Deus ex machina

 

5e868d8c-9245-410f-a930-803f49607100

Behin, hil eta zerura igan nintzen aingeru baten eskutik. Nor bere buruaz mintzatzeko tenorean, inportantea da tonu egokia hautatzea, eta dramatismo pixka bat eman nahi izan diot gaurko gogoetari. Tonu solemneek, halere –dramatikoak, tragikoak, epikoak–, gauza bat dute txarra: testu edo solasaldi osoan eutsi behar zaiola gero hasmentako mailari, eta, gauzak gaizki eginez gero, litekeena dela barregarri gelditzea. Nafarroan horren adibide argia izan dugu hondar egun hauetan: iduri zuen PSN heldu zela Superman baino prestuago gu guziak salbatzera, eta azkenean, bada, franko negargarria izan da dena. Are gehiago: zentsura mozioa egiteko aukera galdu izana aski ez eta orain isilik egoteko aukera ari dira galtzen gure sozialistak. Afiliatuei igorri gutun batean, aldaketa progresistarekin duen konpromisoa berretsi du Roberto Jimenezek, eta hori da, hein handi batean, Hannibal Lecterrek beganismoarekin edo Toti Martinez de Lezeak kalitatezko literaturarekin duten konpromisoa berretsi izan balute bezala. Aspaldian, lagun batek aitortu zidan haren arrebak ez zekiela bera pailazo hutsa zela; nik ez dut arrebarik, eta ez dakit ingurukoak gaurgero ohartuak diren ni ere franko pailazoa naizela, baina hori nolanahi den ere, badakit anticlimax-a eta ironia direla naski gure garaiko tropo nagusiak, eta hobe dela guk eraikitako solemnitatea lehenbailehen eraistea, kanpoko indarrek bederen bortizki eraitsi baino lehen.

 

Kontua da ez nintzela hil, eta ez nintzela aingeru batek lagunduta paradisura joan: lo gelditu nintzen bero sargoria zegoen udako egun batean, eta itzartzean hara non Bridget Fondaren aurpegia ikusi nuen telebistan, lehen planoan ikusi ere, ezin ederragoa. Bazkalondoko film kaskar bat zen –gero jakin nuen It could happen to you zuela izena, Zuri ere gerta lekizuke euskara literal baina beharbada ez sobera jatorrean–, Bridget Fonda eta Nicholas Cage protagonista zituena. Ez da azaldu beharrik aktoreak nor diren. Nicholas Cage XXI. mendeko Victor Mature da (“ez naiz aktorea, eta 100 filmek baino gehiagok frogatzen dute hori”) eta nahiko famatua da, segur aski ikusle anitz hura burutik lekutzen saiatu diren arren. Fonda ez da beharbada hain ezaguna, baina Cage baino aktore hobea da, eta oinen fetixista guziek gogoan izanen dute haren papera Tarantinoren Jackie Brown pelikulan. Filmean, Cage Fondarekin maiteminduko da –hain zuzen ere, iratzartzean harrapatu nuen pasartean; segur aski horregatik iduritu zitzaidan Fonda hain edertasun sublimekoa, amodioaren tranpan erortzen ari zen Cageren begiekin ikusi nuelako–, eta Fonda Cagerekin, eta dena arrunt polita izanen zatekeen, ez balitz Cage ezkondua zegoelako, hori maiz oztopo izaten baita harreman berriak hasteko bidean. Nolanahi ere, fite haren emaztea ezagutuko dugu: emazteki itsusia, zakarra, desatsegina eta, oro har, gorrotagarria; eta berehala jakinen dugu, gainera, amorante bat duela, bera bezain itsusia eta erdipurdikoa, baina diruduna. Azkenean, Cage –bihotzak bulkatuta– emaztea utzi ez utzi erabaki ezinean zebilelarik, emazteak abandonatuko du –sosak erakarrita– bere maitale aberatsarekin ihes egiteko.

 

Horrela, zuzendariak edo gidoilariak edo biek batera bi kolpe eman zituzten harri batez: a) erakutsi ziguten emaztea ez zela Cageren pertsonaia samur eta sentiberaren mailakoa, eta, hortaz, merezi zuela Cage bertze batekin maitemindu izana; eta b) erabaki latz eta itsusi bat hartu beharraren zama kendu zioten gainetik heroiari. Hau da, gidoilaria edo zuzendaria edo biak batera kanpotik etorri ziren fikzioko protagonistaren problemak konpontzera; edo, bertzela erranda, deus ex machinarena egin zuten. Horri esker, pitzadurarik gabeko heroiaren irudiari eutsi ahal izan zion Cageren pertsonaiak, entrenimenduzko film erdipurdiko bati dagokion bezala. Hori ikusita, ez dut erranen koleratu nintzela, baina tranpa hain zitzaidan nabaria iduritu, ordura artioko xarma guzia galdu baitzuen filmak. Gutieneko errealismoko heroi batek zirt edo zart hartuko zukeen erabakia, jakinda norbaiti sufriarazi beharko ziola, eta ontasunean galduko zuena gizatasunean irabaziko zukeen.

 

Behin Umberto Ecok galdegin zuen noren alde eginen zukeen Supermanek manifestazio batean, poliziaren alde edo manifestarien alde. Baina horrelako ataka gaiztoei buru egin beharko balie, Superman ez litzateke Superman –pieza bakarreko heroia, alegia– izanen. Eta horretarako balio dute super-gaiztoek, heroiak argi ikus dezan gaizkiaren eta ongiaren arteko diferentzia. Eta inoiz dilema moral baten aitzinean suertatuko balitz –trena ziztuan heldu da; nori lazatuko diot trenbideari lotzen dion soka, mutiko gazte miope baina etorkizun distiranteari edo lau biloba umezurtzez arduratzen den amatxi maitagarriari?–, deus ex machinak konponduko luke –lastima, bihotzekoak jota hil da amatxi, mutikoa askatuko dut– drama, arrunt hunkigarria izanda ere, heroiaren errua izan ez dadin.

 

Roberto Jimenez PSNko zer edo zer izan dugu egun hauetako protagonista eta bere ustezko heroia. Ongia eta gaizkia ongi bereizteko, Bilduri egotzi diote aho batez sozialistek super-bilauaren papera, baina, eskuetan zentsura mozio bat egiteko super-botereak izanda ere, deus ex machinaren esperoan gelditu dira: ea UPNren barneko presioak Barcina dimititzera behartzen zuen. Hondarrekoz, deus ex machina espero ez zuten tokitik etorri da, Madrildik, espero ez zuten pertsonaia salbatzera. Superheroiak aspalditik dekonstruitu zituzten eta komikietan ere ironia da tropo nagusia, baina bistan da PSN-n ez dutela komikirik irakurtzen.

 

Atzo, bazkalondoan, beti bezala, lo gelditu nintzen, eta ametsetan irudikatu nuen Roberto Jimenez itzarri eta politikoki hilda dagoela ikusten zuela. Espero dut agudo joatea hutsaren hurrengoa direnen infernura.

 

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Deus ex machina”-ri buruz

  • Espero ez zuten Deux ex machina horrek ez al du izango ezkutuko planik pelikularen bigarren zatirako gordeta? The dark knight rises edo antzeko zer edo zer.

  • Santi Leoné 2014-03-12 13:32

    Dudarik gabe. Baina balizko plan hori hondatzea da orain gure zeregina.