Donostiako Zinema Jaialdiak mesprezatzen nau

Donostiako Zinema Jaialdiak mesprezatzen nauAspaldiko partez izan dut aurten aukera Zabaltegi Perlak saileko 15en bat film gozateko. Baita hauetako askotan ere nolabaiteko elkarrizketak egile, zuzendari, protagonista hainbatekin. Hori bai, espainolez. Solasaldion erdietan-edo egin da hasierako aurkezpena euskaraz eta espainolez. Besteetan espainol hutsez. Ondoko elkarrizketa guztiak, espainolez, edo espainolera bakarrik itzuliak. Euskara ez da (nonbait) Zinemaldiko hizkuntza ofiziala. Edo baldin bada, ez da hala tratatzen.

 

Nik ez dakit zein konpromiso duen jaialdiak Espainiako erakundeekin bertan espainolari erabateko lehentasuna emateko. Baina Donostian antolatzen dugun zine jaialdiak, areago orain Bilduko alkate eta ahaldun nagusi batekin, euskara behar du lehen hizkuntza. Seguru asko ingelesa bigarren, mundu mailako proiekzioa nahi badu. Eta zergatik ez, espainola ere bai, gauden gaudenean. Baina ordena horretan, ezta? Bestela egin dezakegu Buenas tardes espainolez eta ondoko guztia euskaraz, orain guri ematen zaigun tratu mesprezagarrian. Azkeneko aldiz?

 

Noraino iristen den gure sumisioa. Urte berri on, amona! film ikusgarria emana, zuzendari zarauztarrak hartzen du hitza azalpenean. Eta hasi, barkamena eskatuz, euskaraz, espainol hutsez egingo duelako. Jende artetik norbaitek Ez! erantzuten dio, eta zuzendariak argitu “jada eskatu duela barkamena”, eta kanpoko jende asko dagoelako eginen duela espainolez. Eta berriro jende artetik galdetuta ea orduan ze tratu merezi dugun bertakook, gure euskarazko filmaren zuzendari handiak espainol hutsez ekingo dio aurrerantz guztian. Bejondeigula! Ez gaitu bakarrik jaialdiak mesprezatzen.

 

P.S. Aurtengo hau baino kartel espainolagorik…

Donostiako Zinema Jaialdiak mesprezatzen nau

Donostiako Zinema Jaialdia - Euskara - Mesprezua

2 pentsamendu “Donostiako Zinema Jaialdiak mesprezatzen nau”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude