Egonkortasunaren alde eta kontra

Egonkortasunaren alde eta kontra –

ALDE

Inkesta denak bat datoz: gizartea kezkatzen duten gai nagusiak ekonomia eta enplegua dira. Ongizate gizartearen bi hanka funtsezkoak dira, hor dago herri honen anbizioa jarrita, eta horri erantzutera dator Eusko Jaurlaritzak PPrekin egindako hitzarmena.

Katalunia garesti ordaintzen ari da nahasmen politikoaren faktura, aldiz, EAEko egonkortasuna akuilu aparta da bizi kalitatea hobetzeko. Norbaitek argudia lezake zerga erreforma eta horren ondorio diren aurrekontu akordioak ez direla sozialak, ezta ezkerrekoak ere. Hor eztabaida egon daiteke. Kontrara, ukaezina da epe ertainerako segurtasuna eskaintzen duela hitzarmenak. Enpresei konfiantza ematen die, eta horrek, gutxi asko, onura ekarriko dio gizarte osoari. Besteak beste, 2020rako enplegua %10eko langatik jaisteko, Jaurlaritzak agindu bezala. 2014 hasieran %16an zegoen langabezia tasa, orain lau puntu beherago. Bada aldea! Krisitik aterata, euskal industriak –BPGaren %24– oxigenoa behar du nazioarteko inguruabarrek sortutako erronkei ahalik eta hobekien aurre egiteko, sozietate zergaren birmoldaketak balio dezake horretarako.

Enpresentzako zerga berri erakargarriaren –%24, Espainiakoaren behetik– ondorioa: lan gehiago –soldata igoera egongo dela dio Confebask-ek–, zerga ordainketa gehiago enpresa berriei esker. Inbertsio gehiago, hezkuntza eta osasun arloak dagokien moduan finantzatzeko, adibidez. Horretara bideratzen du diru gehien Jaurlaritzak, obra faraonikoak-estrategikoak deiturikoak konprometituta daude, AHT eta Erraustegia, eta ez da gehiago iragartzen ortzemugan. Datozen urteetako aurrekontuak bermatzeak, lau hiriburu, hiru lurralde eta erkidego osoan, sistema ekonomiko koherente bat sortzen du, funtzionatzeko modu egonkor eta efiziente bat.

Egonkortasuna aspergarria izan liteke zenbat eta okerrago orduan eta hobeto, zenbat eta gatazka gehiago orduan eta aukera gehiago dela uste dutenentzako, tartean ELA eta LAB sindikatuak, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos indar politikoak. Gehiengo politikoa baina argia da: %60 EAJ-PSE-PP. Adostasuna berri bikaina da. Herritarren borondatea, agindua, betetzen ari da Jaurlaritza, batzuei gustatu ez arren. Bizi kalitatea hobetzeko tresnak lortzea –kupo berritua tarteko–, gutxi al da? Abentura politiko gogoak makalduta daude erkidegoan. Kezka poltsikoan dago. Zertarako behartu beste biderik? Katalunian estatugintza lehenestu dute, orain arteko emaitza ezagunekin. Aldiz EAEn, aztoramenik gabeko garapen ekonomikoa da hautestontzien mandatua. Hitza betetzera dator Iñigo Urkullu. Egonkortasun saindua.

Egonkortasunaren alde eta kontra

KONTRA

Inkesta denak bat datozen bezalatsu, bat datoz baita ere datu sozioekonomikoak. Geroz eta kalitate eskasagoko lanpostuak ditugu Euskal Herrian. Inoizko gazte formatuenek, lanpostua izanagatik ere, ez dute Urkulluren egonkortasun horren usainik ere sumatzen. Jendarte ezberdintasunak geroz eta nabarmenagoak dira eta milaka dira hilabete amaierara iristen ez diren familiak. Haientzako egonkortasuna amets bat baino ez da, eta errealitatea berriz eguneroko amesgaiztoa.

