EHBai ezkerreko alternatibaren aitzindari
EHBai ezkerreko alternatibaren aitzindari –
Herriko bozen bigarren itzuli honek ezkerreko mugimendu abertzalearen zigilua du ipar Euskal Herrian, duda arrastorik gabe. Lehen itzuliko emaitza ederren baieztatzea, eta hobetzea lortu dute haiek gidaturiko edo integraturiko zerrendekin. Igandeko emaitzek jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat erakusten dute irabazi diren herriko etxeei begira.
Herriz Herri
Abertzaleen garaipenen artean gutxiago aipatu da behar bada baina erranahi handia du Uztaritzeko herriko etxearen atxikitzeak. 2014ko bozetan konkistatu zuen Lapurdiko hiriburu historikoa Bruno Karrerek, orain arte abertzaleen esku zen herririk handiena, 7000 bat biztanlerekin. Behatzaileok partida zaila ikusten genion aurten, ikusirik kargualdian zehar gehiengoan desadostasun gogorrak izan zirela bereziki euskara hutsean parte hartzeko ezintasunagatik, eta kanpotik hirigintza planaren aurka herritar batzuk altxatu zirelako. Karreren zerrendak igandean %51rekin garaipen argia lortu du beste bi zerrendak %25en inguruan utziz. Elkargoko batzorde eragileko kide ere dena indarturik jalgi da.
Urruñak hartu dio lekua aurten Uztaritzeri auzapez abertzale bat izanen duen herri populatuenaren lekuan. Ipar Euskal Herriko seigarren herria da 10.000 biztanle ingururekin. Eskuin frantziarzalearen gotorleku izan dena hamarkada luzeetan, Filipe Aramendi abokatuak konkistatu du ezkerreko tendentzia bat baino gehiago biltzen dituen zerrendarekin. Azken urteetan oposizioan egin lanak eman dio bultzada Aramendiri eta bi itzulien artean emaitza hobetu ere du. 500 boz gehiago eskuratu ditu, beste bi zerrendak hein bertsuan egoten ziren bitartean. Aramendi %46, Gavilan %28 eta Etxebarne %26
Zibururen kasua, Urruñaren idurikoa da. Lekua uzten zuen auzapez anti-euskalduna, eskuina zatiturik eta ezkerreko indarrak baturik. Azken sei urteetan Eneko Aldana-Douat eta Leire Larrasak herriko kontseilutik egin duten oposizio aktiboaren uzta gisa uler daiteke aldaketa. Hor ere bi itzulien artean emendatze handiena izan duen hautagaitza izan da Ziburu Bizi-rena, gehiengo osoa erdiestarainokoa %57rekin.
Aipaturiko hiru herrietan lehen itzuliko emaitzak baieztatu ditu bigarrenak. Itsasun, sorpresa izan da Mikel Hiribarrenen laborari sindikalistaren garaipena. Martxoan bigarren egin zuen zerrendak emaitzak hobetu zituen igandean, erakutsiz abstenitu ziren batzuk edo hirugarren zerrendaren alde egin zuten batzuk konbentzitzen ahal zituztela. Enbata mugimenduaren garaian Aberri Egunaren herrian, hamarkadetako lanaren emaitza da eta abertzaleen «normalizatze» baten seinale ere.
Halaber, bi itzulien arteko emendatze adierazgarria ikusten da Azkainen, Gorka Tabernaren zerrenda izanen baita oposizioko indar nagusia Jean Louis Fournieren parean.
Beste bi herritan EHBai-k sustengaturiko zerrendek integratu zituzten hautagaitzak dira nagusitu. Hendaian Kotte Ezenarro, alderdi sozialistak Ipar Euskal Herrian duen auzapez bakarrenetarik (bakarra?) izanen da berriz ere bozen %55ekin; eta Senperen Dominique Idiart independente euskalzaleak gidatuko du gehiengoa ehun boz baino gutiagoko aldearekin irabaziz. Azpimarratzekoa da duela sei urte abertzaleekilako aliantzari uko egin ziola Idiartek… eta galdu.
Baionan zen foko nagusia igandean Etxegarai/Etxeto partidarentzat. 2014an bezala ezkerreko zerrendek gehiengo osoa zuten lehen itzulian eta galdu dute bigarrenean. Jean René Etxegarairi baliatu zaizkio zerrenda zabalaren aurkeztea (beti ere eskuineko alderdi guztien babesarekin), bere Elkargoko lider izaera, abertzaleei inporta zaizkien gai batzuen alde egin urratsak. Aldea 2014an baino handiagoa da: garaian 26 boz ziren eta orain 1000 pasa.
Biarritzen, Maider Aroztegi eskuindarrak irabazteak argiki erakusten du BAB (Baiona Angelu Biarritz) eskualdea, ipar Euskal Herriko bihotz demografikoa kontserbadoreen esku gelditzen dela, argi eta garbi. Michel Veunac zentristak bere gehiengoan kolore politiko anitz biltzen bazuen, Aroztegi Les Républicains alderdikoa da. Beste hiru zerrendei aise nagusitu zaie %50 batuz. Bi itzulien arteko estrategian ezker ekologista-abertzalea Guillaume Barucq zentristari juntatu zitzaion. Garaipenetik urrun bukatu arren, oposizioko lehen indarra izanen dira ekologia eta justizia sozialaren inguruan elkarturik. Aspaldiko partez oposizioan izateak diskurtso argi baten garatzera behartuko ditu, ikusiko horrek ondorioak izanen dituen ondoko hauteskundeetan.
Maulen, Louis Labadot komunistaren irabazteak oihartzun handia izan du, batek baino gehiagok ez baitu ulertu zergatik zerrenda abertzalea ez den elkartu Mixel Etxebest orain arteko auzapez euskaltzalearekin jakobino bati bidea irekiz. EHBai-k sustengaturiko zerrendarentzat Mixel Etxebesten figura eta lan egiteko moldeak hastapenetik gaitzetsi ditu, auzapezari bere ber aritzea leporatuz. Sei urte hauetan desadostasun handiak izan dituzte Etxebesten gehiengoaren proiektu nagusien inguruan. Labadotek kanpaina denboran ukatu du egiten zaion anti-euskaltasun auzia, horren frogatzeko aukera izanen du.
Mila biztanlez goitiko beste herrietan, orain arteko udal taldeek errepikatuko dute: Urketan Raymond Darricarrerek, Bidaxunen Jean-François Lasserrek eta Bokalen Francis Gonzalezek. Azken honek erresistitu du, matematiken kontra, bi itzulien arteko aliantza sozialista-ekologistari.
Uhina herriko etxeetatik elkargora?
Frantziar estatuan uhin berdeak bete ditu hedabideen titularrak. Hiri handi esanguratsuetan garaile atera dira ekologistek gidaturiko edo presentzia azkarra zuten zerrendak, Parisen, Marseillan, Lyonen edo Bordalen, gutxi batzuk aipatzeko. Beste alderdien ahulezia, klima larrialdiaren seinale argiak edo konfinamendu garaiak ekarri gogoeten emaitza izan daiteke. Ipar Euskal Herrian joera ekologista horrek ezkerreko abertzaleen kolorea hartu du hauteskunde hauetan, urteetako borrokaren zilegiztatze bat bezala. Proiektu erraldoien kontrako borroketan, elikadura burujabetzaren aldeko iniziatibetan, elkarte eta kooperatiba munduan hartu protagonismoak ematen die orain aitzindari izateko aukera politika instituzionalean.
Herriko hauteskunde hauen ondorio bat izanen da eskualde batzuetan indar harremanak aldatuko direla. Elkargoaren lehen legealdi osoa izanen den honetan, lurralde poloetara itzuli nahi dute hainbat erabaki hartzeko boterea, polo horietatik ere proposatuko dira Elkargoko batzorde eragileko hautagaiak.
Hego Lapurdin ezkerreko indarrek haizea alde dute Ziburu, Urruña eta Biriatu eskuinari hartu ondoan. Garazi-Baigorrin kolore aldaketa izanen dela dirudi abertzaleen alde. Amikuzen Donapaleu herri nagusia eskuinak galdu zuen. Zuberoan, elkargoko batzorde eragileko kideak ziren Mixel Etxebest eta Dominika Bosq-ek auzapez kargua galdu dute, izen berriak zein izanen diren ikusmina bada. Hazparneko lurraldean ere berritasunak izanen dira, Hazparen herria bera Isabelle Pargadek Beñat Intxauzperi kendu baitzion.
Lehen ondorioak ikus genitzake Uztailaren 17an, elkagoko lehendakariaren hautatzerako orduan. Jean-René Etxegarai ez da oraindik argiki hautagai gisa azaldu, Alain Iriart EHBaiko kideak gogoetak aitzinatuak zituela jakinarazia du publikoki eta beste batzuk ere izan daitezke, sektore kontserbadoretik edo sozialisten artetik. Jokoa laster argituko da
Zerrenda abertzaleak saritu dituzte igandean bainan ñabardura batzuk ekarri behar dira. Lehenik abstentzioaren zenbakiak handiak dira eta martxotik ekainerat punutu bakar batzuez goiti egin dute, %43ko izan da parte-hartzea Baionan, %46koa Biarritzen. Egiten ahal den beste galdera da: nork bozkatu du auzapez abertzale horientzat? Bozkatzaile guzti horiek abertzaleak direla erraitea tronpatzea litzateke. Beste kudeaketa baten alde egin dutela argi da eta horregatik ekintzetan erakutsi behako dute auzapez berri horiek. Bestalde, Ipar Euskal Herriko komunitate euskaldunarentzat herrien kudeatzea edo elkargoan botere emendatzea ez da helmuga bezala ikusi behar. Ekiteko ahal murritzak dira eta aldaketa handiak ekarriko dituztela pentsatzea amets egitea da. Alde baikorra da, herri mugimenduen lana erraztu dezaketela eta baliabide batzuk eskaini, baina aitzinamendurik gertatzen bada eskualde hauen eskualduntzean, sistema jasangarriago baten alde, edo burujabetza politikoaren bidean; hori ez da herriko etxeetatik etorriko.