EAJren eta EHBren gorakada ulertzeko 8 gako


Abertzaleentzako emaitza bikainak espero dira hurrengo hauteskundeetan. Bai EAJrentzako, baita EHBrentzako ere. 198otik lehenbiziko aldiz, bi alderdi abertzaleak lehenengo eta bigarren izango dira, sozialisten eta kontserbadoreen aurretik. Baina, zergatik da hain ziurra bi indar abertzaleen igoera? Jarraian hori ulertzeko 8 gako, 4 EHB eragiten dutenak, 3 EAJ eragiten dutenak eta 1 biei eragiten diena.

  • 1. Politikari profesionalik ez (EHB)
EHBren hautagaia ez da izango urteak politikan daramatzan pertsona bat. Espainian, eta Euskal Herrian ez da urrutiko ibiliko, klase politikoa langabeziaren eta arazo ekonomikoen atzetik dagoen kezka da. “Denak berdinak dira, haien interesak lehenesten dituzte”. Azken hamarkadetan politikariek izan duten irudi txarrena dute gaur egun. M22an ikusi zen bezala, Bilduko hautagai ezezagunek emaitza bikainak lortu zituzten. Ahoz ahokoak lagunduta ezagutu zituen jendeak, ez komunikabideetan haien leloak ehunka aldiz errepikatzearen ondorioz. Politikan sekula aritu ez diren pertsonek sinesgarritasun handiagoa dute eta “profesionalei” zigor moduan ere ikus daiteke.
  • 2. Alderdien arteko batuketa (EHB)
EHBk bost alderdi politiko ordezkatuko ditu. Alderdi interesen gainetik bat egiteko gai izan diren pertsonak dira. Bost alderdien orbitan egon diren pertsonei bozka nora joan argi uzten die, ez baitago botoa desmobilizatzen duen ñabardura ezberdinez osatutako alderdi andana. Ezkertiar eta abertzaleak batuta mantenduko dira. Alternatiba bezalako alderdi batek, Oskar Matute buruz, abertzaletasunetik urrun baina ezkertiar peto-petoak direnen botoa hurbildu dezake.
  •  3. ETAren amaiera (EHB)
Ezker Abertzaleak gizarte sektore zabalen errefuxamendua izan du urte luzez, ETAren jarduera estigma izan baita. Behin hori amaitutzat emanda, herritar askoren konfiantza berreskuratuz doa. ETAren arazoa gaindituta, gertatu den moduan, EHBren bozkatzaile potentzialak zabaldu egin dira.
  • 4. Ezkerreko erreferentzia bakarra (EHB)
Krisi kapitalista konpontzeko hartu omen diren neurri neoliberalek sumindura eragin dute gizartean. Eskuinaren errezetak inposatu dira Europan, mozketak eta pribatizazioak. Ezkerreko ikuspegiak kaleak bete ditu, Martxoaren 29ko Greba Orokorrean kasu. Une honetan, PSEk, Zapateroren eta Lopezen agintaldietako neurriekin, ezkerreko kutsua erabat galdu du eta hori transmititu du; ez dela ezkerreko partidua, boteretsuen interesen pean dagoela. EHBk, diskurtso ezkertiarra garatu du, Irtenbidea proposamena egin du eta gizarte alorreko aurrekontuak zaindu ditu Gipuzkoan. Zehatz izanda, eskuinekoa denik ikustarazi ez duen indar bakarra da. Momentu honetan EHB da ezkertiarrentzako duten aukera garbiena.
  • 5. Krisia kudeatzeko erreferentzia (EAJ)
EAJk krisiaren latzenean ez du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa eraman. Ez du bere irudia higatu, PSOErena eta Rajoyren PPrena bezain beste. 2009 urtea baino lehen EAEk alor ekonomikoan izan zituen arrakastak EAJren merituz ikusten dituzte askok. 80ko hamarkadan ere, langabezia egoera muturrekoan, EAJren Jaurlaritzak arazoak gainditu ahal izan zituen.
  • 6. Bilduri aurre egiteko alderdia (EAJ)
Ezker abertzaleak azken bizpahiru urteetan irudia hobetu du, zentzu guztietan. Hala ere, beldurraren diskurtsoak EHB ahul uzten du zenbait gizarte esparrutan, batez ere abertzale ez direnen artean. EHBk oraindik ere, neurri batean, topikoak ditu itsatsita: “aurrerapenaren aurka daude”, “dena geldituko dute”, “ez dute ezer egiten”, “erradikalak dira”… EHB Jaurlaritzan izateko beldur dutenek EAJn dute hori ez gertatzeko irtenbide eraginkorrena. Hala, PP eta PSEko bozka asko EAJra joan daitezke EHB gelditu eta, bide batez,  “itun lasaia” lortzeko, marko politikoa eztabaidatik baztertuko duena.
  • 7. Urkullu: hitzak serio (EAJ)
Iñigo Urkullu lehendakariagaiak hitzak neurtu egin ohi ditu. Ez da muturreko adierazpenen zale, sukalde lana garrantzitsuagoa dela irudikatzen du bere irudi serioarekin. Inkesten arabera, EHBko hautagaiaren faltan, 5 nota gainditzen duen politikaria da. EAJkoak ez direnen artean ez du irudi erasokorra, eta, ondorioz, hari bozka emateko aukera zabaldu egiten da komunitate jeltzalearen kanpoan dagoen jendartera ere.
  • 8. Espainia markaren gainbehera (EHB eta EAJ)

