gerturatu? Bien arteko zubia nola eraiki? Ez dut erantzun argirik. Horiek ere elkarrekin zehaztu beharko genituzke. Foro edo guneren baten premian gaude, non zuzendaritza, langileak, politikariak eta batez ere herritarrak elkartuko garen, nondik gatozen eta nora goazen erabakitzeko. Eta horretarako, behin auzolana bukatuta egiten den hamaiketakoa, parada ezin hobea izan daiteke. Sor dezagun tarte hori. Urte batzuk badira etxe honetako hainbat langilek “Bostekoa” izenpean, hainbat proposamen egin genituela kalitatezko irrati-telebista batek beharko lituzkeen oinarriekin. Ez litzateke abiapuntu txarra. Eman diezioagun berriz ere bostekoa elkarri, beraz, eta bostak baino hamarrak jar ditzagun lanean. Auzolanean. Mereziko du, seguru!

EITB eta auzolana

9 pentsamendu “EITB eta auzolana”-ri buruz

  • ETB espainol kateen kopia merke eta lokal bat bihurtu dute. 100 kate daudenean bere izaera propioa du edo proiektua amaitzear dago.

    Nazio baten komunikabidea behar du izan eso ez da ezer.

    Hausnarketa honek ETBn inflexio puntua markatzea ezpero dut.

    • Urko Aristi 2016-09-22 15:09

      Guztiz ados! Eredu propioa behar dugu. Hori da abiapuntua. Eta kopiatzen jarrita, zeini eta zertarako kopiatu ere jakin behar da. Guztia edo gehiena dago asmatuta. Guztiz berritzailea izatea zaila izango da. Baina badira beste eredu batzuk, estatuko kate komertzialak ez direnak, eta guretzat eredugarri izan daitezkeenak. Adibiderako, hain arrakastatsua gertatu den “Herri txiki” Kataluniako antzeko batetik hartutako ideia dugu, eta hara!

  • Nola da posible ahozko komunikazioan hain ezagun bihurtu denak hain gaizki idaztea? Urko Aristi ez da edonor, “bait” nola idatzi ez jakiteko

  • Haritz… artikulu eta gaiari egin nahi diozun aportazioa hau da… primeran hi… EITBk badu garaia hausnarketa sakon bat egin eta daraman bide xistrina aldatzekoa. Euskaldunon telebista publikoak beste zerbait behar du izan, funtzionariadoak alde batera egin lezake hasteko…

    • Urko Aristi 2016-09-22 15:10

      Beharrezkoa dugun freskotasuna, partehartzeak ekarriko dio: gero eta jende gehiago, ideia gehiago, ideia berriak… Eta ausartak. Ausardia falta dugu, nik uste!

    • alperrik ari zara funtzionarien lastrea dudatan jartzerakoan… ez dago zer eginik!
      azkenean, produkziorako, ez da sosik garatuko! zenbat eta zenbat alferkeri gordinean! zenbat eta zenbat euskaraz hitzik egiten ez dutenak, alderdien interesak zaintzeko bakarrik daudenak, reziklaje intentsibo erabateko baten premia gorria duten dinosauro jurasikoak…

  • … ETB1, ETB2, ETB3 ,ETB4,… eta ETBko programa gustokorik ikusteko hain aukera eta gogo gutxi ditudanaren sentsazioa… Dirurik ez omen da ETBn, eta hori arazoa, dirua nongo zirrikitutik joaten den jakin nahiko nuke…

  • Dirua ez dagoenean ideiak eta gogoa. Nork behar du Patagoniara joan? Pirinioen bi aldeetan datzatzen dugun Herria garenean. Esate baterako.

    • Urko Aristi 2016-09-22 15:11

      Bai, balantzan jarri beharko ditugu batzuk eta besteak… Arrakasta nola neurtu, ikusle kopuruarena izango da bat, eta hori ere ukaezina da, baina bestela onurak ere eman beharko lizkiguke produktu batek arrakastatsutzat hartzeko…