EH Bai-en biltzar nagusia

EH Bai-en biltzar nagusia –

Hitzordu inportantea ezkerreko abertzaletasunarentzat martxoaren 3an: EH Bai-en biltzar nagusia. Hara biltzar hortan jorratu behar liratekeen hiru lerro nagusi: Iparraldearen egituratze politikoa urrunago eramatea, gure lurraldeak jasaten duen presio demografikoaren kudeantza eta gazteak politikarat erakartzearen premia.

EH Bai-en biltzar nagusia

Martxoaren 3an EH Bai-en biltzar nagusia iraganen da. Bizitzen dugun unearengatik ezkerreko abertzaletasunarentzat hitzordu hori biziki inportantea da, lehenik eta behin, aitzinean dugun egutegi politikoarengatik.

Izan ere, 2020an herriko bozak izanen ditugu, eta horren arabera gauzatuko da Herri Elkargoaren konfigurazioa. Herriko etxeko hautetsiak sei urtetarako hautatuak direnez, 2020ko herriko bozek 2026a arte iraunen duen Iparralde mailako panorama instituzionala finkatuko dute.

2020ari begira prestaketa lanak aski fite abiatu beharko ditugu. Behar horren arabera finkatzen da EH Bairen biltzar nagusiaren garrantzia. 2020- 2026eko denboraldi politikoari nolako perspektibak markatu nahi dizkiogu? Eta perspektiba horiei bide emateko gisan, ondoko bi urteak nola jorratuko ditugu?

Aukera haundiagoak

Galdera horiei erantzunak ematen hasi beharko gara, Iparraldeak ondoko zortzi urteetan ezagutuko dituen aldaketak gogoeta- gai edukiz. Lehenik erran behar da, abertzaletasunak Iparraldean azken hogoi urteetan eman dituen aitzinamenduak itzelak direla. Horrekin batera, ondoko urteei begira sekulan baino aukera handiagoak ditugula gure herriari bultzadak emateko. Baina, datozen zortzi urteei begira gakoak izan daitezken problematikak ez ditugu bistatik galdu behar.

Pertsonalki, hiru azpimarratuko nituzke.

Lehena, Iparraldearen aitortza instituzionalean beste urratsa lortzearen beharra. Pentsa dezagun hemendik zortzi urteen buruko, deus ez bada aldatzen kasik hamar urte beteko direla Herri Elkargoa eratu denetik. Abertzaleek Herri Elkargoaren alde egin dugu, urrats hori abiatze bat baizik izan daitekeelakoan. Estatu frantsesak aldiz, Herri Elkargoa “laxatu” du, lehen eta azken aitortza urrats gisa. Saihestu behar dugun egoera da beraz, Herri Elkargoaren kuadroan “blokeatuak” gelditzea. Idealki, 2026rako kuadro instituzional berri bat irabazi beharko genuke, edo behintzat, hori lortzeko baldintza sendoak sortu. Horri begira, Kortsikan gertatzen ari dena arreta handiz segitu behar dugu. Hain zuzen ere, hango Lurralde Kolektibitatearen formatu berria oraindik indarrean ez dagoenean, uhartearentzat beste estatus politiko bati begirako elgarrizketak jada abiatuak baitira E. Macron-ekin.

Idealki, 2026rako
kuadro instituzional berri bat
irabazi beharko genuke,
edo behintzat,
hori lortzeko
baldintza sendoak sortu.

EH Bai erreferentzi deigarria

Bilakaera demografikoa da azpimarratuko nukeen bigarren problematika. Prospektiben arabera, ondoko hamar urteetan 50.000 pertsona gehiago Iparraldean bizitzera etorriko dira. Gehientsuenak BAB-n kokatuko baitira, horrek behin eta berriz ezkerreko abertzaletasunak Baiona, Angelu eta Miarritzeko hirietan duen eraginaz gogoetatzera eraman behar gaitu. Martxan dauden sakoneko aldaketen aroan (tartean, komunikazio teknologi berriena), nola egiten dugu EH Bai erreferentzi entzungarria, ikusgarria eta inpaktantea bilakatzeko eremu urbanoetan?

Azkenik, belaunaldi aldaketaren problematika. Mugimendu abertzaleak gaztetze (ez gaztetxe,…) baten beharra duela iduritzen zait. Eta preseski, karikaturalki bada ere, problematika honela laburbildu daiteke: gazteak nola e(ra)kartzen ditugu gaztetxetik politikara?…

Hasteko (edo bukatzeko), erronka guzi horiei erantzuteko, ezkerreko abertzaletasunak EH Bai indartu eta berritu bat behar duenez, martxoaren 3an denek EH Bai-en biltzar nagusian parte har dezagun.

Xabi Larralde Enbata.info

EH Bai-en biltzar nagusia

Ekonomia irakaslea. Sortuko bozeramailea.