Heleta, herria zuzenean

Mugak, arauak eta bazterketak gaindituz, herria eraikitzearekin batera bere burua eraiki nahi du Euskal Herria Zuzenean musika festibalak. Eta lortzen ari da. Badator hamazazpigarrena.

Lehen urratsak 1992an egin zituzten, Euskal Herriko ikusgarrigintzan oinarritutako laguntza eta trukaketa plataforma bilakatzeko asmoz. 1996an antolatu zuten lehen festibala, eta gaur, Euskal Herriko musika jaialdirik osoenetakoa da. Aurtengoa ekainaren 29an hasiko da eta, azken urteetako ohitura onak ez galtzeko, hiru egunez 60 emanaldi izango dira Baxe Nafarroko Heleta herrian.

Gaztea koxkortuz doa. Antolakuntzak hamazazpigarren edizioaren prestakuntza lanak abian ditu dagoeneko, hilabete bukaeran milaka lagunek izango duten hitzorduak behar duen guztia eduki dezan. Urtetik urtera hobetuz doa, hedatuz, osatuz eta borobilduz. Gurean erreferente bilakatu da, zalantzarik gabe, eta aurten ere EHZek badu zer eskaini.

Bizitokia hirutan aldatu du. Lehendabiziko zortzi edizioak –1996tik 2003ra– Arrosan izan ziren, hurrengo bortzak –2003tik 2008ra– Idauze-Mendin, eta 2009az geroztik Heletak besarkatzen ditu uda hasieran bertaratzen diren milaka lagunak. Hamazazpi urteko ibilbide honetan, baina, gauzak anitz aldatu dira. Guztiaren gainetik, hori bai, oinarria berbera da eta EHZ Elkarteak egitasmoa sortu zenean onartu zituen ezaugarriak orraztuz herri bat eraiki nahi du, festibalak iraun bitarteko hiru egun horietan loratzen den herria.

Elkartasuna, gizarte kritika eta justizia aldarrikapena

Denborak aurrera egin ahala, hasierako baloreak ahantzi gabe, antolatzaileek hedatu egin dute ekimenaren aldarrikapen esparrua. Festibal militantea baita EHZ, irabazi interesak baztertu eta euskal lurralde osoan erreferentzia bihurtzeko lanean tinko diharduen jaialdia. Finean, euskal hizkuntza, kultura eta nortasunaren sustapena du printzipio nagusi, baina haratago ere badoa. Eskubide zibil eta politikoen defentsa, oinarrizko giza eskubideen nahiz justizia sozialaren aldarrikapena, ingurumenaren babesa, eta kontra-kulturaren goraipamena egiten du. Antolatzaileek argi dute egitasmoa abiarazi zuten elementuek bere horretan jarraitzen dutela, festibalaren zimenduetan, eta erronkak, bete ez ezik, gainditu egin direla, urterik urte kartelak erakarritako zale kopurua eta boluntarioen partaidetza handituz doa eta.

Izan ere, hau ez da musika jaialdi hutsa, eta urte guztian zehar 700 bat laguneko lan taldeak sostengatzen du izaera militante horren muina. Boluntarioak dira lehengai, eta aurtengo edizioan ere, azpimarratzekoa da egindako lana. Oinarrian, hamabortz kidedun administrazio kontseilua eta koordinazio orokorra ahalbidetzen duten bi langile jarduten dira modu iraunkorrean. Hala ere, jaialdiak ez luke etorkizunik izanen uda iristearekin batera, prestakuntza ahalbidetzeko, gerturatzen diren 600 lagunen partaidetzarik gabe. 60 laguneko hamalau komisiotan multzokatzen dira eta, horrela, guztien artean hiru eguneko jaialdia jartzen dute martxan.

Erreportaje osoa eta egitaraua: gaztezulo.com

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.