Egun handia biharkoa

zuzenekoa

Dagoeneko ezagutuko duzu ZuZeu. Ezer gutxi dago argitzekorik, baldin eta ez bada lehen ez zegoen tresna bat dagoela orain Interneten euskaldunontzat. Geure begietatik mundura begiratzekoa, gainera.

Izatekotan, eskerrak eman beharrean gaude egitasmoarekin bat egin eta ZuZeuren horizontaltasuna ulertu duzuenoi: denon artean eta elkarren ondoan eraikitzea dela asmoa. Orain arte argitaratu diren 300dik gora sarreretatik, asko eta asko erabiltzaileek zuzenean sortutakoak dira. Zer esatekorik dagoen seinale.

Estekak ere, zientoka gomendatu dira hemen, han-hemenka aurkitutako perlak bailiran. Geuretzako moduko perlak, euskaldunon interesekoak izan daitezkeenak, dauden hizkuntzan daudela. Munduko beste hizkuntzetan irakurtzeak ez baitu kolokan jartzen geurea. Aitzitik, mundukoago egiten gaituela esango genuke, lekua aurkitzen dugula bertan, geure baita hutsera kizkurtu gabe.

Itxaropena badugu hemendik aurrera ere, erabiltzaile gehiago hurbilduko zaretela. Gomita argia da, behintzat: etorri eta sartu barrura, zeuretzat dago eta ZuZeu egina. Norentzat, bestela?

Kendu lotsak, eman izena, eta ekarri iritzia, albistea edo gomendioa, gogoeta edo eztabaida. Besteontzat jakingarri dela iruditzen zaizuna. Zeure etxean zaude eta. Ikuspegiak oro dira ongi etorriak, euskaraz diren bitartean.

Galdera edo zalantzarik baldin baduzu ere, jarrita dauzkazu horretarako bideak. Zuzenean erantzungo dizugu. Saiatu, bederen.

Eta bihar hamar t’erdietan tarte bat baduzu, egin iezaguzu bisita prentsaurre bertara edo, besterik ezean, egon geurekin ordu horretan ZuZeu ordenadorearen pantailan jarrita.

Izan ere, bihar hasiko baita zeure eta geure arteko historia. Atsegin baduzu, behintzat.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Egun handia biharkoa”-ri buruz