Sautrela 427: Anjel Lertxundi, Roland Barthes eta Kristalezko bularrak

Sautrela 427: Anjel Lertxundi –

Anjel Lertxundiren bisita izango dugu aste honetako Sautrelan. Zu izeneko liburua argitaratu du berriki idazle oriotarrak, bizitza eta maitasun gaietan ardaztutako liburua. Kontakizuneko pertsonaiaren emazteari pankreaseko minbizia diagnostikatu diote, eta horrek eguneroko kontuak biltzen zein literaturan aterpetzen jartzen du protagonista. Lertxundi beraren esanetan orain arteko lanik autobiografikoena da Zu.

Erreportajean Roland Barthes literatura kritikariaren erradiografia bat egingo dugu. Aurten bete dira ehun urte Barthes Cherbourgen jaio zela. Frantzian sekula izan den literatura kritikaririk sonatuenetakoa da Barthes, eta lotura handia izan zuen Euskal Herriarekin, Baionarekin bereziki. Ez zuen eleberri edo gisa horretako kontakizunik sekula argitaratu, baina lortu zuen semiologia eta literatura kritika modu artistikoan kontatzea. Baionako unibertsitateko Ur Apalategi eta Pierre Vilar irakasleek emango digute Roland Barthesen berri.

Juan Luis Zabalak Pablo Sastreren Kristalezko bularrak liburua ekarriko digu. Izenburuak zerbait hauskorra edo sentibera iradoki dezakeen arren, gizartearen erretratu gordina egin zuen Sastrek 90eko hamarkadan kaleratutako liburu honetan.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Anjel Lertxundi

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 427: Anjel Lertxundi, Roland Barthes eta Kristalezko bularrak