Elhuyar aldizkaria: DNA ez da dena

Biki monozigotikoek izaten dituzte bata bestetik bereizten dituzten ezaugarriak. Eta, adinean aurrera egin ahala, gero eta gehiago. Desberdintasun horiek, ordea, ez dituzte geneetan gordeta izaten. Gauza bera gertatzen da norbanako bakoitzaren zelulekin: zelula guztiek dute informazio genetiko bera. Kristalinoko zelulek, ordea, antz txikia dute urdaileko zelulekin, edo giharretako zelulekin. Desberdintasuna, kasu guztietan, informazio genetikoaren espresioan dago.

 

Geneen espresioan eragiten duen faktore-multzoari epigenoma deritzo, eta otsaileko Elhuyar aldizkarian kontatu dugu zer den epigenoma, nola eragiten duen geneen espresioan, eta zer garrantzia duen horrek, adibidez, gaixotasunetan. Horretarako, Manel Esteller ikertzailea izan dugu lagun. Minbiziaren epigenetika ikertzen du Bellvitgeko Ikerketa Biomedikoko Institutuan, eta erreferentziazko pertsona da epigenetikaren arloan.

Beste erreportaje hauek ere landu ditu Elhuyar aldizkariak: Elkarrizketa: Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea. Euskadiko ikerkuntza lehiakorrago egiteko nazioarteko puntako ikertzaileak erakarri behar direla dio Fernando Cossíok. Eta harrobia bultzatzea eta ibilbide zientifikorako azpiegitura-sare egokia eraikitzea beharrezko jotzen ditu; BERBATEK: euskarazko hizkuntza-teknologiak martxan. Berbatek proiektuaren helburuetako bat ikerketa erabilera praktikora bideratzea izan da. Hala, hiru demo sortu dira: zientzia eta teknologiako bilatzaile semantiko multimedia bat, dokumentalen bikoizketa automatikoko demo bat, eta hizkuntzen irakaskuntzarako tutore pertsonal bat. Igor Leturia izan da proiektuaren zuzendaria, eta haren eskutik ezagutuko ditugu emaitzak; Fukushimaren lezioa. Fukushimako hondamendia gertatu zelako urteurrena iristear denean, kontuak aurkezteko garaia iritsi zaie zentraleko arduradunei eta Japoniako gobernuari. Bitarte horretan, zenbait adituk beren iritziak eta azterketak plazaratu dituzte, eta askok Fukushimakoak lezio garrantzitsuren bat irakatsi diela aitortu dute; Monopolo magnetikoaren bila. Fisikari batzuek esaten dute monopolo magnetikoak existitu behar duela, kalkulu teoriko batzuek hala adierazten dutelako; beste batzuek esaten dute fantasia bat besterik ez dela. Nolanahi ere, modako gaia da puntako laborategietan.

Elhuyar aldizkaria  dagoeneko salgai dago, liburu-denda nagusietan eta Elhuyar.org webgunean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.