Izan gaitezen zintzoak, PPren marra gorria bailitzan sozietate zerga %28tik %24ra jaistea eta gainera egonkortasunerako ezinbesteko pausu bezela saltzea izan da EAJren enegarren jukutria. Zergak zeini eta enpresari handiei jaistea, alajaina. Confebask lobby enpresariala oso pozik dago EAJ-PSE-PP akordioarekin, belarriekin txalo egiten. Aitzitik, ELA eta LAB sindikatuek, beren haserrea zenbaki argigarrien bidez azaldu dute: Gure enpresen %78,1ak ez du sozietate zergarik ordaintzen. %55ak galerak aitortzen ditu urteroko balantzean eta %22,9ak berriz, 6000€ baino irabazi gutxiago duela. Horiek dira benetako datuak, eta ez inkestetakoak.

Inkesta egingo nieke Fagorreko kaleratutako langileei egonkortasunaren eta Jaurlaritzaren politiken inguruan. Aztoramenik gabeko garapen ekonomikoaz hitz egingo nieke La Navalekoei edo Siemens Gamesakoei.

Betikoan gaude bada, errekaudazioa mantentzeko eta gure zerbitzu publikoek etorkizuna izan dezaten nondik aterako du Jaurlaritzak dirua? Nondik errekuperatuko du sozietate zergatik galtzen duen hori? Kalkuluak ez dira ateratzen. Izan ere Osakidetzako eta hezkuntzako langileen baldintzak geroz eta eskasagoak dira. Beraiei ere egingo nieke inkesta bat, gure sistema publikoaz. Zer izango da hurrengo pausua, egonkortasunaren izenean? Osakidetza apurka apurka pribatizatzea, Kutxabankekin egin bezala?

Egonkortasuna gauza ederra da, baina oker daude Euskal Herri paradisu fiskala bihurtuaz egonkortasuna lortuko dugula diotenak. Horrelako neurriek jendartea zatitzen dute, modurik ankerrenean egin ere. Gainera, Espainiak segitzen du ugazaba izaten eta Euskal Herriak berriz jopua. Harreman horretatik sortutako akordioak etorri bezala joan egingo dira. Eta gero abenturak.

Egonkortasunaren alde eta kontra Egonkortasunaren alde eta kontra  Egonkortasunaren alde eta kontra

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Ekaitza bainuontzi batean

3 pentsamendu “Egonkortasunaren alde eta kontra”-ri buruz

  • Nire ustez gainera aldeko argumentu mordo ez dira aldekoak.
    Egonkartasuna ez da ona berez, miseriaren egonkortasuna ona al da?
    Enpresentzako hobeagoa da? Gehienentzako ez, hau da zerga gutxiago pagatuko dituzte, baina jada gehienak ez dute zerga hori pagatzen beraz gehiengo zabalari ez dio eragingo,baina aberatsek jartzen dutena gutxiago izanda, enpresa hoien kontsumoa beruntz egiteko posibilitate gehiago dute, + esportatzen ez badute.
    Ta enpresa hoiek zer egiten dute jada gutxi ordaintzen duten hori jaitsiz? inbertsio gehiago? Ba ez, gehienak akzionistei ematen zaie edo espekulatzeko erabiltzen dute dirua. Beraz enplegu gehiagorik ez da sortuko. gutxiago baizik ta gehiago bada izango da lehen 8 orduko kontratua 2 orduko 3 kontratu bihurtuz, jendea gehiago espotatuz…, dirua gero ta pertsona gutxiagoren artean banatzerakoan, langabezia haunditzen delako.
    Kupoan, EAjk aitortu du dagokiguna baino 200 milioi + ordainduko ditugula, baina zorrei aurre egin ta gero, buruz ari naiz, uste dut diru gutxiago geldituko dela edo pixkat gehiago gehienez. Trukean Espainiako aurrekontu txarrak (langabezia, prekaritatea… sustatzen dutenak) onartuko ditu.
    Ta langabe gutxiago daude baina zenbat ordu egiten dira lan? Ba askoz gutxiago. 8 orduko ta 1500 euroko kontratua 2 orduko 3 kontratu bihurtuz, langabezia jaisten da baina benetako lanorduak txikitu, ta jada horri soldata txikiagoa ta ordu ezkutu gehiago lan egitera behartzen zaituztela…. Ba egia esan langabezia ez da jaitsi. Ta gero ondo erraten denez kondizioak….

    Ez dago datu bakar bat EAJ, PP ta PSEk egiten ari dutena onuragarria dela diona, kontrakoa baizik. Horrexegatik aberatsak gero ta aberatsago ta txiroak gero ta txiroago….

