Donostia 1813ko abuztuaren 31n. Sarraskia eta bortxaketak zergatik?

Donostia 1813ko abuztuaren 31n. Sarraskia eta bortxaketak zergatik? – 

Donostia 1813ko abuztuaren 31n. Sarraskia eta bortxaketak zergatik?

Sarraski eta hondamendi izugarri hura, etxe guztiak (600) lapurtuak, 500 etxe banan-banan propio kiskalita, neska, emakume eta amona guztiak bortxatuak, mila bat donostiar erailak (Auñamendi), 1.600 Donostiako familia lur jota… Donostian, hamar mila biztanleko hiria garai hartan, bakarrik 300 donostiar gelditu ziren.

1813ko Donostiako genozidioa Castaños jeneral espainiarrak agindu zuen garaiko dozenaka donostiarrek aitortu zuten bezela eta espainiarren aliatuek, alegia, ingelesek eta portugesek perpetratu zuten. 124 urte beranduago Francok antzeko zerbait egin zuen Gernikan. “Gorriek” bonbardatu omen zuten Gernika…

Baina zein dira arrazoiak Donostiako aurreikusitako sarraskia agintzeko 1813an?

Urte batzuk lehenago 1789an, iraultza hedatu zen Frantzian, “Liberté, Egalité, Fraternité”, Louis XVI. borboiari gillotinan lepoa moztu ostean 1793ko urtarrilaren 21ean eta Europako monarkia absolutista guztiak gerran jarri ziren Frantziaren aurka, tartean Espainia. Iraultzaileek borrokatzen omen zuten errege absolutista eta tiranoen aurka, herrien eta jendearen askatasunaren alde.

Konbentzioko gudan armada iraultzailea (ehun mila soldadu), Euskal Herrira heldu zen 1794an, Iparraldean Foru Zaharrak suntsitu zituzten frantziarren “berdintasunaren” izenean eta “oso frantsesak” ez omen ziren lau mila euskaldun Landetaratu zituzten, “euskara baizik ez zekiten haiek”, beren ondasun guztiak konfiskatu eta saldu. Bizirik irten zirenak itzuli zirenean kale gorrian utzi zituzten ezer gabe, mila eta bostehun hildako izan omen ziren, Sara ingurukoak gehienak.

1794ko abuztuan Hendaia eta Irunera heldu zen Frantziako armada (ehun mila soldadu); muga zaintzen zuen armada espainiarraren burua, Colomera jeneralak, beldurtuta ihes egin zuen Hernanira, Tolosara eta gero Ebro ibaitik beste aldera Mirandara, Espainia aldera, Gipuzkoa guztia desbabestua utzita. Getariatik Espainiako armadako itsasontziek ere ihes egin zuten.

Donostia plaza militarra zen Motako gazteluarekin, harresiekin gaur egungo Bulebarrean, kainoiekin eta ihes egin zuten soldaduekin. Mitxelena ospetsua zen alkatea, ikusirik ez zuela inolako aukerarik hiria defendatzeko, Frantziako armada buruarekin (Moncey jenerala) negoziatu eta Donostiako giltzak eman zizkion tirorik bota gabe 1794ko abuztuaren 3an. Donostia frantsesa zen borrokatu gabe. Hondarribia ere.

Madrilen, borboien kortean eta Godoy presidenteak traiziotzat hartu zuten, euskaldunok “odolaren azken ttanta isuri behar genuen aberriagatik”, Espainiagatik alegia, kontuan hartu gabe armada espainiarraren ihesaldi lotsagabea jakina.

1794ko abuztuan Gipuzkoako egoera ikusita, Batzar Nagusiak bildu ziren Getarian (46 batzarkide) frantsesekin negoziatzeko. Batzarkideek aldarrikatu zuten Gipuzkoako 1.200. urtera arteko independentzia, Foruak, erlijioa, ondasunak errespetatzea eta frantses armadan ez borrokatzea besteen artean. (Dokumentu originalak Foru Aldundian zeuden kutxa batean zigilatuta baina desagertuak omen daude).

Iraultzaile frantsesek ez zuten Independentzia onartu baina bai Gipuzkoa eranstea Frantziako Errepublikara. Erantzuna izan zen Independentzia aldarrikatzeko botereak zituztela baina ez eransteko Frantziara. Gipuzkoa iraultzaile frantsesa izango zen borrokatu gabe. Abuztuaren 26an, jeneral frantsesek (Pinet eta Cavainac) aspertuta atzeratzeko jarrerarekin, Gipuzkoako 44 batzarkideak atxilotu eta Baionako Ziudadelan amaitu zuten preso, gillotinaren beldur. Gipuzkoako Aldun Nagusi ohia Jose Romero eta Joakin Aldamar batzarkidea Donostian utzi zituzten harremanetan jarraitzeko.

