Estrategia abertzalea hegoaldean. Zein?

Estrategia abertzalea hegoaldean. Zein?Ondoko dokumentuak ekarri bat gehiago izan gura luke abertzaleon arteko eztabaidari ETAren azken erabakien ondoren irekitako garai berrian. Dokumentuak, bere luzean, pozik jasoko lituzke erantzunak, eztabaidak, ekarpenak, eta iruditzen bazaizu, bazter berrietara zabaltzea ere.

 

Estrategia abertzalea hegoaldean. Zein?

ETAk armak isildu bide ditu. Hala biz. Hala bedi. Aurrerantzean estatuek bakarrik jarraituko dukete indarkeria antolatua erabiltzen gure kontra. Hortik aurrera agian hasi gintezke gure borrokaren etika berreskuratzen urte askoren ondoren. Eta beharra behintzat badugu.

1977an, artean ez genekien ze euskarri eduki zezaketen herritarron artean gure proposamen abertzaleek. 35 urte eta gero, eta mota askotako hauteskundeen ondoren, badugu hegoalde honen gutxi gorabeherako argazkia [http://www.euskadi.net / http://www.navarra.es / http://www.infoelectoral.mir.es/]. Gaurko Gipuzkoan boto abertzalea %65 inguru dabilkigu; Bizkaian %60ren biran; Araban %45; Nafarroa Garaian %20. EAEn batez beste %60. Hegoalde osoan ere %50 inguru. Ondo. Ongi?

Bestelako irakurketa: Hegoaldean herritarren erdik bozkatzen du oraindik euskaldun baino espainolago-edo. Nafarroan %80k. Araban ere hainbatetan dira gehiengo. Ikuspegia ilunxeagoa da beraz lurraldeka, …, independentzia helburu. Nola-eta ez garen jadaneko hasten Gipuzkoa-Bizkaia soilen independentzia aldarrikatzen. Eta hauetan ere nolanahi, boto espainolagoa-edo ez da erditik horren urrun (%35-40). EAEko hiru hiriburuetan gainera, boto abertzalea, 5 puntu inguru txikiagoa da oraindik herrialdean baino. Iruñean aldiz, eta kontuan hargarria da, 5-10 puntu handiagoa da, Nafarroa Garai osoan baino.

35 urteotan abertzaleok izan ditugu emaitza hobeak. 1985-90 tartean denera izan gintezkeen %60-65 ere hegoalde osoan. Geroztik ordea nahikoa emaitza okerragoak ere izan ditugu, une eta hauteskunde motaren arabera. Abstentziora joan den botoa, espainolago edo abertzaleagoa izan. Baina, batez beste, 35 urteren buruan 5 puntu inguru galdu bide ditugu EAEn. Are 10 Araban. Zenbateraino izan zitezkeen gaur egun gauzak bestelako, 5 puntu galdu ordez, 5 puntu irabazi izan bagenitu! Gipuzkoan %75 bagina, Bizkaian %70, Araban %60-65. Nafarroan ere agian ibili gintezkeen %30…etatik nahikoa gora.

Aitortu beharko beraz, urteotako estrategia abertzaleak ez ditugula izan desio bezain eraginkor behintzat. Eta hanka sartzeetan horietan abertzale guztiok izango ditugu gure ardurak. Nork bereak. Bestaldetik ere denok aitortu beharko dugun bezala, abertzale guztion lanak ekarri bide gaituela, azken 55 urteotan herri honek bere sendotze bidean emandako aurrerapauso batere txikiak izan ez direnetan, bereziki EAEn.

Kontua da hemendik aurrera nola jarraitu eta hobetu genezakeen lan hori, herri honen euskal egituratzen aurreratzen, eta gure independentzia sentimendua, aldarria, eta hau gauzatzeko aukera indartzen, lau lurraldeetako gehiengo sozialean. Bereziki, hau oraindik kolokan edo urrun dugunetan. Ze, oraindik nabarmen irabazi beharko ditugu, gaur egun oraindik bategatik edo bestegatik, euskaldun baino, espainolago-edo bozkatzen duten sektoreak. Oso bereziki, gazteenena. Etorkizuna. Hori dugu abertzaleok erronka.

