EAEko Hezkuntza Publikoko greba eta mobilizazioen jarraipen zabala

EAEko Hezkuntza Publikoko greba eta mobilizazioen jarraipen zabala – 

EAEko Hezkuntza Publikoko greba eta mobilizazioen jarraipen zabala

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek gaur unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deituriko gaurko greben eta mobilizazioen jarraipena zabala izan dela adierazten dugu. Bataz beste langileen % 60ak bat egin du grebarekin; irakasle, Haurreskolak Partzuergoko langile, eskoletako hezitzaile eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak izan dira deituak. Horretaz gain, milaka pertsona gerturatu dira “PUBLIKOA, EUSKALDUNA eta PROPIOA helburu” lelopean, hezkuntza legea langileekin eraikitzeko Bilbon deitu dugun manifestaziora.

Hori horrela argi gelditzen da hezkuntza komunitatearen parte zabala den langileriak bat egiten duela gure irakurketarekin; alegia, lege-aurreproiektuaren zirriborroak, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela. Beraz, borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko, sare publikoa baita aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena. Horretarako, datorren abenduaren 14ean ere beste greba eta mobilizazio eguna deitu dugu,. Gaur arratsaldean mobilizazioak deituta ditugu Donostia, Bilbo eta Gasteizen 18:00etan; horietan hezkuntza sistemako langile guztiak eta hezkuntza komunitatea guztia deituta dago. Hauek dira gure aldarrikapenak:

  1. Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
  2. Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.
  3. Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
  4. Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
  5. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
  6. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
  7. Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
  8. Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
  9. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
  10. Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

EAEko Hezkuntza Publikoko greba eta mobilizazioen jarraipen zabala