Abertzaletasunaren erakargarritasun handiena, une honetan, Espainiaren gainbehera politiko eta ekonomikoa da. Orain arteko tesi abertzaleak defenditzetik urrun ibili direnak “Espainian ondo gaude” diskurtsoarekin, ikusten ari dira EAE kanpoko eragileen ondorioz ondoratzen ari dela. Autonomismoaren edo independentziaren argudioei ekonomikoa gehitu zaie inoiz baino indar handiagoz.

 

EAJ, ehb, gakoak, hauteskundeak, politika, zortzi gako
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

11 pentsamendu “EAJren eta EHBren gorakada ulertzeko 8 gako”-ri buruz

  • Ulertu ezinik 2012-06-25 23:55

    Barkatu galdera baina zer da EHB?
    Askotan ez dut ulertzen norentzat idazten duzuen… 50 urte baino gehiago dauzkat tamalez eta EGA titulitisa ia 30 urte, baina liatuta nago ezin konpreniturik. Jakina ezjakina naizelako eta bakarra izango naizelakoan. Baina ez dut uste.

  • EAJ k joka dezake urrutitik begiratuta ND alderdiak Grezian Syrizarekin jokatu duen papera. Beldurraren botoak haiengana joango dira eta garbi daukat beldurraren diskurtso erabiliko dutela. Gipuzkoako diputazioarekin egiten ari direna estrategia antolatua da eta gasteizeko hauteskundeei begira dago diseinatuta. Bilduren ustezko katastrofeari erantzuna eman ahal dion alderdia da eaj. Eta horrek botoak emango dizkio jendarteko hainbat sektoretarik. Eaj ren arazoa izango da, etorkizunean, bildurrak funtzionatzen ez duenean. Edo bere kudeaketa errezetel balio ez badute eta EHB alternatiba erreal bakar bihurtzen bada demagun hemendik lau urtera. Orduan bai komeriak ND k Grezian eta EAJ k Eaen!!

    • Amonamantangorri 2012-06-26 17:13

      Krisiagatik erretako alderdi bat ez izateak mesede egiten dio EAJri. Aitzitik, behin eta berriz ari da goraipatzen hogeita hamar urteotako “gestio paregabea”. Hori, eta Bilbo dela zorrik ez duen estatuko hiri bakarra (komeni litzateke azken baieztapen horretara ailegatzeko erabilitako datuak ongi aztertzea; izan ere, makroproiektu gehienak ez ditu udalak zuzenean ordaindu, eta ordaintzen dituenetako asko enpresa mixtoen bidez finantzatzen dira).

      EAJ da garai latzetarako fundamentuzko jendea: extremismorik ez, abentura txororik gabe, obsesio ideologikorik gabeko gestioa… Behin gobernura sartuta, Katalunian CIU bezala guraizea sartzen hasten direnean, ea nolako aitzakiak ematen dituzten: Seguru asko, Lopezek utzitako zuloari egotziko diote dena.

