Euskaldunok ez dugu oxigenoaren beharrik, euskara hitz egiteko tokiak baizik

Euskaldunok ez dugu oxigenoaren beharrik, euskara hitz egiteko tokiak baizik –
Euskaldunok ez dugu oxigenoaren beharrik, euskara hitz egiteko tokiak baizik

New Yorkeko Central Park, Madrilgo El Retiro edota Bartzelonako Güell Parkea hirien arnasguneak dira, izan ere, beharrezkoak dira hiriek sortzen duten kutsadurari aurre egiteko. Euskal Herrian, halako lekuak baditugu, orduan zer motatako arnasguneak behar ditugu?

Askotan erran dugun bezala, eta gure kulturaren parte denez, euskara zaintzea eta erabiltzea egokitu zaigu; horregatik oso garrantzitsua da hitz egiteko tokiak aurkitzea. Hainbat udalek sortu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, euskara ikasteko topaguneak, halakoak dira berbalagunak eta mintzalagunak. Programa horien helburua da euskaraz hitz egiteko ohitura duten eta mintzapraktikan trebatu nahi duten pertsonak biltzea, paseo bat emanez, tabernan trago batzuk hartuta edo parkean eserita dauden bitartean.

Uztailean Soziolinguistika Klusterrak egindako, eta gainera, oso garrantzitsua bihurtu den, neurketari erreparatuz, Euskal Herriko kaleetan bakarrik %12,6k hitz egiten dute euskaraz. 1989an egindako lehenengo neurketatik, 2006an egindako neurketara, kalean euskararen erabilera hazi egin zen; baina aurten egindako neurketaren emaitzak kontuan hartuta ez da hala izan, 2006koa baino puntu bat txikiagoa da.

Hala eta guztiz ere, kalean gehien hitz egiten dutenak gazteak eta haurrak dira, eta jaitsiera apalena eduki dutenak helduak izan dira, puntu erdikoa baino ez da izan. Probintziak aztertzen baditugu, EAEn, Gipuzkoak lehenengo aldiz jaitsiera jasan du, %31,1ek hitz egiten du; Bizkaiak behera jarraitzen du, %8,8ak hitz egiten du; eta Araban izan da erabilera gutxien somatu duten probintzia, %4,6a. Hego Euskal Herriari amaiera emateko, Nafarroa aztertuko dugu, izan ere, salbuespena izan da, puntu bat igo delako euskararen erabilera kalean; %6,7a da. Ipar Euskal Herriko probintziak batu izan dituzte, banaka aztertzeko datuak nahikoak izan ez direlako. Bertan ere behera egin du, %5,3koa da euskara kalean erabilera.

Datuak datu, nire uste apalean, euskara dakitenak gero eta gehiago dira, nahiz eta kalean euskaraz ez mintzatu, eta horren arrazoiren bat izan daiteke euskara hitz egiteko lekurik eta jendea ez ezagutzea. Beraz, gure nahia euskaraz mintzatzea bada, aurkitu behar ditugu edozein egoera euskaraz aritzeko.

Euskaldunok ez dugu oxigenoaren beharrik  Euskaldunok ez dugu oxigenoaren beharrik

Ikus-entzunezko komunikazioko ikaslea Mondragon Unibertsitatea

9 pentsamendu “Euskaldunok ez dugu oxigenoaren beharrik, euskara hitz egiteko tokiak baizik”-ri buruz

  • Txoko horiek sortzea euskaldunon esku dago, baina horretarako presioa egin behar da jarduerak euskaraz sortzeko eskaerak eginez. Eskakizunik gabe eskaintzarik ez dago.

    Adibidez sukaldaritza ikastaro bat badago euskaraz izatea eskatu, baina eskaera hori ez da soilik pertsona baten edo bien gauza izan behar, talde presiorik ez badago jai izango dute.

    • Bai, egia da, batzuetan euskaraz egiteko ikastaroak daude eta betetzen ez direnez ez dute berriz euskaraz jartzen.

  • Hala da, aurkitu behar dugu edozein egoera euskaraz aritzeko. Eta horretan funtsezkoa da erakunde publikoen (guztion dirua kudeatzen dutenak) laguntza, edo bestela esanda, egungoa baino hizkuntz politika askoz ganora handiagokoa egitea, edo beste era batera esanda, behar dugu erakunde publikoak kudeatzen dituzten POLITIKARIEK euren ardurari heltzea eta EZ UZTEA SOILIK HERRITARRON BIZKAR euskararen normalizazioa.

    • Bai, egia da, baina gure eskuetan ere badago, adibidez, erosketak egitera joaten bagara edo elkarrizketa bat badaukagu, ez legoke txarto egongo lehenengo hitza euskaraz izatea. Gero, beste pertsona nahiago badu erdaraz hitz egitea, ba ez dago ezer egiteko, baina behintzat saiatu gara.

      • Mila esker, Mikel, sarreragatik.
        Puntu honi dagokionez, nik uste dut pausu bat gehiago eman dezakegula, nahiz eta entrenamendu faltagatik zaila izan: parekoak erderaz egin arren, guk euskaraz jarrai dezakegu, ez baitugu esan ulertzen ez duenik. Elkarrizketa elebidunetan trebatzea garrantzitsua da; eta gure nahiari gutxienez parekoaren nahiari ematen diogun garrantzi bera ematea ere bai.
        Izan ongi!

        • Pasa den igandean, abenduaren 3an, euskararen eguna ospatzeko eta euskaraldia aurkezteko egindako aurkezpenean, konturatu nintzen posibilitate horretaz. Beti pentsatu dut gaztelaniaz hitz egiten badidate, gaztelaniaz erantzun behar diedala,baina izan liteke euskara ulertzea baina ez hitz egitea. Mila esker!

  • Euskaraz hitz egiteko motibazioa behar da. Era askotako motibazioak. Eta gaur egun, motibazio politiko aipatzea tabu den garaiotan, euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala dela aipatzea tabu den garaiotan, bertakotasunak balio duela eta hizkuntza bertakotasunaren ezaugarri bereizle nagusia dela aipatzea tabu den garaiotan zaila dugu euskaldunok aurrera egitea. Tabu gehiegi dugu.

    • Gertatzen dena da tabuen gizartean bizi garela, horregatik hainbat gai ez ditugu behar bezala lantzen. Beldurragatik? Ez jakintzagatik? Auskalo!

  • Tokia geuregan ez ete dago?