Garai berria

Borroka armatua baztertuta, abertzaleok errazago beharko genuke izan, orain itzultzea, Monzonen Txibertako elkarrizketen espiritura, eta dimentsio guztiz berri batean. Nahi dugu?

Ze, asko eta askori entzunda, balirudike ez dela hori orain kezka. Eta aldiz ezinbestean erabaki behar dena ordea ote den hegemonia nork eskuratuko duen abertzaleon artean. Eta nire ustean ere, ezin da hori izan orain gure lehentasuna. Ez da hori hazteko bidea. Ez dizkigu gure arteko borrokak erakarriko oraindik bat edo bestegatik espainolago-edo sentitzen direnak. Eta hori gabe, ez batzuon ez besteon hegemoniak eramango gaitu inongo independentziatara, hau asteburuetan aldarrikatu soilik edota asteko egun guztietan amorru betean. Gutxiago inoren hegemonia absolutuak, hegemoni baztertzaileak, …, lurraldeka banaturikoak…

Noren mesedean izan liteke abertzaleok beste 35 urte elkarren etsai ematea, estrategia abertzale-on-soila-nahiko-ez-eta, onenaren eztabaidan, edo independentzia asteko zenbat egunetan oihukatzen dugun neurketan? Eta bitartean beti elkarri mokoka sututa eguneroko politika sozio-ekonomiko egoki(en)aren aitzakian, … Eta “gure helburu abertzaleen” arerio handienak lez salatuz guk nahi bezalakoak ez diren beste abertzale guztiak, …, eta ez partidu espainol inposatzaileak.

Helburua mugimendu abertzalea zabaltzea bada, abertzaleok lehenik erakutsi beharko dugu gauza garela geure artean ongi konpontzeko eta elkarrekin nazio proiektu serioa bideratzeko, hau erakargarri bihurtu ahal izateko inoiz gure ondokoentzat. Eta gainera, proiektu horren mesedean, gai garela bigarren maila paktatu batera ekartzeko -ez zertan ahaztu- gure arteko desberdintasunak, bestelakoan guztiz legitimoak direnak, eta are mesedegarriak, beste guztiak bezalako garen herri plural batean. Eta hori, zeinahi ere delarik unean-unean gure arteko sektore indartsuena edo ahulena. Lurralde batean edo bestean. Garai batean eta bestean. Eta oso bereziki, gauza garela gehiengo abertzaleko gobernuak osatzeko, elkarrekin edo elkarren laguntzaz, zenbakiek aukera ematen diguten guztian. Eta are gehiengo abertzale horretara erakartzeko unean-unean beste aukera politikoak ere. Independentzia lortu arte behintzat. Maltzagarainoko bidean Monzonekin, fronte nazionalean Txillardegirekin, denon Lizarra-Garaziko errege-bidean. Garbiago?

Abertzaleok aitzakiarik gabe exijitu behar diegu daborduko gure alderdiei, unean uneko ageriko edo diskreziozko negoziazio mahaitik ez altxatzeko hitzarmena lortu arte. Era zibilizatuan paktatzeko adostasun eremuak, eta ere, desadostasunen kudeaketa. Eta ondoren gogotik saiatzeko gainera akordiook espiritu demokratikoan zabaltzen beste hautatuetara, gutxiengoan osatu gobernuek temaz egin behar izan ohi duten legez. Unean-unean abertzaleekin integratzen saiatuz ere ahalik eta boto espainolago-edo gehien. Gure gobernu eremuen kudeaketa zabal demokratiko zintzoak bihurtuko gaitu bereziki erakargarriago gehiengo ez garen dermioetako biztanleentzat ere. Oso bereziki, abertzaleon jokoa ezin da gehiago izan, gure mahaitik altxatu, kulpa lehenbailehen beti besteari leporatu, eta korrika paktatzera joan gure zatiketa eta ahultzea baino bilatzen ez duten partidu espainolekin.

Tolerantzia

Bide horretan, gaur artean maiz ez bezala, tolerantziak izan beharko du abertzaleon ezaugarri nagusi bat. Eta ez da erraza izango, 35 urteko desadostasun armatuen ondoren. Behingoz agerian onartu beharko dugu denok, herri hau eta abertzaletasuna aurrera joango bada, oso sentsibilitate desberdinekin joango dela aurrera. Gure eskuinarekin eta gure ezkerrarekin. Eta bestela ez garela joango. Eta gainera, batzuk zein besteak oso bereziki ezinbestekoak garela guregana hurbildu nahi baditugu oraindik espainolagoak-edo sentitzen diren sektoreak.

