Bildu, EAJ eta ordainsariak

ordainEzker abertzalekoak, ordainsarien aurka egon ostean aldeko bihurtu dira, aldiz, EAJkoek alderantzizko bidea egin dute. Egunkarietako informazioek batzuen eta besteen kontraesanak azpimarratzen dituzte. Alderdiak eroso al daude etengabeko liskarrean? Non gelditu da Gipuzkoaren alde komunean egin beharreko lana?

Deia egunkariak gaur horrela titulatu du: “Ordainsarien inguruan Bilduk izandako jarrera aldaketak kritikak jaso ditu”. Artikuluan B.Sotillok azaltzen du nola Peajerik ez plataformaren babesarekin aurkeztu zen bozetara Bildu 2011 urtean. Gipuzkoako Foru Aldundia eskuratu eta berehala, Martin Garitanoren gobernuak atzera bota zuen EAJk Etxegaraten ordainlekua ezartzeko sinatua zuen hitzarmena. Bildurentzat ordainsaria ez omen zen “ez soziala, ez bidezkoa eta ez zentzuzkoa”. Orain, aldiz, “mailakako sistema” ezarri nahi dute, hilabetean 25 euroko gehienezko ordaina jarriz Araba, Bizkai, eta Nafarroako bizilagunei. Auto gipuzkoarrek ez dute ordainduko.

Ikuspegi ezberdina ekarri du Iñaki Iriondok Garan: “Lakuaren eraso harrigarria Gipuzkoari, ordainleku proposamenagatik”. Josu Erkorekak ordainsarien aurkako esandakoak, “Foru Aldundia herritarrak itotzen ari da”, harrigarritzat jo ditu. Izan ere, 2010eko urtarrilean Eneko Goia GFAko errepideen arduradunak ordainsariak defendatu zituen, Diario Vascori emandako elkarrizketan : “Etxegaraten ordainsaria jarri behar da kamioiak N-1etik autopisatara eramateko”. Iñaki Iriondok Garan nabarmendu du GFAk ordainsariak jartzearen arrazoia EAJk Bidegin utzitako 900 milioiko zorra izan dela.

Ordainsarien afera Gipuzkoako bi indar politikoen arteko tirabira iturri bihurtu da, atez-atekoarenak oraindik indarrean segitzen duen bitartean. Liskarrez liskar dabiltza Gipuzkoako Foru Aldundia eta EAJ. Gauza bat desadostasun logikoak izatea da, baina bestea iskanbilak artifizialki sortzea. Ulertezina da lehen “ez sozialak, ez bidezkoak, ez zentzuzkoak” ziren ordainsariak gaur beharrezko izatea, eta, hipokrisia handia lehen N-1 kamioez husteko konponbidea gaur “herritarrak itotzea” izatea. Politikaren ikuskizun hauek herritarrak nekatu egiten ditu.

3 pentsamendu “Bildu, EAJ eta ordainsariak”-ri buruz

  • Beno nik dakidanez, Bildu iritsi haurretik ezin zan 25 euroren truke nahi genitun bidai guztiak egin autopistetatik, peajeak kentzea ez da (ez dakit ezker abertzaleen jarrera peaje guztien kontra zan ala ez), bainan gure poltsikorako ona izan da. Nazionaletan ordaintzearena aldiz niretzako neurri ezin hobeagoa da, milaka ta milaka kotxe ta kamioi pasatzen dira urtero (igaro lekua garelako), gure errepideak suntsituz,Frantziatik Marakora doahaztenak milaka ta milaka dira, beraiek ordaintzen ez badute guk ordaindu beharko degu (jada 300 miliko defizita dugu errepideen mantenimenduan), hori bai, beste Euskal erkidegoei bizitzen diranei ez zitzaien kobratu behar (nahiz eta beraiek berdina ez egin) Herria lotu nahi badegu, Euskal Herritarrak erreztasunak izan behar genitun Euskal Herritik mugitzeko, begira barik Euskal Herriko zein tokikoa dan bakoitzak.

  • Uste dut gogoratu dudala Bilduren jarrera, peajerik ez leku zehatz baten errepideak berdin hondatzen diralako eta bakarrik errepide batzuetatik ordaintzea batzuen kalterako da bakarrik. Eta beraiek proposatzen zutena zera zen, Vineta edo antzeko bat, nun edozein errepide igarota, tarifa bat ordaintzen dezu, berdin du autopista den ala ez, horrela Autopistak ezinbestean erabili behar dutenak ez dute hainbeste ordaintzen, eta autopista ez direnetik joan ahal duena, besteak bezala ordaintzea. Bainan uste dut hori proposatzen zutela eta idatzitako gauzengatik, ez dakit ziur.

    Ala ere niretzako binetetan hoberena da, erabiltzaile guztiok ordaintzea alegia, eta ez Gipuzkoarrak edo peajetik ezinbestean igaro behar dutenak soilik.

  • Galdeketen kasuan bezala, zirko ederra. Bakoitza espero zitekeenaren kontrakoa egiten. Eta bakoitzaren aldekoak konforme. Kontraesan ebidenteak irentsiz, koherentzia delakoan.

    Zirkoa.