Facebookek behar zaitu!

Facebookek behar zaitu!

Baina zuk behar al duzu Facebook? Zertarako? Orain pentsatu ezazu une batez, atzo zertarako erabili zenuen Facebook, zer etekin atera zenion. Ziur kuxkuxeatzeko erabili zenuela, edo are okerrago, orduak pasa zenituela emakumeen titi biluziak sistematikoki zentsuratzen dituen orrialdeari begira, eta ez duzula oroitzen zertan aritu zinen. Eta igarotzen duzun denbora guztia, ziur, zure lagun eta ez hain lagunen parrandako argazkiak ikusten pasatzen duzula. Edo Mariak mutilagunarekin jarraitzen duen ala ez deszifratu nahian. Atsegin dut, atsegin dut. Edo hipnotizatuta: Mikelek Farmvillen jokatu duela eta Jonek Norah Jones entzun duela spotifyn, eta abar.

Eta ahanzten zaizu (edo ez dakizu) Goldman Sachs eta CIA inbertsiogileen artean dituen enpresa batek sortutako produktuan zabiltzala. Zure datuekin eta zure informazioarekin trafikatzen duen enpresa batean. Are gehiago, haiek behar dutena bandejan ematen, “doan”, tori, eta kitto. Ahanzten duzu haiek direla behar zaituztenak, eta zuk egiatan, ez dituzula haiek behar. Eta hala eta guztiz ere, haiek behar duten altxor preziatua ematen diezula erabilera baldintza kilometrikoak irakurri gabe, nahi dutena egin dezaten. Aberasteko ezinbesteko dutena ematen diezula, ezeren truk. Beno bai, denbora galtzearen truk. Liburu bat irakurtzeko, larru jotze eder baterako, paseo lasaigarri baterako  erabili zenezakeen denboraren truk. Inozoa zarela, alajaina.

Facebookek behar zaitu!

Aurrekoan orrialdea desaktibatu zioten neskalagunari eta, sartzen saiatzen ari zela, NAN txartelaren fotokopia igotzeko eskatu zioten Facebookekoek. Ezin omen da izen faltsurik erabili haien identitate politika dela-eta. Jotama. Eta ikusita nik ere ez ditudala Facebookek eskatzen dituen baldintzak betetzen, zintzo-zintzo, nire kontua aste honetantxe ezabatzea erabaki dut. Suizidatzea. Ba hori, adio.

Facebookek behar zaitu!

Zuzeu facebook

Facebookek behar zaitu

Ekaitza bainuontzi batean