Ulertu beharko dugu, munduko beste herri guztietan bezala, aniztasunak aberasten gaituela, eta ez pentsamendu bakarrak. Eta gizarte oro, gurea ere, denboran barrena, erdi eta erdi banatu dela beti, ezkerrago eta eskuinagokoen artean, eta erdi eta erdi banatuko dela ere beti, zeinahi parametroren erdia harturik ardatz. Eta kasu honetan ere, bertutea, eta errealitatea, eta justizia…, hain segur, erdirantz ote dagokeen, eta ez muturretan. Eskuin eredu Reagan-Thatcher-Pinochet txikagoar inperialista armatu faxistizante, edo ezker eredu stalinista kanputxear polizial diktatorialetan bainoago, hor nonbait, eskuin-erdiranzko humanistenen eta ezker-erdialderako sozialdemokratenen artean edo. Erdibide hori, eskuin-ezkerren arteko paktuz eskuratu, edo hauen txandaketa demokratikoan.

Gurean, kontua da, erdiko “onbide” hori kontzienteki lortuko nahi dugun abertzaleon arteko akordioz, edota nahiagoko dugun lortu, noiz PP/UPN/EAJ-edo aliantzaz, noiz PS/ezker-abertzaleen-edo artekoz. Emaitza soziala azken batean, berdintsua izanen da denboran aurrera. Baina bigarren bide honetan eraikiko dugun nazioa ordea, espainola.

Eta ez dakit ea ote garen jada zenbaitetan hala ari, Kutxabanken, Gipuzkoako Aldundian, Bizkaikoan, partidu espainolekin eztabaidatuz gure artean baino lehenago, EAEko erakundeen balizko berregituratzea, balizko bake prozesuen bideak …

Nolanahi ere den, inork nire lumak ikusi usteko baditu ere, nik gaur egun oraindik hainbat hurbilago ikusten dut EAJ-eta eskuin-erdialderako joera humanistatik bere tradizio eta praktika kristau-demokrata-edo itxurakoan -gehienean oso urrun oraindik, nire ustez, PP/UPN itxurakoen eskuin kazikeen lotsagabeenetatik-, hainbat ezker abertzale-eta baino, ezker-erdiranzko joera sozialdemokratetatik urtetako maila guztietako erradikaltasunen ondorio. Gauzak ordea, jainkoei esker, ez ohi dira izan betirakoak. Ez, seguru asko, Txillardegik behin eta berriro horren erraietatik salatutako frankismo garaiko edo ondoko EAJ-eta, eta ezta ere oraintsu bere gobernu esperientzia handienetan hasi berria den ezker-abertzalea-edo, bere gozatua ere hartuko duena, seguru asko, denboraren joanean. Jainkoak bekizkigu lagun.

 

Sektore espainolagoak-edo hurbildu

Hau ere ez da erraza izango. Eta herritar berriok, izatez gerotan, pixkanaka irabazi beharko ditugu. Lehenik, gurekiko sentsibilitate bereziren bat eduki lezaketen haiengandik hasita. Ezker edo eskuin. Gaur egun bat edo bestegatik, botoa oraindik PS/IU/EBei-edo eman ohi dietenen artetik, iragan antifrankista, demokratiko, errepublikarrenekoak, 1936tiko Eusko Jaurlaritzari lotuenak, artean 1977an Txiki Benegasekin Euskal Herriarentzat autodeterminazioa aldarrikatzen zutenak, gure garai bateko ETA politiko-militar / Euskadiko Ezkerrei lotuak, euskaltzaleenak… Baina baita ere, botoa oraindik PP/UPN(CDN/UA)ei-edo eman izan dietenen artetik, sektore are frankistak izanik gugandik hurbilekoak izan direnak, eta, ikusi nahi duenarentzat, bada halakorik ere ugari, karlismoaren sustraietatikoak, foralismo liberaletikoak, nafar-zaletasunetikoak, are euskaltzaletasunetikoak, euskaldunak… Gu hauek denak ere berriro gugana alderatzeko gai garen neurrian. Baina eta, gu beraiei hurbiltzeko.

