Zazpiak bat

Zazpiak bat –

Hemen jorratuko dudan gaia ez da gure zazpi lurralde historikoen batasuna, baina pandemia horren ondotik garatu behar genukeen estrategia. Horretarako abiapuntu eta oinarritzat hartzen dut Txetx Etcheverryk iragan hilabeteko Enbata aldizkarian agertu duen gutuna, Coronavirus: sept leçons de la crise, estrategia horretako zazpi puntu nagusiak azpimarratuz. Idatzi duen musika nire txirulaz egokituko dut hemen, tresnaren araberako aldaerak ekarriz, tarteka nire ohar, iruzkin eta komentarioak gehituz.

Zazpiak bat

1 – Ideologia nagusia zalantzan ezarri. 1980ko hamarkadan liberalismo ekonomikoa zinez gogortu zen: 1929ko krisiaren ondotik estatuek ekonomian hartu zuten indarra murriztu zuen, zerbitzu publikoa gutitu, langileen eskubidea mendratu. Ronald Reagan estatubatuar presidenteak eta Margaret Thatcher ingeles lehen ministroak bide berria markatu zuten, neoliberalismoarena hain zuzen. Printze bakoitzak bere izariko Makiavel/Machiavelli aurkitzen du: bi horiek asko bildu zituzten beren katixima berriaren aldarrikatzeko, unibertsitatean eta komerzio eskoletan guru eta mandarino sartu ziren, dogma berria saldu zuten mundu osoan, eta orain denetan dago. Europako Batasuna molde horretan sortu zen, pribatizazioen ADNea odolean dauka, eta horrek ezker ortodoxoa ere kutsatu digu: adibidez Frantzian pribatizazioak Jospinekin hasi ziren. Dogma hori gezurrezkoa da eta zinez kaltegarria. Salatu behar dugu konkretuki eta zehazki, azpimarxismo zinez pobretu baten katixima txikira mugatu gabe. Hau denen baitan dago, etengabe errepikatzeak ez du deusik ekartzen, urrunago joan behar da.

2 – Estatuak ekonomian ezin duela deus egin: neoliberalismo horren gezur nagusia, interesatua. Pandemiaren kariara ikusi dugu gobernu batek nahi duelarik asko egin dezakeela, dogma izorratzailearen gainetik edo bazterretik iraganez. Europako Batasunak ere bere ideologiaren despit dirutan sostengu azkarra ekarri dio ekonomiari. Orain denek badakigu estatuek anitz ahal dutela. Ez dezagun ahanztera utzi.

3 – Kolapsoan ez dut sinesten nik ere, ezta arrats handian. Sistema indartsu dago, egoerari egokitzen badakiela erakusten du berriz. Munstro horrek buru anitz baditu, eta zangoak milioika, batzuk nahitara, besteak beharrez. Ez gaitezen egon mirakulu beltz edo arrosa baten haiduru. Lanean jarrai dezagun aurrera, sail eta maila guztietan, etengabe, beti elkarrekin. Ez dago mirarizko biderik.

4 – Zer dugu beharrenik? Ene ustez egurats/aire ona, ur garbia, janari sanoa, jantzia, egoitza, osasuna, garbitasuna, elkartasuna, behar denean korritzeko ahalmena, beharrezko ekai eta ekoizkinen garraioa, eta horien erdiesteko, adinean dagoenak lan egokia. Lanbiderik premiatsuenak araberan, ondasun horien lortzeko behar direnak ditugu normalki. Pandemia honetan nabarmendu dira bereziki artatzaile mota guztiak, laborariak, garraiolariak, janaritzako enplegatu eta langileak, garbitzaileak, zakar biltzaileak, ur, gas, argindar banatzaileak, irakasleak, postariak, suhiltzaileak, poliziak, soldadu batzuk, eta ahanzten ditudan beste zenbait… Ofizio baliosenak, maiz gogorrenak, apalenak eta merkeenak, jendartea zutik atxiki dutenak.

5 – Naturak bere faktura aurkezten digu. Piztiei beren eremuak murrizten dizkiegun arau, bereziki oihan eta basoak, haienganiko gaitzak jendeetara pasatzen ari zaizkigu eta jendartean hedatzen. Beste pandemiarik paira dezakegu ondoko urteetan. Gainera ez ahantz oraiko ekonomiak ingurumenari egiten dizkion beste kalteak, klimaren berotzea eta gaineratekoak.

6 – Gure jendarteak zein minbera diren. Txinan agerturiko birus bat berehala hedatu da hegazkinei esker, munduaren erdia hetsialdi luze batera behartuz. Botikak eta maskak ere handik erakarri behar… Janari asko ere urrundik erakartzen… Garraioen krisi larri bat gerta baledi, nola moldatu behar genuke?

7 – Gure bizi baldintzak berriz eskuratu behar ditugu. Bide bakarra dugu bizitzeko ekoizkin premiatsuenak hemen segurtatu nahi baldin baditugu edozein krisiren aurrean, ingurumenarekiko harreman onak lotuz ber denboran, ekonomia iraunkor eta jendarte orekatu baten oinarrian.

Jean Louis Davant

Zazpiak bat

Zazpiak bat

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

2 pentsamendu “Zazpiak bat”-ri buruz

  • Bicaina!

  • Benat Castorene 2020-07-05 10:14

    Jean Louis Davant Jauna ezdakit irakurriko duzun komentario tipi hau bainan zure testuan eta aipatzen duzun Txetxenean ideia interesgarri eta on asko aurkitu ditut eta normal denez eskas batzu ere ene ikuspuntu umiletik.
    Zer nahi gisaz,erran nahi nizun preziatu dutala batez ere zure 7.pundu hori ekonomiari buruz.:
    Izan ere, oraiko kapitalismoak gure eskualdean ahalbidetzen digun bizimodua ( kontsumo gehiegizkoa, ekoizpen lan guti egin beharra…) oinarritzen da besteak beste faktore hauen gainean:
    Asiako eta beste toki urrunetako lan merkearen arpilatzearen egoistean, itsas tankerrez eta hegazkiez eginiko ekoizpen garraio itzeletan eta energia fosileen erabilpen arduragabean. Denak dira kaltegarriak planetarako eta azkenean guretako ere.
    Haien geldiarazteak suposatzen du gure gizartearen eraldaketa sakon eta gogor bat usaia txarrak kanbiatzeko. Egiazko iraultza ideologiko bat.
    Hona galdera batzu biei:
    Konturatu zarete seguraz ere bizimodu zuhurrago eta langileagora itzuli beharko garela?
    Pentsatzen duzu eraldaketa sozio ekonomiko haundi eta beharrezko hori balia ginezakeela estrategia politiko bat euskal subiratasuna iparraldean errekuperatzeko, adibidez euskara inposatzeko gure eremuan?
    Ala aldi bat gehiago eraldaketa hori kanpotik goaitatu pairatuko dugu gure nazioa horren kariara behin betiko desagertzeko arriskuarekin?