  • Erabat ados. Gehituko nuke EHB k oposizio lana ondo kudeatzen badu eta ordurako instituzioen kudeaketan eragindako beldurrak uxatzeko gai izan bada (gauzak txukun eginda) aukera gehiago izango dituela lau urte barru. Dena den interesgarria hauteskunde ondoko balizmo panorama hau: EAJ Pse rekin gobernuan (pp rekin ez dut uste 38 eserleku batuko lituzketenik) edo bakar bakarrik desgaste izugarrian krisiaren irtenbidea eurengain hartuz (beti lukete Madrileko etsaia errua botatzeko…). EHBrekin mozkortuta ere elirateke sartuko gobernatzera. EAJ k baditu urduri egoteko motiboak. (Esan dudan guztia bototan neurtuta esan dut. Eserlekuetan, diozun bezala, nik Ehb oso aukera handiekin ikusten dut lehen postua disputatzeko)

  • EAJk urduri egoteko motiboak? Ez dut uste. Denok dakigu, zuek ere bai, datorren lehendakaria Urkullu izango dela. Zergatik egongo dira ba urduri?
    Izango duen desgastea, igoko dituen zergak eta egingo dituen errekorteak beste edozein taldek bezala egingo ditu, testuinguru orokorrean diluituko dira erantzukizunak… talde politiko guztiek egiten duten bezalaxe.

  • Topikoen aldizkari ofiziala da hau.Beldurrak uxatzeko aurretik ondo egiten dakizula erakutsi behar duzu.Eta Bilduk oraindik, (egunen batean aldatuko da) gobernutik oposizioa egiten jarraitzen du. Beldurra baino, mesfidantza da. Udalekotan bilduren botantea izan nitzen, (aukera eman nahi nion) baina gure herrian zer maila erakusten ari diren ikusita, damututa nago. Gero diote besteak totalitarioak direla… Eta amonamantangorri, benetan uste duzu EHBkoek ez dutela goraizerik sartuko? Gezurrik ez saldu behintzat. EAJ ez dela ezta mozkortuta EHBrekin sartuko, eta EHB EAJrekin bai ala??? Partzialtasuna eta hipokresiarekin asper asper eginda nago.

    • Amonamantangorri 2012-06-29 12:48

      Arrazoi duzu. Bilduk ere guraizea sartu du, eta sartuko. Adibidez, Bilduk Gipuzkoan guraizea sartu du hainbat partidatan, gero gizarte-politiketarako gastua %7 igotzeko.

      Zerga politikan ere badira diferentzia batzuk: diputazioetako ogasunek, lege barruan nahiz legez kanpo, praktika lotsagarriak eraman dituzte gehien ordaindu behar luketenei buruz. Iberdrolak Bizkaiko ogasunari %0 ordaindu ziola argitaratu zen duela gutxi, El País izeneko egunkari marxista batean.

      Finantza politikan, EAJ ez da nabarmendu, gutxieneko kontrol publiko baten pean xede sozial batzuk bete behar dituzten aurrezki kutxak defenditzeagatik. Kutxabanken auzian PPrekin eskutik hartuta dabil, erakunde horiek banku arrunt bihurtzeko bidean.

      Kasualidadez, Bildu zure herrian gaizki egiten ari den horrek zer ikusirik baldin badu zakarren gestioarekin, MESEDEZ, ez hasi kontatzen. Nahiko da zakarren kontu horrekin. Beste zerbaitegatik baldin bada, jakin nahi nuke kontu lokala den ala Bilduk gobernatzen dituen udal guztietan gertatzen ari den.

  • Peru Dulantz 2012-06-29 13:02

    Emaitza ideala, eta posiblea:

    Niretzat emaitza ideala eta posiblea zera litzateke: EHBk lortzea eserleku gehien, eta berari Lehendakaritza kentzeko (gehiengo abosolutua behar da) ez izatea nahikoa PNV + PSOE edo PNV + PP elkartzea, baizik eta hiru alderdiek bat egin behar izatea (egingo lukete, zalantzarik gabe).

  • Nik hiritarrak irabaztea nahiko nuke,eta hau ze alderdik lortuko luke?Lana denontzat, pakea,osasuna, irakaskuntza doakoa….helduentzat bizitzeko paga…
    Gezurren garaian sartuko gara…promesa..asmoa..alderdi abertzaleei eskatzen diet egiekin eta bete nahi duten benetako asmoekin plazaratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude