Egia poliedrikoa

Egia poliedrikoa –

Egia poliedrikoa
Arg: ERNEST LLUCH FUNDAZIOA

Argazkian gizon sasoiko bat goitik behera datozen eskaileretan eserita. Gorbata eta amerikana daramatza soinean, baina antz ematen zaio jantzi hori ez duela ezkutu modura erabiltzen: txaketaren mahukak eskumuturretik gora jasota dauzka, bistan utziz erlojua eta beso iletsuak. Aurpegian irribarre barea; betaurreko handien atzean miopearen begirada kontzentratua. Jon Urainek “Zubigile baten betaurrekoetatik” izenburua jarri dio BERRIAko erreportajeari. Betaurrekoduna Ernest Lluch da, duela hogei urte ETAk hil zuen intelektual eta politikari katalana. Behin ikusi nuen Ernest Lluch Donostian, udako iluntze batean, Parte Zaharreko Haizea tabernan. Beste norbaitekin zegoen, mahaitxo batean eserita, taberna horretako pintxo goxoren bat dastatzen. Ez turista modura, bertako edozein bezala. Badakizue, apartamentu bat zeukan Donostian eta sarri etortzen zen hona. Igandean ETB2an eman zuten “Ernest Lluch, libre y atrevido” erreportajean, haren figura marraztu zuten bere lagun, ikasle eta alderdikide izan zirenek, tartean baita bere alaba Eulalia Lluchek ere. Erreportaje bikaina izan zen, historia, suntsipenerako erabili ordez, eraikitzeko baliatzen dutenetakoa. Ernest Lluchen beste alaba batek, Rosak, Foro Sozial Iraunkorraren saioetan parte hartu izan du. Esperientzia horretaz hauxe dio BERRIAn: “Harritu nau errealitate paraleloak egon direla, gutxitan egin dutenak topo”. Atzo lagun batek, ETAren beste hilketa batez ari ginela, kontzeptu hau bota zidan whatsappean: “Egia poliedrikoa”. Kafetegiak zabaldu bezain azkar, saio bat egin beharrean gaude biok egia poliedrikoaren ertzak miatzeko.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 17koa]

Egia poliedrikoa

6 pentsamendu “Egia poliedrikoa”-ri buruz

  • Cergatic hil çuen ETAc Ernest Lluch?
    Cergatic eta certacotz?

  • Egia poliedrikoa = post-egia ?

  • Kafetegiak ez dira zabalduko. Beste leku baten bat aurkitu beharko duzu.

  • Zergatik bil zuen Etak Jose Luis López de la Calle, zergatik eta zertarako? Zergatik bil zuen Etak Fernando Buesa, zergatik eta zertarako? Zergatik hil zituen Etak Pagazaurtundua, Yoyes, Jauregi, Blanco, Mujica, Portero, Oleaga, Ordoñez, Morcillo, Mota, Elosegi, eta hainbat herritar, polizia, guardia zibil, kazetari, taxista, alguazil…….zergatik, zergatik, zergatik eta zertarako, zertarako, zertarako?

  • Joxe Pottotto 2020-11-21 11:56

    ETAk bere ekintzen arrazoitzat ematen zuen estatua negoziatzera esertzera bultzatzea. Justua ala injustua iruditu ahal zaigu, egokia ala ankerra… Baina helburu hori zuen ETAk.

  • Benat Castorene 2020-11-21 14:49

    Hori izan bazen helburua Eta, taktika makurra zen. Izan ere, Frantzia edo Espainia bezalako estatuak mahainean esertzen dira ohartzen direlarik edozein gisaz galdu edo galduko dutela. Apur bar bat salbatzeko.
    Izan liteke beste arrazoi edo arrazoinamendu bat klasikoa eta denboran Leninek berak anarkistei gaitzetsi ziena, “akzio eta errepresio”teoriarena. Hau da espero izatea atentatuak errepresioa eraginduko duela eta honek beste atentatu bat zurrunbilo gero ta handiagoa eta basatiagoan populua osoa etsaiaren kontra asaldatzeraino. Moralaren kontrako arrazoinamendua zen, moralak oraindik asko kontatzen gure Herrian, beraz taktika makurra zen ere.
    Ez naiz segur 25 urtetan ez nuen gauza ber-bera erranen nuela, ez hain argi behintzat.