Militantziaren izenean, amen

Militantziaren izenean amen

Arrate Hernandez Oiarbidek Oarsoaldeko Hitzan. 

Sareak. zoriontasunaren formula: ez espero ezer besteengandik; Ni. Nola egiten da hori, ama?

Asko espero dut. Asko espero dut besteengandik. Gizarteagandik, lagunengandik, bikotearengandik, familiarengandik, ezezagunengandik, agintariengandik, berrikuntzengandik, sortzaileengandik, erakundeengandik.

Asko askorengandik. Orobat, kolpe asko jasotzen dut bueltan. Etsipen andana.

Militantziaren izenean, amen

Eta galdetzen dut: gauzak lasaiago hartu beharko nituzke? Iritziak isildu? Erreakzioak kontrolatu? Sorgin-gurpil horretan kateatuta, sasi hausnarketa batzuek eteten didate zorabioa noizbehinka. Esan gabe doa, normalean, inspirazioak bezala, momentu lasai batean ez beste noizbait harrapatzen nautela. Eta orduan, audio mezu luze bat grabatu ohi diot —bakarrizketa podcast ere izan daitekeen horietakoa— entzuteagatik jada txalo bat merezi duen pertsona horri. «Egitazko pertsonen eskasia bizi degu! Ez dezu uste? Sk tio, zaintza defendatzen dun gehiengoa ez da zaintzailea! Azkenean hobe izango da koraza bat itea! Imajinatu gure harremanen inguruko azterketak itea! Ez zan txarra izango eh! Gehio fijatuko ginakela uste dezu? Bakizu ze? Denbora librea ez da pribilegio bat!».

Kontua da salaketok ez doazela inora, hor geratzen direla noraezean —edo hodeian— galduta; asko jota sare sozialetako argitalpenen batean elkarbanatuko ditugu. Gure ingurukoek badute gure suminduren berri, are gehiago, askotan, erantzule egin ohi dugu erantzule ez dena. Eskala handiagoan, ordea, mutu geratzen gara.

Gauzak horrela, hedabide ezkertiar batek ez ditu kontratu prekarioak gauzatzen, ez gainkargarik ezartzen, ezta ordutegirik gabe lan egitea exijitzen ere. Euskaraz aritzeko esaten digutenek, beren aldetik, ez dute erdaraz hitz egiten, haientzat euskalgintza ez baita lana. Dirua maite ez dutenek ez dute soldata igoerarik eskatzen eta gardentasuna hitzeman zigutenek ez dute azpijokorik egiten. Inork ez du albokoa zapaltzen, inork ez ditu emakumezkoak zenbatzen. Denak zoriontsu bizi gara eta ekologistak, feministak, zaintzaileak eta solidarioak gara. Hori dirudi, behintzat.

Aipatu bezala, ezer agindu ez diguten horiekin izan ohi gara zorrotzen eta ez, beharko genukeen bezala, zerbait agindu digutenekin. Beldurrak kateatuta, nahiago dugu sentitzen ez dugun lausengu bat egin, gure buruarekin zintzoak izan baino, «lana da, ez dago besterik», «militantzia, badakizu» eta gisakoak indarrezko aitzakiatzat hartuta. Hori bai, gero, buelta erdia eman eta oka egin ohi dugu, ezpada zuzenean ukitzen ez gaituen zerbait bada. Orduan bai, nahi adina harrabots sortuko dugu, jende uholde batez —eta like-ez— ondo babestuta betiere.

Gauza gutxik emango didate jarrera horrek ematen didan bezainbesteko amorrua. Horrexegatik, zutabe hau hasieratik amaierara arte irakurri baduzu, mesedez, ez bukatu esanez: «Dauena xauk!».

Militantziaren izenean amen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.