D eredua eta txatxielebitasuna

D eredua eta txatxielebitasuna –

D eredua eta txatxielebitasuna

Gerta daiteke datozen urtetan D ereduaren beherakada bat gertatzea, bai, baina  horrek, ez gaitu osoki kezkatu behar. Gehien kezkatu beharko gintuena, D ereduan dabiltzan umeek, izan %20, %30 edo %50, euskara erabiltzeko gaitasun eroso orokortua ez lortzea da, eta hauxe da Iruñerriko hizkuntza diagnostiko ohikoena, nahiz eta normala ez izan. Helburua ezin da ezagutza izan ikastetxetako Hizkuntza Proiektu gehienetan azaltzen den bezala.

Erabilpen gaitasun eroso orokortua lortzeko, Euskara Normalizazio Planak (ENP) behar dira, etxea, eskola arautua eta aisia transmisio-espazioak integratuko dituena. Komunitate hezitzaileak bultzatuta eta gidatuta, auzoka, herrika, edo, behintzat, ikastetxeka. Eta horretarako hil ala bizikoa da 0-3a euskaraz, murgiltzea zaintzeko neurriak (bileretan, eskola inguruan,…) heldu euskaldunon eredugarritasuna, familia linguistiko ezberdinenganako orientazioa eta baliabideen zerbitzua, etorkin komunitate ezberdinetara eta sozialki baztertuen daudenetara ailegatzea eta integratzea, formakuntza, ahozkotasuna lantzeko aldaketa metodologiko koordinatuak, aisia orohar, eskolaz kanpoko jarduerak eta bereziki kirol zirkuitu euskaldunak lortzea… Orain arte kontatu dudana, pedagogia eta lanketa egokiak eginda aurretik, Euskararen Normalizazio Plan baten oinarri teoriko eta praktikoak dira.

Txatxielebitasun eta bizikidetza kontzeptu hegemoniko faltsuari tokia irabaztea eta D ereduaren 40 urteko inertziarekin apurtzea dagokigu. Soilik euskara hutsezko zirkuituak ahalbidetuta lortuko dugu umeek euskarazko esperientziak aniztu eta biderkatzea, eta horrela euskararen motxila betetzen joatea. Erabilera normalizatua ahozko  gaitasun erosoa aurretik lantzetik eta babestetik etor daiteke bakarrik. Eta erabilera normalizatua, hau da, umeak parkean libreki euskaraz aritzea, euskaltzale asko osoki arduratuta duten zabaltzeari begira sor dezakegun ekintza politiko eraginkorrena da.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 23koa]

D eredua eta txatxielebitasuna

Aita eta euskaltzalea.