  • Ekonomiari buruz ari garelarik apuntetxo batzuk ematea beharrezkoa delakoan nago:

    1) Merkatu kapitalista geroz eta globalagoa da eta bide horretan geroz eta gehiago sakontzen ari da. EBko lurralde gisa, gure (hemengo, ez naiz inongo akziodun eta) enpresen arazoa gainerakoekiko konpetitibo ez direla da. Eta nagusiki produzkio kostuengatik dira ez-konpetitibo, euskal industriaren produktuen kalitatea nahiko ona baita orokorrean. Hala ere emen egiten dena produktuen gehiengoa txinatarrek egin dezakete askoz ere merkeago.

    2) Txinatarrek (eta beste hainbat herrialdeek, baina Txinan da erakusgarri garbiena eta guretzat “arriskutsuena”) urteetan mendebaldeko konpainiek nola lan egiten duten (makinak, teknikak, lan prozesuak…) ikasi dute, gure eliteek diruzalekeria batean fabrikak han ireki zituztelako eta txinatar eliteek aukera probestu zutelako ordura arte ez zeukaten jakintza hori eskuratzeko. Orain txinatarrak berak dira gai mendebaldekoen laguntzarik gabe produktu berak edo kasu batzuetan hobeak produzitzeko, eta beren barne merkatu ikaragarria probesten dute beren produktuak onak direla probatzeko (erdi klasea munduan inon hazten ari bada hori Txinan da).

    Ondoren, beren buruaz segur direlarik munduko merkatuak asaltatzen hasi dira. Hemen eduki ditugun lehen adibideak burdinaren eta ontzigintzaren sektoreko enpresa batzuen erorketak izan dira. Enpresa hauek ez ziren errentagarri, azken produktua fabrikatzea merkatuko prezioa baino garestiagoa zelako (produkzio kostuak: lehengaien prezioa, garraio kostuak, zergak, soldatak, energiaren faktura). Merkatuko prezioa jaisteko txinatarrek kostu oso baxuz produzitzen dute, behar ezkero beraiek ere dirua galduz (Txinatar gobernua akzionista da ia guztietan, eta badaki bere kartak jokatzen, baliabideak sobera dauzkate gainera). Euskal Herriko enpresa gehienek produzitzen dutena ez da teknologia altukoa, beraz kaka eginak daudela esan daiteke. Patronal eta sindikatuek nahi dutena esan dezakete, baina hemen erabaki indartsurik ezean industria banan bana erortzen joango da. Eusko Jaurlaritza Industria 4.0 planean dabil jo ta ke, bai baitaki panorama honekin berritzea aukera baino betebehar bat dela. Are gehiago kontuan hartuta joera demografikoak langile gutxiago egotea esan nahi duela. Robotika iristen ari da, eta geratzeko dator.

    3) Merkatuen globalizaziorako joera hau dela eta, mundu mailako merkataritza gerra honetan herrialdeak beren industria babestera jotzen ari dira. Trump da adibide ezin hobea: goi teknologiako enpresei alde egitea galerazi die, bai baitaki teknologia hori EEBBetatik kanpo atera orduko kopiatua izango dela bere lehiakideengandik. Espioitza ez da fikzioa lagunok. Merkataritza zigorrak hilabetero ikus ditzakezue nazioarteko politikan, eta globalizazioa munduaren muga fisikoetara iristen joaten den heinean tentsioak areagotzen joango dira.

    Bukatzeko, gure ekonomiarentzat testuinguru ez oso itxaropenkorra. Hobe genuke denok, bai enpresari bai langile, dagoenaren kontzientzia hartuko bagenu. Inbertsioak beharrezko dira, ez hautazko (eta administrazioak serio jarri beharko luke hainbat burgesekin, orain dela hogeita hamar urteko makinekin lan egitea ez baita bideragarria), eta langileen formakuntzak lagundua izan behar du (Lanbide Heziketaren indartzea bide horretatik doa). Lasterketa hau iraupen luzekoa da, eta egonkortasunaren aldeko mezu omnipresenteak honi erantzuten diolakoan nago. Uste dut testuinguru hau gabe nekez hitz egin daitekeela azken urteetan gure ekonomiak dituen gorabeherez, eta hurrengo urte luzeetan edukiko dituenak ere aipatutakoen ildotik joango direlakoan nago.