Ulertu beharko dugu beraz ETAren azken urte askoko jardun armatuak oso urrundu dituela sektore horiek guztiak gugandik. Herritar desarmatuak mehatxatzea, tirokatzea, bahitzea, exekutatzea…, desberdin pentsatzeagatik, “besteen” partiduetakoak izateagatik, “besteen” hautetsiak izateagatik, eskatutako diruak ez ordaintzeagatik, erakunde armatua uzteagatik, norberaren lerroetatik jardun armatua kritikatzeagatik…, euskaldun izanda ere, abertzale izanda ere… Garbiketa etnikoa ez, …, eta garbiketa ideologikoa izan da. Diktadura guztien gutizia. Abertzale ez zen guztia sentitu zitekeen, sentitu da, mehatxatu. Abertzale asko eta asko ere bai. Hainbatek ez zituztela beraiek “herri honetan” nahi, eta gutxieneko, joatera gonbidatuak sentitu bide dira. Ez da egun batetik besterakoa izango horri guztiari buelta eman ahal izatea.

Borroka estrategiak euskaldunon estatu zapaltzaileen antidemokratikotasunen kontra behar zuen. Eta beharko du. Ez? Ez herritarren kontra. Nola erakarri (berriro) gugana, momenturen batean ETAren jardun armatuaren jomuga sentitu diren herritar ez abertzaleak? Edota hala sentitu diren abertzale, euskaltzale ugariak ere. Biktima zuzenei barkamenak eskatu beharko bazaizkie, barkamena eskatu beharko diogu herri abertzale osoari ere, eta areago oraindik abertzale ez den herriaren beste erdi horri-edo, urteotako terroreak, batzuon eta besteon artean ireki digun abertzaletasun amildegiagatik.

Beste bandokoek ere eskatu beharko dute. Noski. Esan dugu eta esango dugu. Baina bakoitzak berea. Eta guk gurea ja bertan, bide berrian abiatu nahi badugu. Ze, egia da, ETA ez dela aipatu hori bakarrik izan. Bereziki frankismo peko urteetan. Baina hori ere izan da.

Eta Espainiaren eraso armatuak?

Ze, estatuaren eta honen indar armatuen erasoa euskaldunoi, askoz lehenago hasten da ETA bera baino, askoz hildako eta biktima gehiago uzten du, eta ETA baino askoz harago zabaltzen da Euskal Herri osoaren kontra, “euskal” den guztiaren kontra, Euskal Herria desagerraraztea jomuga. “Dena da ETA” politikaren babesean, eta bestela. Lehenago, bitartean, eta ondoren. Eta horren guztiarengatik ez du oraindik inork erantzun, ez ordaindu. Ez erantzun, ez ordaindu nahi. Ostera, kartzeletan dira ehunka preso, iritzi hutsezko makina barne, ETArekin lotura zuzenik gabekoak…, denei ere salbuespenezko neurri antidemokratikoak eta suntsitzaileak aplikatzen zaizkienak… Eta honekin guztiarekin ere bukatu behar da. Gatazkaren ondorio dira. Eta behin berriro gogoratu beharko dugu, gatazkan, arma gehienak, ezta hurretik ere, ez direla inoiz egon ETAren aldean. Eta ez daudela orain ere, etengabe ahaztarazi nahi badigute ere.

Gatazka bukatu behar da, eta presoek ere kalean beharko dute, guztion borondate on berriaren seinale. Zinez uste dut ordea abertzaleoi ez zaigula komeni orain gure helburu hartzea, nola edo hala errepikatu nahi izatea, frankismo ondoko amnistiaren aldeko mugimendu demokratiko zabal hura. Gatazkaren orduko eta oraingo ezaugarriak ez dira ja batere berdinak. Eta seguru asko baditugu, eta zinez uste dut, bide azkarragoak helburu hori ere lortzeko.

Aldiz, irudipena dut bereziki Espainiako estatuari interesatzen zaiola oraintxe guk (gutako batzuek behintzat) itsu-itsuan heltzea borroka horri. Ze:

• Horretan ariko garen bitartean, ez gara (hainbeste) arituko Espainiako estatuari benetan min eragiten dioten gure herri eskubide demokratikoen eskean. Estatuaren benetako helburua, borroka hori ahalik eta gehien atzeratzea delako, ahultzea, eta ahal duen neurrian baztertu eta ahaztaraztea.

• Horretan zenbat eta ageriagoan aritu, are sakonago bihurtuko dugulako azken urteotan ETAren biolentziak gugandik apartatu dituen euskal herritarrenganako amildegia. Oso bereziki, azken urteotan ez garelako gu izan, ez presoak, gatazkaren biktima eta kaltetu ez bakarrak, ez handienak.

• Eta (batzuek behintzat) horretan jo eta ke ari garen bitartean, abertzaleon arteko zatiketa ere hainbat areagotuko dugulako, batzuen eta besteen abertzaletasuna juzgatu nahi izango dugun neurrian bakoitzak halako mugimendu bati emaniko atxikimenduaren metroan, beti Espainiaren mesedetan.

 Zinez iruditzen zait gainera hainbat eta azkarrago amaituko dugula ETAren borroka armatuaren kalte ondorioekin, eta preso eta iheslari guztien arazoekin ere, zenbat eta indartsuago eta batuago abiatzen dugun oraintxe gure herri eskubide demokratikoen aldeko borroka demokratikoa, eta estatuaren inposizio militar antidemokratikoen kontrakoa.

• Horren inguruan bai sano elkartu gaitezkeelako abertzale guztiok.

• Horren inguruan benetan erakarri ahal izanen ditugulako gugana euskal herritarren sektore oraindik espainol zaleagoen-edo alderdi euskaldunen eta demokratikoenak.

• Eta hain zuzen borroka horren inguruan ari garelarik, estatuak orduantxe izanen duelako interesik handien gu borroka horretatik desbideratzeko, presoena bezalako “kontzesioekin”.

 Noski, presoekin ere, gaurtik aldarrikatuko dugu, batetik, besterik ezin bezala, legea modurik eskuzabal eta demokratikoenean aplikatu dakien jada, nola bestetik, preso eta iheslarien arazoari ere irtenbide integrala emateko premia, lehenbailehen, eta euskal herritarrok erabaki moduan.

Gure eskubide demokratikoak

Azken urteotan Espainiaren aldeagoan-edo kokatu diren herritar sentiberenak berriro irabazten hasi nahi badugu, lehenik, gure, eta bere, eskubide demokratikoen defentsara erakarri beharko ditugu.

1. Euskal Herrien autodeterminazio eskubidearen alde, eta Espainiako konstituzio terroristaren aurka, euskal herritarron eskubideak terrorearen mehatxupean ukatzen dizkigun neurrian: 2. art., Espainiaren zatiezina inposatzen duena, Espainiako herrien nahien gainetik ere; 8. art., indar armatuei espres agintzen diena zatiezintasun horren defentsa Espainiako herrien borondatearen kontra ere; 155. art., berriro indarraren erabilera aldarrikatzen duena Espainiako herrien kontra, garaiko gobernuaren nahitara. Ze, hori, hori ere, terrorismoa da, tximinoa zeinahi txapelez jantzita ere. Euskaldunok demokrata guztiak bildu behar ditugu horren kontra, abertzale izan zein ez, Euskal Herrian, eta Espainia eta Europa osoan.

Euskal herritarrok bakarrik erabaki ahal izan behar dugu, bakarrik, ala Espainiarekin, edo norekin, joan nahi dugun aurrera, beste espainolen inposiziorik gabe. Bestaldetik era berean soilik Espainiak eta beste espainolek erabaki ahal izango duten bezala, bakarrik, ala gurekin, edo norekin, joan nahi duten, eta lege demokratikoan, ezingo diegu guk inposatu derrigor gurekin joan behar izatea. Elkarrekin jarraitzeko bi aldeek nahi izan beharko dugu. Eta bestela ez dugu elkarrekin jarraitzera behartuta egon behar, ala?

 2. Euskaldunon eta euskal herritarron hizkuntz eskubide eta betebeharren inguru, Espainiako konstituzioaren 3. artikuluaren berrirakurketa demokratikoa finkatuz. Eta hegoaldetar guztioi, espainola legez inposatzen zaigun bezala, gure estatutuek estatus bera eman diezaioten euskarari Nafarroa Garaian zein EAEn, modu demokratiko bakar bezala euskaldunoi (ere) gure hizkuntz eskubideak errespetatuak izan dakizkigun, gutxienez espainolez diharduenari errespetatuak zaizkion hein berean, maila publiko zein pribatu guztietan, eta zeinahi ere delarik orain, edo etorkizunean, gure erkidegoen estatus politikoa.

