Edari burujabetza
Edari burujabetza zabaltzen ari da. Batzuek edalontzia erdi hutsik ikusiko dute, besteek erdi beteta; baina ideia ari da gure buruetan egosten, gure gibeletan ontzen. Zurruta zuhurki tratatu beharreko gaia da.
Euskal Herrian ideia aski zabaldu da azkenaldian, baina, nire iritziz, ez elikadura burujabetzarena bezainbeste. Kontsumo taldeak, nekazaritza eta abeltzaintza kooperatiba txikiak, ekoizle eta erosle sareak… Normalean, elikagai solidoekin gabiltza elkartrukean, barazkiak eta animaliekin lotutakoak bereziki. Usadio batzuk galtzear daude, baina edatearena ez da horietako bat.
Kontua da Euskal Herrian ekoiztutako edariek sekulako jauzi kuantitatiboa eman dutela. Horren adibide esanguratsuena gure herrietako txosnetan aurkitu dut, udako festetatik hona. Barrara gerturatu, eta bertan frogatu daiteke edari guztiak Euskal Herrian eginak direla. Garagardoak eta ardoa (Erriberako garagarra eta Errioxako mahatsekin), vodka (Arabako patatekin), Jagermaister edariaren antzeko zerbait (Jagermaister edaria egiteko erabiltzen den antzeko zerbaitekin)… Laburbilduz, denetik. Denetik ura botilan izan ezik; ura denona delako, eta norbaitek plastikozko ontzi batean sartu eta pegatina batekin saltzea ez delako oso zentzuduna. Erostea gutxiago. Zaborra sortu besterik ez da egiten eta norbaiti dirua ematen zaio denona den lehengai baten truke.
Eztabaidagarria da produktu horietako batzuen “tokikotasuna”, ados. Batzuk beharbada Euskal Herrian manufakturatu dira, baina kanpoko lehengaiak erabiliz; edota bertakoak eta kanpokoak tartekatuz. Baina hala ere aintzat hartzeko aurrerapauso oso garrantzitsua da. Helburua lehengaiak hemen ekoiztea, manufakturatzea eta saltzea den arren, onartu behar dugu helmuga horretarako bidean pausu taktiko bat dela edari horiei txoko bat egitea gure espazioetan. Gehienbat kooperatibak badira; gehienbat nekazaritza ekologikoarekin funtzionatzen badute.
Gure inguruko edozein elkartetan sartuz gero, kamerak San Migelez beteta ikusiko ditugu; zukuak Tropicanakoak, eta Coca-cola, eta batek daki nongo esnea… Elkarteetako batzarrak egiten direnean, planteatu dezakegu gure inguruko edariak kontsumitzea, gure herrian lanpostuak sortzea, gure osasuna aintzat hartzea… Ziurrenik bide eder bat hasteko abiapuntua izan daiteke. Norberaren etxetik ere hasi beharrekoa, prefosta.
Egin dezagun topa horren alde!
Edari burujabetza