Egoera ikusirik, Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan (ordezkariak zituzten Getariako negoziaketetan) asko gogortu ziren frantsesen aurkako borrokak, ikusi zutelako ezin zela negoziatu beraiekin. Frantsesek eraso zituzten Ermua, Eibar (114 etxe kiskaliak), Ondarroa, Berriatua, Mutriko, Bergara… Kontraerasoak izan ziren, eta guda asko gogortu zen.

Abuztuaren 16an, Donostiako kapitulazioa ere ez zuten errespetatu, Mitxelena alkatea kendu eta hamabi laguneko batzorde bat izendatu zuten, gillotina paratu zuten plaza Berrian jendea beldurtzeko, errepresioa, lapurretak, konfiskazioak, bortxaketak eraginez, jendearen aurka, elizak lapurtu, apaiz, zein moja atxilotu eta Baionara eraman preso.

1794ko udazkena eta negua oso gogorrak izan omen ziren, gainera tifusa eta beste gaitz batzuk zabaldu ziren, jende asko hil, soldaduak ere noski.

Parisen ere aldaketak izan ziren, Errege tiranoen aurka gogor borrokatu baina herrien “askatasuna” defendatu, Robespierren izua baztertu eta iraultzaren alde zeuden herriekin, negoziatu eta kolaboratu. Jabetu ziren borrokaren bidez zaila zela Euskal lurraldeak konkistatzea eta gainera Parisen interesak aldatu ziren, bakea nahi zuten hegoaldean, tropak Europara eramateko.

Catalunyan oraindik okerragoa izan zen, Figueres-en, armada espainiarra (hamar mila soldadu) errenditu zen borrokatu gabe eta katalanak bakarrik utzi zituzten frantsesen aurka borrokatzeko, Euskal Herrian bezala. (Gero mendekuz Espainiako gobernuak Figueres eta Roses eraisteko dekretuak sinatu zituen, epaiketak eta heriotza zigorrak).

Espainian ere erregea Carlos IV.a eta Godoy egoera oso txarrean zeuden, dirurik gabe beti bezala, gerra, desertzioak, Independentzia aldarrikapenak Catalunyan eta Euskal Herrian, ondorioa: negoziatu egin behar zen bakea. Suitzan, Basileako bake ituna negoziatzen hasi ziren Paris iraultzailea eta Madrilgo monarkia absolutista, alde batetik Barthelemy eta bestetik Domingo Iriarte.

Euskal Herrian nabarmena izan zen Romero eta Aldamar enziklopedisten eragina aldaketan, borrokatu beharrean, negoziatu egin behar zela Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Aldundiekin, nahi izanez gero zerbait lortu, bestela alternatiba, gerra bortitza.

1795eko udaberrian negoziaketak eta giro aldaketak fruituak ematen hasi ziren, apirilaren 20an, Donostiako alkatetza itzuli zioten Mitxelenari, hamabi afrantsesatuen batzorde basatia baztertuz, zigortuz eta indemnizazioak emanez Donostiako kaltetuei. Beste herrietan jatorrizko udalbatzak berreskuratu zituzten ere. Batailak gutxitu ziren, “konfidantza” areagotu zen eta giroa hobetu.

1795eko maiatzaren 10ean, Jose Romerok (Gipuzkoako Aldun Nagusia) Donostiako Batzar irekia deitu zuen, zinegotziak eta donostiarrak bildu ziren Parte Zaharreko plaza Berriko udaletxe zaharrean. Frantses Herriaren Ordezkaria zenak Chaudron Rouseau-k, botereak itzuli zizkion jatorrizko Gipuzkoako Batzar Nagusiei, Getarian 1.200 urtera arteko Independentzia aldarrikatu zuten batzarkideei, alegia, Gipuzkoa Independientea zen 1.200. urtera arte bezala, Nafarroako Erresuman.

Donostiako Batzar irekiak aho batez ratifikatu zituen proposamenak eta indarrean jarri zituzten 1794ko abuztuan Getariako Batzar Nagusiek hartutako erabakiak, Gipuzkoako Independentzia alegia. Akta sinatu zuten Jose Romerok Gipuzkoako Aldun Nagusiak eta Donostiako jatorrizko idazkariak besteen artean.

Gudak jarraitzen zuen, jatorrizko udalak eta Aldundiak berrezarrita, iraultzaile frantsesen armadak konkistatzen jarraitzen zuen oposiziorik gabe, Espainiako armada ihes eginda zegoelako. 1795eko uztailean Bizkaiko Aldundiak kapitulatu zuen Gipuzkoako Aldundiak bezala eta egun batzuetara Arabako Aldundiak. Gerrako frentea Ebro ibaian kokatu zen.