 3. Hegoaldetar guztiok beste maila guztietan ere izan dezagun gure estatutuetan elkarbizitza ituntzeko eskubidea, geure artean, geure lurraldeen artean, eta Espainiarekin ere, beti berdintasun maila batean eta elkarren onarpenean. Dela hezkuntzan, ekonomian, justizian, osasungintzan, polizian…, bestelako inposiziorik gabe, eta soilik elkarren borondatean paktatuz elkarren lankidetza. Edota bere kasuan elkarren banatze paktatu eta adiskidantzazkoa.

 Demokrazia eta berdintasun hitzak polit izatetik egia izatera pasatu behar dute lehenbailehen gure herrien arteko harremanetan. Bitartean ez dago demokraziarik ez berdintasunik, euskaldunontzat.

Independentzia

Independentziarako eskubidea aitortzea, eta hau egikaritu ahal izatea, baldin bada euskal herritar (eta espainiar) guztien betebehar demokratikoa, hortik aurrera, abertzaleon lana izango da Euskal Herrietako gehiengo sozialak jabearaztea, independentziak denontzako izanen dituen onurez -eta ez bakarrik abertzaleontzako-. Eta ebidentziekin konbentzitu beharko ditugu zergatik biziko garen hobeto (behintzat, hobeki bizi gaitezkeen), eta denok ere libreago -abertzaleago edo Espainia zaleago izan-, independenteak izanik, Espainiako beste herriei lotuta baino. Eta agian ez da hain erraza. Eta nekatu beharko dugu burua ere horretan.

Oskar Arantzabal, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu eta ekonomia abiatzaileak urtetan dihardukigu hori erakutsi nahian. Horretan dihardute ere gu baino indar gehiagoz Katalunian (Cercle Català de Negocis, Empresaris per l’Estat Propi kanpaina…). Hor dugu gure Gaindegia (www.gaindegia.org). Gure lehendakari ohi J.J. Ibarretxe (Orain bai…Euskal Herria: Errealitatea eta Utopia, 2011-; Small is beautiful… and powerfulBerria, Deia…-). Jim Mather Eskoziako Enpresa, Energia eta Turismo ministro ohia, Eskoziako independentziaren ondorio ekonomiko positiboak azaltzen. …

Eskoziak 5 milioi biztanle du. Euskal Herriak 3. Baina Europan azken 20 urtean sortu diren estatu gehienek dute gure antzeko biztanleria, edo txikiagoa: Estonia (1.400.000), Eslovenia (2 milioi), Eslovakia (5 milioi), Letonia (2.300.000), Lituania (3.600.000), Kosovo (2.200.000), Mazedonia (2 milioi), Montenegro (600.000). Soilik Ukrainia da handia (47 milioi). Europa iparraldean lehenago ere Norvegia (EBtik kanpo), Danimarka eta Finlandia 5 milioi biztanleren bueltan dabiltza. Islandia 300.000tan. Independentzia eskubide aitortua duen Groenlandia, 56.000tan. Luxenburgo 500.000. Malta 415.000…

Eta gero eta ikerketa gehiagok aitortzen dituzte gurearen-edo itxurako herri-nazio tamaina txikikoen abantailak XXI. mendeko munduan aurrera egiteko -potentzien aldean- molde ekonomiko orekatu, aberats, eraginkor, malgu eta moldagarrienetan, eta aldi berean demokratiko, solidario eta justuagoetan. Eta horretarakoxe nahi dugu independentzia. Herritarrok hobeto bizitzeko, gure erabaki guneak askoz hurbilago izanda estatu handi urrun hiperzentralizatuetan baino.

