Eguna
Eguna –
Urriak 15, landa eremuko emakumeen* mundu eguna.
Urriak 16, elikaduraren mundu eguna.
Industrializazioak baserri ereduan eragin zuzena izan du, ekoizpen bolumenak handituz, teknologia eta makineria sartuz eta eredu intentsibo batean murgilduz. Eredu intentsiboak dirua jarri du erdigunean, elikadura kate globalak eraiki eta sustatu ditu, eta biodibertsitatea eta bizitza zaintzeari uko egin dio. Eredu industrialaren testuinguru ekonomiko kapitalistak baldintzatu du ekoizpen proiektuen errentagarritasuna eta baserrian gizonezkoaren eskubideek lehentasuna hartzea (baserrien titulartasunean edo kotizazioan, adibidez) emakumeen zeregina eta eskubideak ezkutatu eta deuseztatuz. Urteak dira agerian geratu dela sistemaren oinarri direla desberdintasuna eta haren eraikuntza antropozentrikoa, etnozentrikoa, androzentrikoa eta erabat indibidualista.
Landa eremuko belaunaldi ezberdinen emakumeen testigantzen bidez, biolentzia mota asko iristen zaizkigu: baserritar gizonezkoaren bikote gisa soilik hartzen da eta ikusezina da; lurra eskuratzeko eta bizitzeko eskubideak bigarren mailan onartu zaizkie; bizitzaren eta proiektuen erreprodukziorako ezinbestekoak diren hainbat lan (ekoizpenen komertzializazioa, elikagaien eraldaketa, ezagutzen transmisioa, elikadura eta pertsonen zaintza) ez dira beste lanak bezala baloratzen; rolen araberako lan banaketa egiten da; hiperzaintzailetzat hartzen dira; paternalismoa garatu da eta hainbat lan egiteko ezintasun «naturala» egozten zaie (adibidez, traktorearekin ibiltzeko edota mendi lanetan aritzeko); eta guztiarekin, isiltasuna.
Iraunkortasuna (ez Elikadura Burujabetza) eta Feminismoa ia diskurtso hegemonikoaren parte diren garai hauetan, guztion erantzukizuna da ingurunea eta landa eremuko emakumeak ez erabiltzea formak garbitzeko, politiken funtsa eta funtzionamendu-moduak aldatu gabe. Gehienetan, bata zein bestea, objektu gisa tratatu eta geruza berde-morez bustitzen dira proiektu edo martxan jartzen diren ekimen asko. Deseraikitzeko, tresna eraginkor bakarra ikuspegi agroekologikoa eta feminista espazio guztietan txertatzea da.
Nola egin? Ezinbestez, birbanaketa garatuz, zenbait gune, maila eta eremutan, besteak beste: baliabideak; denbora; prestigioa eta aitortza; boterea eta erabaki ahalmena; erantzukizunak. Nekazaritza iraunkorraren eta feminismoaren arteko elkargunean, identitate kolektibo bat eraiki daiteke, non landa eremuko emakumeak historikoki ukatutako eskubideen subjektu izango diren, eta haien lana eta parte-hartzea balioetsiko diren, landa- eta hiri-munduen arteko produkzio eta erreprodukzio harremanak eraldatuz.
Bizitzari eusten dioten sistemak arriskuan daude, eta paradigma berriak eta trantsizio-prozesuak argitu behar ditugu, demokratikoagoak, bidezkoagoak eta iraunkorragoak izango diren egunak iristeko.
berrian argitaratua 2020-10-15ean