Gerra bukaera 1795-7-25ean: Suitzan, Basileako bake ituna sinatu zuten, alde batetik Frantziako Errepublika iraultzaileak eta bestetik Españako monarkia absolutistak (Barthelemy eta Domingo Iriarte). Frantziak konkistatutako Hego Euskal Herria (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa) saldu zizkion Espainiari, trukean San Domingo (gaur egun Dominikar Errepuplika, Haiti) uharte erdia (beste erdia frantsesa zen) ordaindu zion Espainiak Frantziari. Negoziatu zuten ere Espainiak ez zuela errepresiorik erabiliko frantsesen alde kolaboratu zuten euskaldunekin.

Armada frantsesa Hendaiara erretiratu zen eta Hego Euskal Herrian armada espainiarra sartu zen 1.200. urtera arteko Independentzia galduz.

Espainian, Madrilen, Carlos IV.a, Godoy eta espainiarrentzat, traizio gordina, lurraldea eta odola kosta zitzaiona “España aberriari”. Mendekua behar zuen traizio latza, baina ez ziren ausartu urte horietan egiten, armada frantsesa bertan zegoelako.

Espainiak hitza jan (beti bezala) eta errepresioa erabili zuen jakina, ahal izan zutenek, jauntxoek, Romero, Aldamar eta beste asko, ihes egin zuten Frantziara eta harrapatu zituzten guztiak, Mitxelena kasu, epaituak eta zigortuak izan ziren Iruñean traidoreak bezala.

1808an, Napoleonek engainatuta, bildu zituen Baionan elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako borboi erregeak Carlos IV.a eta bere semea Fernando VII.a. Napoleonek biak espetxeratu zituen eta bere anaia zen Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege. Napoleonek Espainiari aurreneko Konstituzioa eman zion Baionakoa eta bere anaia Madrilera bidali zuen armada frantsesarekin.

Aliatuek (espainiarrak, ingelesak eta portugesak), jeneralak Castaños eta Wellington, borrokatzen hasi ziren frantsesen aurka Espainiako independentzia gudan, lehen garaipena Bailen herria. 1812an Cadiz-ko konstituzioa asmatu zuten, Baionako Napoleonena plagiatzen. Sarraskiak egin zituzten populazioaren aurka Badajoz-en eta Ciudad Rodrigon… 1813ko ekainean Gasteiz konkistatu zuten baina ez zuten arpilatu.

1813ko uztailean, aliatuek (espainiarrak, ingelesak eta portugesak) Donostia frantsesa azken bost urtetan, setiatu zuten, bi mila soldatu omen zeuden hirian, kanpoan berriz “aliatuak” ehun mila. Aurreneko erasoa uztailaren 25ean egin zuten aliatuek, baina Rey jeneral frantsesak eutsi egin zion eta ehundaka soldadu aliatu atxilotu zituen. S. Bizente elizan preso hartu eta aitortu zuten Castaños jeneral espainiarren agindua zutela donostiar guztiak hiltzeko eta Donostia erretzeko.

Donostiarrak beldurtu ziren, denek gogoratzen zuten Basileako bake ituna eta San Domingo uhartea betiko galdua zela Espainiarentzat eta ezaguna zen mendeku gosea. Gestioak egin zituzten egia jakin nahian eta Wellingtonen laguntzailea zen Alaba jeneral espainiarrak erantzun zien, “ez egiteko kasurik gradurik gabeko soldaduei…”.

1813ko abuztuaren 31n, Wellington berak agindu zuen bigarren erasoa eta aliatuek, espainiarrek, ingelesek eta portugesek, Donostia guztia lapurtu, emakume guztiak bortxatu eta etxe gehienak propio kiskali zituzten, Castaños jeneral espainiarrak mendekuz agindu bezala.

Gernikan 124 urte beranduago bezala, Espainiaren mendekuak esplikatzen du Donostiako sarraskia 1813an. Gero bazterrak nahasteko “gorriek” su eman omen zioten Donostiari…

Donostia 1813ko abuztuaren 31n. Sarraskia eta bortxaketak zergatik?

2 pentsamendu “Donostia 1813ko abuztuaren 31n. Sarraskia eta bortxaketak zergatik?”-ri buruz

  • Gutxi ezagutzen den pasadizoa, Gipuzkoako 1794ko independentzia deklarazioarena. Gure historiari diogun mespretxuaren beste erakusle argi bat.
    Oro ez da urre, ordea.
    Eibarko udalak, independentziarena jakin zuenean, Gipuzkoako hermandadetik atera eta Bizkaiko jaurerrian sartzeko eskaera egin zuen. Arrasatek Batzar Orokor alternatiboak deitu zituen, foruaren aurka, Gipuzkoa barnealdeko herri askoren babesarekin, Espainiari leialtasuna adierazteko, (barne independentzia deklarazio moduko bat). Ikaragarrizko tentsioak sortu zituen independentziaren pasadizoak Gipuzkoa kostaldeko (eta bereziki Donostiako) herri merkatari frantses-zaleen eta barnealdeko herri espainiar-zaleen artean.

  • Dena den, betiko aintza eta argia Gipuzkoako independentziaren heroiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude