Doktrinamendua
Berrogei urteren buruan –guti goiti-beheiti–, oraindik oroitzen naiz. Ez xehetasun guziekin, ordea. Ez dakit asteburua zen, edo astegun bat. Ez dakit bazkaldu eta berehala izan zen, edo arratsaldean, eta ohatzera joateko tenorean –baina erranen nuke ez zela goizean izan–. Ez dakit aitarekin batera telebistaren aitzinean ote nintzen, edo jostetan ari nintzen egongelan, aitak telebista ikusi bitartean. Ez dakit saioa zein zen, Espainiako lehen edo bigarren katean zen –baina Espainiako kate publikoan zen, hori badakit–. Badakit –edo hala nago, behinik behin– abeslaria emaztekia zela, eta beltza –eta horregatik, uste dut estatubatuarra zela–, eta, batez ere, badakit kantak “Ordinary people” zuela izena. Baina, batez ere, iltzatua dut gogoan aurkezleak, artistaren eta abestiaren izenak azaldu ondoren, gaineratu zuen komentarioa: “ordinary people; alegia, jende normala –gente normal–, ez jende baldarra –no gente ordinaria–, ez baita gauza bera”. Eta, gauza ororen gainetik, aitak horren harira erran zidanaz oroitzen naiz: “Bai, ingelesa ez baita espainola bezain hizkuntza aberatsa, falta ditu espainolak dituen ñabardura anitz”.
Berrogei urteren buruan, ez dakit jostetan ari nintzen edo telebista ikusten, ez dakit kanta gustatu edo aspergarri mortala iduritu zitzaidan, baina aitak errandakoa –ingelesa jakin gabe, baina asmo onenarekin, hau da, ikuspuntu egokia ematen ari zitzaidalakoan– nire baitan altxatu nuen, ongi altxatu ere. Aberastasunari eta adierazkortasunari dagokienez, espainola ingelesaren gainetik paratzen zuen komentarioak ez zuen, halere, ondorio praktikorik izan: haurtzaroan ez nuen hizkuntzen balioen gaineko inongo tertuliatan parte hartu, eta susmoa dut gaia ez zela inoiz atera lagunarteko solasaldietan. Ingelesa, bertzalde, normal ikasi nuen, edo normal baino hobekixe: hasieratik gustuko izan nuen, eta fite hasi nintzen denbora pasatzen gogoko nituen abestien eta, batez ere, Queen taldearen letrak gaztelaniara itzultzen; hitzez hitzeko itzulpen literal zentzurik gabeak izaten ziren, maiz originalak baino aise ilunagoak, baina hori bertze kontu bat da.
Gero, nobelak hasi nintzen irakurtzen ingelesez, eta uda batean gurasoek Ingalaterrara igorri ninduten; eta, halako batean, naski Jorge Luis Borgesen eraginpean, Borgesek behin baino gehiagotan goraipatzen baitu ingelesa espainolaren kalterako, zera pentsatu nuen: “Bada, ez, ez da egia, ingelesa ez da espainola baino pobreagoa; are gehiago, hiztegiari dagokionez, aise aberatsagoa da”. Zerua ez zen urratu, ez zen lurrikararik izan, oinaztura bakar batek ere ez zuen lurra jo, baina niretako harrigarria zen kontzientzia hartze hark, edo argia ikuste hark zekarren ondorioa: aitak errana zidan gauza bat ez zen egia.
Baina ez zen Bukarest Hungariako hiriburua dela erran izan balit bezala. Ez zen akats faktuala. Aitak, oharkabean, topiko bat helarazi zidan, airen dabiltzan eta maiz sobera hausnartu gabe onartzen ditugun ideia horietarik bat.
Aitak pasatutako topiko faltsu horrek, berriz diot, ez zuen –nik dakidala, bederen– eragin praktikorik izan nigan, baina batzuetan digeritu gabeko jakinduria puska horiek arrastoa uzten dute: euskaran, adibidez, ikasle hasiberri gehienak euskara zaila den ideiarekin etortzen dira, eta, horren ondorioz, zenbaitetan espantuka kexatzen dira berez zailtasun berezirik ez duten gauza batzuk direla eta. Hizkuntza bakoitzak duen prestigioa ere sartzen da jokoan: goseak nago esamoldeak eztabaidarako eta protestarako bide ematen ohi du –baina hori zer da, tengo hambre o estoy hambriento?–, ingelesezko I’m hungry zer den, tengo hambre o estoy hambriento, galdegiten zaien artio.
Aitak, berriz diot, ongi ari zelakoan helarazi zidan okerreko topiko hori, oharkabean doktrinatu ninduen espainolaren aldeko sinesmen oinarririk gabean. Seguru naiz guraso guziek, hein batean edo bertzean, topiko kopuru jakin bat transmititzen diegula gure haurrei, eta batzuetan zaila dela heziketa doktrinamendutik bereiztea. Gure umea, adibidez, libre penseur atera zaigu, eta oporretan eliza batean sartzen garen aldioro bere iritzia argi utzi nahi izaten du: eliza, eraikina alegia, arrunt polita da, baina iraganean pasatu egin ziren jainkoarengan zuten sinesmenean, jainkoa –Olentzero ez bezala, konparaziorako–, mito bat baita. Hori erraten duelarik, nire itzala ikusten dut haren iritzi irmo horretan –Olentzerori dagokiona kenduta–, baina lasaitu egiten nau ikusteak nireak ez diren arrazoiak ematen dituela bere ikuspuntu hori defendatzeko.
Doktrinamendua, akaso, hau izan daiteke: zerbait sinetsaraztea, zerbait hori kritikatzeko edota defendatzeko tresnarik eman gabe. Berriki, egunkarian ikusi dugu –argazkian, ikaslearekin eta irakasleekin batera, gure kontseilari maitea– nor izan den ¿Qué es un rey para ti? (Zer da errege bat zuretako?) leihaketaren irabazlea Nafarroan –uste izatekoa da mendebaldeko probintzietan ere irabazleak izan direla, leihaketa Espainia osoan egin baita, eta, hedaduraz, baita Hego Euskal Herri osoan ere–. Opusen Redin eskolako mutil bat –barkatu erredundantzia–. Haren marrazkian, erregeak espainolak euritik –euri metaforikotik– babesten ditu Espainiako bandera daraman guardasol batekin. Doktrinamendua hau ere izan daiteke: galdera baten mozorropean, asmakizun bat proposatzea; erantzuna ez da irekia, ez da hausnarketa baten ondorioa izanen, aldez aurretik emandako erantzun zuzena asmatu egin behar da, baina galdera ez da preseski zein den Hungariako hiriburua, Bukarest edo Budapest. Bertzenaz adierazia: bere iritziz errege bat zer den azaldu nahian, teknika zoragarriarekin ikasle batek Espainiako bandera batean bilduta herritarrei odola xurgatzen dien bizkarroi bat marraztu izan balu, izanen ote zuen lehia irabazteko aukerarik batere?
Joan den astean, uniformea eskatzen duen eskola batera joaten diren haur batzuek lehen jaunartzea noiz egin behar duen galdegin zioten gure semeari, eta honek ezetz, ez duela egin behar. Nonbait, arras arraroa dela erran zioten –aitaren antza du horretan, baina ez dakit hori sobera ona den–, haiendako imajinaezina omen baita jaunartzea ez egiteko aukera. Gureak, ordea, –baina akaso bere kalterako da– badaki bat jaunartzea egiten ahal dela –edo ez–, erdalduna izaten ahal zarela –edo ez– eta erregeak ez direla nahitaez onak. Eta horregatik kontent nago, seguru bainaiz noizbait katoliko edo monarkiko edo erdaldun bihurtuko balitz, horretarako motiboak izanen lituzkeela. Berak hausnartuak, erran nahi baita.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Nik esanen nuke gaztelania ingelesa baino aberatsagoa eta baliabide gehiagokoa dela, behintzat, alor batean: irain eta madarikazioetan. Me cago en la leche (que te han dado), I shit in the milk bezalako genialitateak adituta, aho zabalik gelditzen dira anglosaxoiak, haiek ez baitute horrelako esaerarik… Aitor dezagun: espainolez maldizioka aritzea eztia dastatzea bezala da.