Eta lekuan-lekuan desberdinak bagara, izaeraz, jardun, bizi eta laneko ohitura eta moduetan, normalena da gure modu hurbilean antolatu nahi izatea gure etorkizuna. Baita ere, esaterako, gure modu propioan ekiteko gaur egunean horren latz eragiten digun krisi ekonomikoari. Ez dakit askoz modu errazagoan lotzeko gure irtenbideari, baina bai ziur modu hurbilagoan, eta ezagutzen eta kontrolatzen errazagoan. Geure hurbileko banku propioarekin, geure eskarmentu kooperatiboarekin, geure industria, nekazaritza eta itsas esperientzia aberatsekin, geure turismo propioarekin…

Gaur eguneko Euskal Herriko enpresa ekoizpena gutxi gorabehera heren batean zabaltzen bada Euskal Herrian bertan, beste bat Espainiako beste herrietan, eta azken herena Europa edo munduko esportazioetan, krisiarekin, zalantza gabe, lan asko egin beharko dugu gure produkzioaren banaketa askoz gehiago zabaltzen eta indartzen munduan, Espainia eta are Europa deprimituetatik at. Eta horretarako ere ez dugu gauza hoberik, hurbileko gobernua baino, marka propioa, eta erabaki propioak eta hurbilak baino.

Sektore espainol zaleagoek-edo independentziari eduki diezazkioketen beldurrak uxatzen

Oraindik espainol zaleago-edo diren sektoreek, zein euskal herritar guztiok, ulertu beharko dugu, euskal herritar guztion oinarrizko eskubide demokratikoak, goian hiru puntutara ekarri ditugunak edo, berdin babestu eta egikaritu behar ditugula denok, gaur egun Espainiari edo Frantziari lotuak, zein aukerako Euskal Herri independente batean. Eskubide demokratiko horiek ez dutela desberdin behar, ez euskal komunitateari dagokionean, baina ezta ere erdal komunitateari dagokionean, Espainia-Frantziari lotuak izan, zein Euskal Herria independente batean.

Eta ebidentziaz sinestarazi beharko diegu gaur egun oraindik nagusi diren erdal komunitateei, euskaldunok ez diegula besterik eskatzen, jadaneko elebidun bihurtzea baino. Beraiek guri erdarak legez inposatzen dizkiguten bezala, ordain justu eta demokratikoan. Baina ez bakarrik, balizko Euskal Herri independente batean, baizik eta jada gaur egunetik hasita Espainiari edo Frantziari lotuak ere. Eta bereziki, egoera hori ez dela aldatuko balizko independentziarekin. Are denborarekin bereziki defenditu beharko badira ere erdal komunitateen hizkuntz eskubideak beren eskaeran.

Ebidentziaz sinestarazi beharko diegu azken urteotako ETAren borroka armatuak bestela ulertarazi baleza ere, ez dela inondik ere gure helburu, inongo garbiketa ez etniko, ez linguistiko, ez ideologikorik aurrera eramatea herri honetan, ez inor bere borondatearen kontra lur honetatik botatzea, ez lur honetan mantenaraztea.

Eta egun batean gehiengoaren borondatez Euskal Herrien independentzia gauzatzen dugunean, bereziki jarraitu nahiko dugula era guztietako harreman estuak gordetzen, Espainia zein Frantzietako herriekin, mendeetan historian, kulturan eta era orotako jardunetan herri guztiotako herritarrok partekatu ditugun elkarresparru denen izenean. Euskal Herri independentearen aukerak, ez du izan behar, eta ez da izango, anti-Espainia aukera. Espainiako herrienak anti-euskaldun izan behar ez lukeen bezala. Baizik eta aldiz, senidetasun independentearen harremana, gaur egun ere denok Europako edo Hego Ameriketako herriekin dugunaren itxurako, edo are estuagoa nahieran.

Euskal Herri independentearen aukera ezin da ere izan, eta ez da inoiz izango, isolamenduaren aukera. Baizik, munduarekin harreman berria irekitzeko hautua, gure euskal nortasunetik, senidetasun espainolarekin, frantsesarekin, europarrarekin…, guk bai dakigun espainolez, frantsesez, edo ingelesez… munduan.

Euskal Herri independentearen aukerak ere izan behar ez duen bezala, historia eta erakunde luzeko Euskal Herri eta herrialdeen desagerpena, bakoitzaren nortasuna ahalik eta modu demokratikoenean uztartuz eta errespetatuz beti, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Garaian, eta Zuberoan. Axularrez baliatuz: Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan.

Estrategia abertzalea hegoaldean. Zein?